Arabia zorigaiztokoa

Penintsula arabiarraren hegoaldeko muturrean dago Yemen, eta han indarkeria etengabea da. Hegoaldean, herritarrak matxinatu dira, eta iparraldean gerrilla zaidita.

2009ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Yemenek Arabia zoriontsua goitizena du. Alabaina, ironia garratza litzateke horrela deitzen aurrerantzean ere, zinez egoera zorigaiztokoa baitute, aspalditik, penintsula arabiarraren hegoaldeko muturrean dagoen 23 milioi biztanleko herrialde horretan. Etengabeko indarkeria egoeran murgilduta dago. Indarkeria areagotu besterik ez zen egin 1990ean, aurretik bi estatutan zatituta zegoen Yemenek bat egin zuelarik.

Gatazka bat baino gehiago daude, hiru borroka nagusi baitaude. Ali Abdula Sale presidentea buru duen gobernua gehien kezkatzen duena, baina, hegoaldean pil-pilean dagoena da. Hala, apirilaz geroztik, gutxienez 43 lagun hil dira herritarren eta segurtasun indarren arteko liskarretan. Joan den uztailaren 23an soilik, hegoaldeko hiri nagusi Adenen antolatu zen protesta elkarretaratze baten kontra gogor eginda, segurtasun indarrek hamasei zibil hil zituzten. Marka guztiak hautsita, Sanak, uda hasieran, armadari manua eman zion hegoaldeko Lahj eskualdea bonbardatzeko, han matxinoak zeudelako aitzakian. Eta bortizkeriari oihartzun eginda, Poliziaren konboi baten kontrako segada bat egin zuten, uztailaren 28an.

Yemengo hegoaldeko biztanleen bateratzialea, berriz - lau eta bost milioiren artean dira han- ,Hegoaldeko Mugimendua da. Horrek, 2006az geroztik, kale protesta ugari antolatu ditu. Eraso horiei, aldi oro, indarrez erantzun diete agintariek. Sanak herritarren artean izandako jokaera itsu eta basatiak, orobat, gero eta sendoagoa bihurtu du autodeterminaziorako gogoa.

Oro har, hegoaldeko biztanleek mota guztietako zokoratzeak eta bidegabekeriak salatu dituzte: Sanako agintearen jarraitzaileen onurarako lurrak bahitzea; lanpostu publikoetatik baztertzea; botere guneetatik kanpo uztea; ekonomia ondasunetatik probetxurik ez jasotzea -Yemengo petrolio eta gas erreserbetatik %80 inguru hegoaldean daude-, eta segurtasun indarren presentzia itogarria. Sanako gobernuaren aginduetara dauden soldaduena «okupazio militarra» dela salatu dute.

Iparraldearen menpe egotea, eta haren nagusikeria arlo guztietan jasatearen sentipenak Yemen 1990ean bateratu zenetik dirau. 1967an, bi Yemen eratu eta Erresuma Batuak alde egin zuen penintsulako hegoaldetik: Yemengo Errepublika Arabiarra eratu zuen iparraldean; eta Yemengo Herri Errepublika Demokratikoa, hegoaldean. Azken horretan, aginte sozialistak boterea hartu zuen. Mendebaldeko potentziek eta horien aliatu Saudi Arabiak oso begi txarrez ikusi zuten gobernu sozialista.

Bi Yemenen bateratzea, 1990ean gertatu zen, baina laster batean nabaritu zen iparraldeko agintearen onurakoa eta hegoaldekoen kalterakoa zela. Horregatik piztu zen 1994ko gerra zibila; Yemengo iparraldeko indar armatuek aise garaitu zituzten hegoaldekoak. Gerra hartan, hegoaldeko milaka gudulari eta zibil hil ziren, eta Sanako gobernuaren mendeku larderiatsua gatazka armatua amaitzetik harat luzatu da. Esaterako, arlo publiko, zibil edo militarrean ziharduten 100.000tik gora herritarrei ogibidea kendu zieten hegoaldean.

Xiiten oldarra

Yemenen batasuna kolokan jartzen duen beste gatazka bat bada. Hori, ordea, iparraldean dago; zehazki, Saada eskualdean. Han, gerrilla zaiditak die aurre egiten Sanako gobernuaren menpeko indar armatuei. Joan den uztailean eta agorrila honetan bertan, borroka gogorrak izan dira. Gobernuz kanpoko erakundeek diotenez, milaka lagun hil dira, gerrilla zaiditak Sanako gobernuaren kontrako oldarraldiari berriro ekin ziotenik, 2004an. UNHCR Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Goi Mandatariak emandako datuen arabera, aldiz, Yemengo armadaren bonbardaketen ondorioz, gutxienez 35.000 lagunek euren bizigunetik ihes egin dute agorrila erditsutik. Gerrilla zaiditak, haatik, indarra badaukala argi erakutsi du, iaz eginiko eraso batean, Sana hiriburutik 30 kilometrora iritsi baitziren gudulariak.

Zaiditak xiitak dira. Gutxiengo erlijiosoa dira Yemenen, gehienak sunitak baitira. Haatik, Yemen estatu moduan eratu aurretik, zaiditak imamerri bat sortu zuten Saada eskualdean; horrek 1962ra arte iraun zuen, Abdala Salal militarrak -bera ere zaidita- estatu kolpe bidez bereganatu zuen arte. Zaiditek, hegoaldeko herritarrek bezala, Sanaren baztertze politika salatzen dute.

Azkenik, halaber, Al Kaedaren gertuko diren muturreko islamistek gogor dihardute Sanako gobernu zentralaren kontra. Horiek Aden-Abiango Armada Islamikoa izeneko erakundea eratu dute. Sanako gobernuaren aurkariek ez dute, dena den, armamendu arazorik, datu ofizialen arabera, 50 milioitik gora arma baitaude Yemenen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.