AZKEN ORDUKOA

Antonio Pampliega eta Jose Manuel Lopez BERRIAko kolaboratzaileak aske utzi dituzte Sirian

Angel Sastrerekin batera bahitu zituzten iazko uztailean.

Pampliega, Lopez eta Sastre. EFE
2016ko maiatzaren 7a
13:37
Entzun

Espainiako Gobernuko iturriak aipatuz, Efe albiste agentziak jakinarazi du Sirian aske utzi dituztela Antonio Pampliega, Jose Maria Lopez eta Angel Sastre. Iazko uztailean bahitu zituzten Sirian. Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak jada eurekin hitz egin duela dio Efek. Oraingoz ez dago informazio askorik, baina, Eferen arabera, askatzea "langile publiko askoren lanari esker eta aliatu eta lagun diren herrialdeen kolaborazioari esker" izan da posible. Horien artean Turkia eta Qatar daudela ere gaineratu du.

Antonio Pampliega kazetaria eta Jose Manuel Lopez argazkilaria BERRIAko kolaboratzaileak dira. Angel Sastrerekin batera zeudela, iazko uztailaren 12an galdu zen euren arrastoa. Bi egun lehenago sartu ziren Sirian. Bahiketak oihartzun txikia izan du, espresuki hala eskatu zutelako hiruren familiek, bilatzeko lanak errazteko asmoz. "Pazientzia, errespetua eta diskrezioa", eskatu zuten. Pampliegaren Twitterreko kontua ere kendu egin zuten.

Siriako hedabide batek argitaratu zuen Ahrar al-Xams brigadaren baimenarekin sartu zirela Sirian. Fronte Islamikoa osatzen duen koalizio islamistako talde armatuetako bat da Ahrar al-Xams. Pampliegak eta Lopezek BERRIAn bahitu baino egun batzuk lehenago argitaratu zuten azken erreportajea, ekainaren 30ean, eta, hain zuzen, kazetari bahituen gaia jorratu zuten: Estatu Islamikoaren infernua. EIk iaz exekutatutako Steven Sotloff kazetari estatubatuarraren fixer edo itzultzaile-laguntzaile izandakoa elkarrizketatu zuen Pampliegak, Yosef Abobaker siriar gaztea. Abobaker bi astez eduki zuen bahitua EIk, Alepo probintziaren iparraldean. «Psikologikoki infernua da. Bakarrik zaude, eta burua etengabe biraka dabilkizu; zure txanda noiz iritsiko den galdezka beti», kontatu zion Abobakerrek Pampliegari.

FAPE Espainiako Prentsa Elkarteen Federazioak "albiste ona" ospatu du. Elsa Gonzalez federazioko presidenteak Efe agentziari esan dionez, "prentsa elkarteek azken hamar hilabeteetan kezka agertu dute". Freelance kazetarien lana goraipatu du Gonzalezek. "Haien bokazioari esker saihesten da iluntasun informatiboa".   

Gatazken berriemaile

Pampliega 1982an jaio zen, Madrilen. Lopezek, berriz, 42 urte ditu, eta Leongoa da. Freelance modura egiten dute lan biek, gatazka guneetan. Pampliegak lau urte daramatza Siriara bidaiatzen, han gerra hasi zen urtetik (2011). Somalian eta Ukrainan ere egondakoa da azken urteotan. Lopezek hamahiru urteko esperientzia du, eta herrialde anitz ezagutu ditu: Afganistan, Irak, Palestina, Kosovo, Guatemala, Nagorno-Karabakh (Armenia eta Azerbaijan artean), Iran, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Siria. Munduko hedabide handiek argitaratu dituzte haren argazkiak, eta nazioartean sariak irabazitakoa da.

Pampliegak eta Lopezek elkarrekin egiten dute lan, eta iazko udaberritik hainbat kolaborazio egin zituzten BERRIArekin. 2014ko maiatzaren 9an argitaratu zuten lehenbiziko erreportajea, Somaliatik egina: Indiako Ozeanoko perlaren ilusioa. Muqdisho hiriburuko bizi baldintzei buruz aritu ziren, Al-Shabab muturreko talde islamistaren aurkako gerraren testuinguruan. Ordutik, nagusiki Siriatik idatzi dute BERRIArentzat, baina baita Iraketik, Ukrainatik, Turkiatik eta Indiatik ere.

Iazko martxoan eta apirilean erreportaje bana argitaratu zuten Siria barneko Kurdistango Kobane hiritik, EIren 134 eguneko setioaren ondorena kontatzeko. Muturreko talde islamista iazko irailetik aurtengo urtarrilera arte saiatu zen Kobane hartzen, eta hiria erabat suntsituta gelditu zen borroken ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.