Antzinateko hegaztirik handiena planeatzailea zela diote zientzialariek

2007ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Argentavis magnificens hegaztia, inoizko hegaztirik handiena, planeatzailea zela jakinarazi dute Texasko Teknologia Unibertsitateko zientzialariek. Duela sei milioi urte egun Argentina den lurraldean bizi zen hegazti horrek hegan hasteko, ez zituen hegalak astintzen, baizik eta korrikaldi txiki baten ondoren jauzi egin eta planeatzen hasten zen. Hegan hasteko eta jarraitzeko modua ordenagailu programa batzuen bidez irudikatu dute Texasko Teknologia Unibertsitateko adituek. PNAS aldizkarian eman dute ikerketaren berri.

Argentavis magnificens egun galduta dago, baina haren fosilak Argentinan barrena aurkitu zituzten duela urte batzuk. Hegalak zabalduta, alderik alde zazpi metro zen hegaztia, eta 80 kilo inguruko pisua zuen. Pisu horrekin oso zaila egingo zitzaion hegalak astinduta bat-batean hegan hastea. Hala, bestelako moduak bilatu behar izan zituen, adituen arabera. Ordenagailuei esker jakin dute gaur egun bizirik dagoen hegaztirik handienaren antzera -Kori Bustarda, Afrikan bizi den 18 kiloko hegaztia- korrikalditxo bat egiten zuela maldan behera, harik eta aireratzeko adina bultzada izan arte. Egun parapenteekin egiten den moduan aireratzen zela uste dute, beraz.

Texasko Unibertsitateko geologia irakasle Sankar Chatterjeek azaldu duenez, Argentavis magnificens behin aireratuta, aire korronte bero eta epelak baliatzen zituen zeruan mantentzeko, zirkuluak eginda igotzeko eta jaisteko, hegalak astindu gabe. «Korrontez korronte egunean 320 kilometro hegan egiteko gai zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.