Golkoko gerraz geroztik (1990-1991) lehen aldiz elkartu da Arabiar Liga Bagdaden. Herrialdeko egoeraren normalizaziotzat aurkeztu du hori Irakeko Gobernuak, baina Bagdadeko erdigunean atzo gertatutako hiru leherketek erakutsi dute AEBetako tropen erretiratzearen ondoren ere indarkeria desagertzetik urruti dagoela. Iraken bildu diren 22 herrialde arabiarretako ordezkariek gai nagusi bat izan dute mintzagai: Siriako egoera. NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari berezi Kofi Annanen planari sostengua agertu diote. «Indarkeria, hilketak eta odol isurketa salatzen ditugu, eta elkarrizketa nazionalaren bidezko irtenbide politikoaren alde gaude», adierazi dute Bagdadeko Adierazpenean.
Herrialde arabiarretan ez du ikusmin handia sortu bilkurak. Horren adibide, 22 ordezkaritzen erdiek ere ez dituzte estatuko buruzagiak bidali. Adierazgarria izan da Saudi Arabiako eta Qatarko estatuburuen hutsunea. Izan ere, Arabiar Ligako kideen artean Siriako Gobernuaren aurkako jarrera gogorrena dute bi herrialde horiek, oposizioari armak ematearen eta nazioarteko esku hartzearen alde agertu baitira. Eta adierazgarria izan da ere Sabah al-Ahmed al-Jaber al-Sabah Kuwaiteko emirraren presentzia, lehenbiziko aldia baita herrialde horretako buruzagi batek Irak bisitatzen duela, Saddam Husseinen erregimenak Kuwait inbaditu zuenetik.
Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia ere gonbidatu dute Bagdadera. Baxar al-Assad Siriako presidenteari zuzendu zaio Ban. Al-Assadek Annanen plana onartu duela-eta, «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko exijitu dio. Bilkura hasi aitzinetik, ordea, Siriako Atzerri Ministerioak adierazi du ez duela Arabiar Ligaren ekimenik aintzat hartuko du, Damasko ligatik kanpo dagoen bitartean. Izan ere, bilkurako protagonista nagusia izan arren, Siria ez da Bagdaden egon, iaz Arabiar Ligatik kanporatu zutelako —behin-behineko erabakia da—.
Sarrerako hitzaldian, berriz, Nuri al-Maliki Irakeko lehen ministroa «gatazkaren edozein alderi» armak ematearen aurka agertu da, «eskualdeko eta nazioarteko gerra bat» sor lezakeelako. Irakeko oposizio sunitaren arabera, ordea, agintari xiitek laguntza eman diote Al-Assadi; Al-Malikiren gobernuak, berriz, Irakeko jihadista sunita anitz Siriara joan direla dio oposizioko talde armatuekin borrokatzeko.
Al-Assaden baldintza
Siriako egoera ere mintzagai izan dute BRICS taldearen bilkuran New Delhin —Brasilek, Errusiak, Indiak, Txinak eta Hego Afrikak osatzen dute BRICS—. Esku hartze militarraren aurka agertu da BRICS, eta Annanen planaren sei puntuen alde egin du. Al-Assadek eskutitz bat helarazi dio talde horri, Annanen plana onartu duela berretsiz. Baina baldintzak paratu ditu. Plana betetzen hasten denerako, «talde armatu terroristek» egoera ez baliatzeko bermeak eskatu ditu. Bertzeak bertze, talde horiei armen horniketa etetea, eta ez uztea inguruko herrialdeetan ezartzen.
Arabiar Ligaren bilkuran Siria izan da mintzagai nagusi
Bagdaden bildutako ordezkariek «elkarrizketa nazionala» defendatu dute konponbide gisa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu