Siria

Arabiar Ligak ez du «ezer ikaragarririk» ikusi Homsen

Siriako erregimenak odol deliturik gabeko 775 preso askatu dituela iragarri du, baina beste 14.000 preso ditu espetxeetanBehatzaileak Al-Assaden erregimena babesten ari direla salatu du oposizioak

Jon Fernandez.
2011ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
«Iruditzen zaigu alfer-alferrik ari garela oihuka». Homs hiriko Baba Amr auzoko ekintzailea da Omar, eta Arabiar Ligaren behatzaileen jarrerak lur jota laga du. «Arabiar Ligarengan jarria genuen gure itxaropen osoa, baina badirudi behatzaile hauek ez dutela ulertzen nola funtzionatzen duen erregimenak. Badirudi ez dutela interesik sufrimendua eta heriotza ikusteko». Azken bederatzi hilabeteetan Siriako erregimenaren kontra gogorren egiteagatik errepresio latzena jasotzen ari den hiria bisitatu dute Arabiar Ligako hamabost behatzaile inguruk. Siriak iragan abenduaren 19an sinatutako bakerako bide orria betetzen ari ote den bertatik bertara aztertzea dute helburu. «Ez dugu ezer ikaragarririk ikusi Homsen, ez behintzat han egon garen bitartean. Giroa lasai zegoen, eta ez zegoen liskarrik». Horixe izan da Mustafa al-Dabi behatzaileen buruak egin duen lehen balorazioa.

Abusuak, baina, egon badaudela aitortu du Arabiar Ligaren ordezkaritzak. «Hiriko leku batzuetan egoera ez zen ona». Gorpuak eta tiroen arrastoak ikusi dituzte hainbat eraikinetan; halere, azaldu dute ezin izan dutela zehaztu nor den gehiegikeria horien erantzulea, erregimena ala «talde terroristak». Al-Dabiren arabera, behatzaileek ez dute armadaren tankerik ikusi kalean, baina bai auto blindatu batzuk. «Orain arte, aurkitu dugun egoera lasaigarria izan da. Nolanahi ere, gogoratu beharra dago azterketaren lehen egunak baino ez direla eta ikerketa sakonagoa egin beharko dela. Hogei lagun geratuko dira Homsen denbora luzerako».

Homsdarren haserrea

Behatzaileek, beraz, denbora gehiago behar dute hiriaren azterketaren behin betiko emaitzak emateko. Alabaina, oposizioaren arabera, Homseko herritarrek eurengan jarria zuten esperantza galdu dute, eta haserre daude; Bab Amro, Karam al-Zeitun eta Wadi al-Dahab auzo gatazkatsuenak bisitatu arren, behatzaileek ez dutelako horietako eremu gordinenetara sartu nahi izan. Behatzaileek, ordea, Baxar al-Assaden erregimenaren errepresioak hildakoen senideekin hitz egin dute, baita zauritutako zenbait lagunekin ere.

Guztira 50 behatzaile inguruk osatutako ordezkaritza bidali du Arabiar Ligak Siriara, borrokak amaitzen ari ote diren eta erregimenak armada kaletik atera ote duen ziurtatzeko. Datozen egunetan hainbat hiri bisitatuko dituzte hamarreko taldetan banatuta: Hama, Idleb, Daraa eta Alepo, besteak beste.

Dena dela, Herri Koordinaziorako Batzordeak salatu du Arabiar Ligako ordezkariak Al-Assadekin elkarlanean ari direla. «Arabiar Liga erregimenari babesa ematen ari dela uste dugu, atzo bertan [asteartean] giza eskubideen hainbat urraketa izan baitziren, eta ez baita erreakziorik egon behatzaileen aldetik», nabarmendu du Xerin Qabani bozeramaileak. Izan ere, asteartean, behatzaileak Homsera iritsi ziren lehen egunean, 70.000 manifestari inguru atera ziren kalera, eta armadak negar gasekin egin zien aurre: gutxienez hamazazpi lagun hil ziren —atzo, berriz, gutxienez lau, adingabe bat tartean—. Edonola ere, nahasmena da nagusi Sirian gertatzen ari denaren inguruan. Nazioarteko kazetariek debekatuta daukate herrialdean sartzea, eta, beraz, ezinezkoa da handik datorren informazioa egiaztatzea.

Horrez gain, behatzaileak Siriako egoera aztertzen ari diren bitartean, keinu berezia egin du Al-Assadek: odol deliturik gabeko 755 preso askatu ditu. Siriako telebistak eman du albistea, eta zehaztu du «azken liskarretan parte hartu dutenak» direla libre utzi dituztenak.

Al-Assadek Arabiar Ligarekin sinatua duen protokoloak preso politikoak espetxeetatik ateratzea aurreikusten du, eta ez da kasualitatea izan hain zuzen ere behatzaileak etxean dituenean hartzea presoen gaineko erabakia. Iragan azaroan ere, Siriaren eta Arabiar Ligaren arteko harremana gaiztotu zenean —Damasko ez zegoen bakerako bide orria onartzeko prest, eta Ligak erakundetik baztertu zuen behin-behinean—, beste 1.180 preso askatu zituen erregimenak, herrialde arabiarren presioa arintzeko asmoz.

Hala ere, ehunka preso aske lagatzea oso keinu txikia da kartzeletan 14.000 pertsona inguru dituen herrialdearentzat, kaleko protestetan atxilotutakoak denak, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera. Izan ere, Arabiar Ligaren protokoloak dio preso horiek guztiek kalean egon beharko luketela. Gainera, HRW Human Rights Watchek salatu du Al-Assaden erregimenak ehunka preso lekualdatu dituela behatzaileak iritsi baino lehen. Siriako segurtasun indarretako kide batek HRWi aitortu dionez, abenduaren 21etik 22ra —hilaren 19an sinatu zuen Damaskok Arabiar Ligaren egitasmoa— 400 eta 600 preso inguru atera zituzten euren espetxeetatik beste presondegi batzuetara eramateko.

Nazioartea, mesfidati

Nazioartea mesfidati ari da begira Siriaren eta Arabiar Ligaren arteko harremanei. Frantziako Gobernuaren arabera, Damaskok «benetako egoeraz jabetzea» eragotzi die behatzaileei Homsen. Nazioartea «Al-Assaden erregimena ezkutatzeko edo manipulatzeko ahalegin oro» zaintzen egongo dela esan arren, Ligaren egitasmoa babesten duela berretsi du Parisek.

Errusiako Gobernuak, berriz, behatzaileei herrialde osoan askatasun osoz ibiltzea bermatzeko eskatu dio Damaskori. Arabiar Ligak tentsioa jaitsaraztea eta alde guztien arteko elkarrizketa sustatzea lortuko duen esperantza agertu du Moskuk. Horrela, NBEko Segurtasun Kontseiluak Damaskoren kontrako zigorrak ezarri behar izatea saihestu nahi du Kremlinek.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.