Aitzineko egunetan adierazpen ez-ofizialek iragarritakoa betez, Siriak Arabiar Ligaren konponbiderako bide-orria onartu du, iragan martxoan lehertu zen matxinadari amaiera emateko helburuz. Ligako kide diren herrialdeetako Atzerri ministroek Siriaren inguruko ezohiko bilera egin zuten atzo Kairon. Bertzeak bertze, Damaskok onartu du armada karriketatik atera eta su-etena ematea, preso politikoak askatzea, eta oposizioarekin elkarrizketa hastea. «Arabiar Ligak poza agertu nahi du Siriako agintariak arabiar planarekin ados daudelako», adierazi zuen erakundearen izenean Hamad bin Jassim al Thani Qatarko Atzerri ministroak bileraren ondoren. «Akordioa serioski eta berehala bete dezaten nahi dugu, hilketak bukatu, presoak askatu eta gertakari armatu guztiak amaitzeko».
Arabiar Ligak Siriarako harremanetarako taldea eratu du, eta Al Thani bera da burua. Datozen egunetan Damaskorekin eta oposizioko sektoreekin harremanetan paratuko da elkarrizketa nazionalerako konferentzia bat antolatzeko hurrengo bi asteetan. Al Jazeerako berriemaileak jakinarazi duenez, konferentzia hori Kairon eginen dute Arabiar Ligaren bitartekaritzarekin. Bashar al Assaden erregimenak, baina, Damaskon egitea nahi zuen.
«Konponbide arabiarra»
Al Thanik erran du Siriako erregimenak onartu duela atzerriko kazetariei eta begiraleei herrialdean sartzeko ezarritako debekua bertan behera uztea ere. Damaskok hitzartutako neurriak bete ezean, harremanetarako taldea berriz elkartuko litzateke bertze erabaki batzuk hartzeko.
Siriako ekimenarekin, Arabiar Ligak buelta eman nahi dio herrialde arabiarretako matxinadetan orain arte eduki duen erreferentzialtasun eskasari. Nabi al Arabi idazkari nagusiak berak aitortu du ekimenaren helburua izan dela krisiari «konponbide arabiarra» ematea.
Tunisian eta Egipton herritarren protestek erorarazi zituzten erregimenak; Libian gerra zibila lehertu zen, eta NATOren esku hartzea erabakigarria izan zen Muammar Gaddafi agintetik kentzeko; Bahrainen, errebolta erabat itzali ez bada ere, GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluko monarkiek —Arabiar Ligako kide direnak baita ere— erregimena babesteko esku hartu zuten AEBen oniritziarekin. Arabiar Ligak Sirian hartutako ekimenak arrakasta edukiko balu, aurrekari bat ezarriko luke matxinaden fenomenoan: erregimenarekiko elkarrizketa.
Arabiar Ligaren plana gauzatzea, baina, lan nekeza izanen da. Erregimenak bere konpromisoak bete beharko dituela alde batera utzita, oposizioaren jarrerak baldintzatuko du plana. Mendebaldean ezagun egin da Turkian eratutako Siriako Kontseilu Nazionala, baina oposizioa erakunde hori baino pluralagoa da. Bertze talde nagusia Damaskon sortutako Koordinazio Nazionalerako Batzordea da, nagusiki ezkerreko alderdiek osatua.
Bi erakundeek oinarrizko gaietan desadostasunak dituzte: erregimenarekiko elkarrizketan eta nazioartearen esku hartzean. Kontseilu Nazionala hasieratik agertu da elkarrizketaren aurka, eta Al Assadek agintea uztea ezinbertzeko baldintzatzat paratu du. Omar Idlibi kontseiluko kidea ezkor agertu zen atzo. «Erregimenak ez du akordioa beteko, armadarekiko eta segurtasun indarrekiko dependentzia baitu». Hala ere, ekimenari alde positibo bat ikusi zion, Damaskok planari baiezkoa emanda, «oposizioaren izatea» onartzen duelako.
Koordinaziorako Batzorde Nazionalak, berriz, elkarrizketa onartzeko hainbat baldintza paratu ditu: armada karriketatik ateratzea, manifestarien aurkako erasoak etetea eta preso politikoak askatzea. Hain zuzen, Arabiar Ligaren planak bildutakoak.
Bi erakunde horiez gain, armadatik desertatu duten militarrek borroka armatuan ari diren bi talde sortu dituzte: Siriako Armada Askea eta Ofizial Askeen Taldeak. Bi erakunde horiek bakarrean bildu dira, baina ez dago erabat argi zer harreman duten oposizio politikoarekin. Rijad al Assad koronel desertoreak lehengo hilean Al Jazeerari adierazi zion Kontseilu Nazionalarekin «erabateko elkarlana» zutela, baina Burhan Galiun kontseiluko kideak bi aste geroago adierazi zuen harremanak «hasi berritan» zirela.
Arabiar Ligaren ekimenean zeresana izanen duen bertze aldea, berriz, nazioarteko potentziena da. Kontseilu Nazionaleko hainbat eledunek haien esku hartzea eskatu dute. Errusiak elkarrizketaren bidea defendatu du, baina Mendebaldea, AEB buru, horren aurka agertu da. Etxe Zuriko bozeramaile Jay Carneyk Arabiar Ligaren ekimenari buruz adierazi du erregimenaren erasoak bukatzeko saio oro «ongi» ikusten duten arren Al Assadek dimisioa eman behar lukeela.
Gutxienez 33 hildako
Damaskok proposamena ofizialki onartu duen egunean bertan, ordea, liskarretan hildakoen berri gehiago ailegatu dira Siriatik. Herrialde horretako Giza Eskubideen Behatokiak —Londresen finkatutako oposizioko erakundea— jakinarazi du erdialdeko Hims probintzian gutxienez hemezortzi lagun hil zituztela atzo erregimenaren indarrek hainbat liskarretan. Al Hula hirian 11 langile hil zituzten tiroz. Giza Eskubideen Behatokiak dioenez, erasotzaileak inguruko herrietako Al Assaden jarraitzaileak izan ziren. Hims hirian, berriz, estatuko indarrek gutxienez zazpi lagun hil zituzten, tiroz horiek ere.
Ez ziren horiek izan behatokiak jakinarazitako hildako bakarrak, ordea. Hama probintzian «armadako desertoreek» zazpi soldadu hil zituzten lehergailu bidez egindako erasoan, «Al Hulako 11 zibilen hilketari erantzuteko». Tiroketa batean, berriz, desertoreek zortzi polizia hil zituztela dio iturri berberak.
Martxotik gertatutako heriotza gehienak ezin izan dituzte berretsi nazioarteko hedabideek eta erakundeek, Damaskok paratutako betoa dela eta. Horregatik, iturri nagusienak oposizioko taldeak, herritarrei bildutako testigantzak eta Sana berri agentzia ofiziala dira. Nazio Batuen Erakundearen zenbaketaren arabera, matxinada hasi zenetik 3.000tik goiti dira protestetan eta borroketan hildakoak, bai zibilak, bai poliziak eta militarrak. Erregimenaren arabera, berriz, «talde terroristek» 1.100 polizia eta soldadu hil dituzte.
Herrialde arabiarretako matxinadak. Siria
Arabiar Ligaren konponbiderako bide-orria onartu du Siriak
Damaskok alde bakarreko erabakiak hartzea hitzartu du: armada karriketatik erretiratu, su-etena eman eta preso politikoak askatuErregimenarekin hitz egitearen inguruan iritzi ezberdina dute oposizioko taldeek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu