Egun bateko epea jarri dio Arabiar Ligak Siriari. Nazioarteko ikuskatzaileek herrialdean sartzen uzteko protokolo bat izenpetzen ez badu, zigor ekonomikoak jarriko dizkiola adierazi du erakundeak. Horretarako, Liga osatzen duten estatuetako ordezkariak larunbatean bilduko dira, eta zein neurri hartu erabakiko dute. Ondoren, Atzerri gaietarako ministroek berretsi beharko dituzte zigorrak, igandean. Neurrien artean, besteak beste, hegaldiak bertan behera uztea eta Siriako Banku Zentraleko kontratuak deuseztea daude.
Bashar al Assaden erregimenaren errepresio gogorra zigortzeko, bestetik, Siriaren auzia Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aurrera eramango duela aditzera eman du AI Amnesty Internationalek. «Erakunde kontserbadorea gara, eta halako erabakiak hartzea zaila da guretzeko. Baina giza eskubideen urraketen, apetazko atxiloketen, torturen eta hilketen berri izan dugu, eta erabaki hori hartu dugu», azaldu du Neil Sammonds AIko Siriaz arduratzen denikerlariak. Haien datuen arabera, orotara 3.200 zibil hil ditu armadak; horien artean 200 haurrak ziren, 150 emakumeak, eta beste 150 zaintzapean zeudela hil dituzte, hau da, torturatuta. Gainera, 15.000 lagun inguru oraindik atxilotuta daudela aditzera eman du, gehienak bakartuta.
Himseko borrokak
Datu horiek zuritzeko erregimenak erabili duen aitzakia, gainera, ez dute ontzat eman: «Manifestazioen %99 baketsuak izan dira, eta ez dira ekintza terroristak izan. Siriako Gobernuak dio Washingtonek, Tel Avivek eta Riadek finantzatu dituztela, Al Assad boteretik kentzeko, baina gezurra da», baieztatu du Sammondsek.
Bitartean, erregimenaren eta ekintzaileen arteko borrokek ez dute etenik Sirian. Hims hiriko erasoetan gutxienez 25 lagun hil zituzten atzo. Horietako batzuk zibilak dira, baina Poliziak eta armadatik ihesi joandakoak ere hil dituzte liskarretan. NBE Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, guztira 3.500 pertsona hil dituzte protestak hasi zirenetik.
Arabiar Ligak Siria zigortuko du, ez baditu sartzen uzten ikuskatzaileak
Al Assaden errepresioa Nazioarteko Zigor Auzitegiak epai dezan eskatuko du Amnesty Internationalek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu