BERRIA.INFOk jakin duenez, atzo gauean Antonio Cubillo hil zen, Kanariar uharteetako independentismoaren ikur nagusia. 82 urte zituen. Bere sendiak jakinarazi duenez, 1978an atentatu bat jasan zuenetik osasun arazoak zituen. Ezkonduta zegoen eta hiru seme-alabaren aita zen. Azkenera arte eutsi zion independentismoari.
1930. urtean jaioa, abokatua, frankismoaren aurkako borrokan parte hartze aktiboa izan zuen. Errepresioa zela eta, 1960. urtean Parisera erbesteratu zen, eta hiru urte geroago, Aljerrera. 1978an Espainiako Estatuak ordaindutako bi mertzenario Cubillo hiltzen saiatu ziren, Aljerren.
Sozialismoa eta independentzia izan zituen ikur, eta Kanariar uharteetako jatorri afrikarra aldarrikatu zuen. Langile mugimenduan eta frankismoaren oposizioan oinarrituta, ezkerreko diskurtso independentista garatu zuen, garai hartan Afrikan gertatzen ari ziren askapen mugimenduekin lotuz.
MPAIACen sortzaile
"Guantxearen irudia inork inoiz egin ez bezala aldarrikatu zuen; kanariarra guantxe bilakatu zuen, indigena, eta horretan oinarrituta, eskubide nazionalak aldarrikatu zituen", zioen aurten Zebensui Lopez Trujillo historialariak, BERRIAren erreportaje batean: Guantxe herria, bizirik.
Aljerian harreman estua egin zuen FLN Askapen Nazionalerako Fronteko goi kargudunekin. Han eratu zuten MPAIAC Kanarietako Artxipelagoaren Autodeterminazioaren eta Independentziaren aldeko Mugimendua, zeina 1970eko hamarkadan oso aktiboa izan zen, Mikel Rodriguez BERRIAko kazetariak erreportajean kontatu zuenez.
Indar Armatu Guantxeen bidez borroka armatua ere erabili zuten trantsizioan, eta Cubillok berak esan zuen 200 bonbatik gora jarri zituztela, indar txiki eta ertainekoak. Hortik eratorriko zen urte batzuk geroago Guantxe Indar Armatuak.
Bere kontrako atentatuaren inguruko dokumentala aurten estreinatu zuten
Borroka armatua utzita, Cubillo 1985ean itzuli zen Kanariar Uharteetara, eta politikan jarraitu bazuen ere, ez zuen lortu mugimendu independentista handi bat artikulatzea. Lopez Trujilloren ustez, hein batean "iraganeko diskurtsoan iltzatuta" gelditu zelako. "Kulturalki bestela bada ere, politikan europeistek bildu dute kanariarren sektore handi baten sentimendu nazionalista", esan zion Mikel Rodriguez BERRIAko kazetariari. Cubilloren aurkako atentatuaren ondotik, MPAIAC ahuldu egin zen
Aurten, maiatzean, berari buruzko dokumentala estreinatu zuten: Cubillo, historia de un crimen de Estado (Cubillo, estatu krimen baten historia). Hilabete batera BERRIAk egindako elkarrizketan zioen "Espainiako Estatua estatu terrorismoagatik zigortu duten kasu bakarra" zela berea.