Arabiar Ligak bertan behera utzi du Siriako misioa

Behatzaileek onartu dute egoera larria dela, eta uste dute Damasko ez dela betetzen ari erakundearekin hartutako konpromisoaAl-Assaden gobernuak salatu du atzerritarren esku sartzea zuritzeko erabakia dela

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Sirian giroa gaiztotuta dago, eta ez du epe laburrera hobetzeko itxurarik. Arabiar Ligak egindako bake plana Damaskok abian jartzen zuela ziurtatzera joan ziren behatzaileak Siriara; baina egoerak egonkortu beharrean okerrera egin duela ikusita, misioa bertan behera uztea erabaki dute. «Hondatzen ari da Siriako egoera, arriskutsua bilakatzen ari da, eta aldeen arteko indarkeriaren erabileraren erdian daude herritarrak. Bonbardaketeneta tiroen ondorioz gero eta zibil gehiago hiltzen ari direlako erabaki dugu bertan behera uztea behatzaileen misioa». Nabil al-Arabi Arabiar Ligaren idazkari nagusiak komunikatu baten bidez jakinarazi du erabakia.

Arabiar Ligak bere asmoen berri eman eta gutxira Mohammad Ibrahim al-Txaar Siriako Barne ministroak argi utzi nahi izan du lurraldean segurtasuna eta ordena ezartzeko konpromisoa duela, Sana agentziaren bidez esandakoaren arabera. Azken orduko bat ere egin dute telebistan, Damaskoren «harridura» azaltzeko. «Siriak sentitzen du Arabiar Ligaren erabakia, eta harrituta dago misioa hilabete luzatzeko eskatu ondoren herrialdetik alde egingo duela esan duelako». Gobernuak uste du atzerritarren esku sartzea zuritzeko hartu dutela erabakia, hain justu gaur New Yorken Segurtasun Kontseiluarekin duten bileraren aurretik, Damaskori presio egin ahal izateko.

Arabiar Ligaren idatziaren arabera, berriz, Baxar al-Assad presidentearen erregimenak segurtasun indarrak darabiltza zibilen kontra, Arabiar Ligarekin hartutako konpromisoari muzin eginda. Segurtasun faltak eta hildakoen goranzko kopuruak erakusten dute, Al-Arabiren ustez, «misio arabiarrak duen norabidearen oso bestelakoa dela Siriak hartu duena».

Behatzaileak hilabete pasatxo heldu ziren Siriara, indarkeria amaitzen zela bertatik bertara baieztatzera, eta presoak askatzen eta tropak kaletik ateratzen zituztela ikustera. Hasieran ez zela bestelako indarkariarik sumatzen adierazi arren, denborarekin iritzia aldatu dute, azken egunetan batez ere. Oposizioaren datuen arabera, hiru egunetan 150 lagun baino gehiago hil dira.

Behatzaile guztiak Damaskon elkartu dira, Arabiar Ligako Ministroen Kontseiluak zer egin erabaki bitartean. Oraindik ez dute zehaztu bileraren eguna. Bien bitartean, erakundeko idazkari nagusiak behatzaileen buru Mohamed al-Dabi jeneral sudandarrari agindu dio behatzaileen segurtasuna babes dezala han egongo diren denboran.

Bilera, NBErekin

Nabi al-Arabi buru, Arabiar Ligaren ordezkari batzuk New Yorken dira gaur, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kideekin egoera aztertzeko. Herenegun Marokok aurkeztu zuen Arabiar Ligaren proposamenaren zirriborroa. Proposamen horrek ez du Damaskoren aurkako zigorrik jasotzen, baina Baxar al-Assadek boterea presidenteordearen esku jartzeko eskatzen du.Segurtasun Kontseiluan, berriz, nahasia dago giroa, eta Errusiak zaildu egin du gainerako ordezkariek hartu nahi duten erabakia. Moskuk aurrebaldintzarik gabeko prozesu politikoa eskatu du Siriarentzat, eta presidentearen dimisioa baldintza bat dela uste du.

Baina Frantzia, AEBak eta Erresuma Batua «lehenbailehen» neurriak hartu behar direla esaten ari dira aspalditik, eta atzo, bereziki, Arabiar Ligak Siria utziko duela jakin zutenean, eta nazioarteari batasuna eskatu diote: «Orain da unea nazioartea batzeko, Segurtasun Kontseiluaren erabaki bateratuan», William Hague Erresuma Batuko Atzerri ministroaren arabera.

Turkiak eta Persiar golkoko herrialdeetako ordezkariek ere bilera egin dute egoera aztertzeko, eta Al-Assadi eskatu diote amai dezala egiten ari dena. Onartu dute, era berean, Siriako Kontseilu Nazionalarekin bilera egin dutela, eta elkarlanerako prest daudela, baina «tentuz» hartu behar direla erabakiak. Kontseilua Mendebaldearen onespena duen oposizioko ordezkaritza da, eta pentsatzen du Al-Assadekin ez dagoela zer negoziatu. Atzerritarren esku hartzea nahi luke egoera konpontzeko, eta aliatuen bila dabil han eta hemen. Harentzat, Arabiar Ligak misioa bertan behera uzteko erabakiak esan nahi du zibilak babesteko helburuak porrot egin duela, eta neurri gogorragoak eskatzen dihardu.

Buram Galion kontseiluko presidentearen ustez, Arabiar Ligak zilegitasuna galdu du Siriako krisia amaitzeko. Oposizioak hasieratik jarri du zalantzan arabiarren eraginkortasuna auzian. Galionek salatu du, halaber, Siriako erregimenak ez duela Arabiar Ligarekin hitzartutako bake planeko ezer bete, eta, gainera, «iraultza astebetean amaitzeko agindua» eman duela Al-Assadek. Azken egunotako indarkeriak horri erantzuten dio, haren ustez.

Hiru egunetan 150 hildako baino gehiago zenbatu ditu oposizioak. Beti bezala, bi aldeek batak besteari leporatzen dizkio hildakoak. Atzo bertan hogei bat lagun hil ziren, eta gobernuak «talde terroristei» egotzi zien gertatutakoa; oposizioak gobernuari. Homsen izan ziren hildako gehienak, borrokak hasi zirenetik gehien zigorturiko hirian. Rastanen ere egun gogorra izan zuten. Aurrez aurrekoak, tiroketak eta bonbardaketak etengabeak izan ziren, lekukoen arabera.

Egunak aurrera doaz, eta hildakoen zerrenda handitzen ari da. Nazio Batuen Erakundeak hildakoen kopurua 5.000ra iritsi zela esan zuenetik dozenaka batzuk gehiago gehitu zaizkio zenbaki horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.