Siriako erregimenak Arabiar Ligaren konponbiderako bide-orria onartu ondotik lehenbiziko ortzirala izan zen atzokoa. Musulmanen asteko egun santua denez, herrialde arabiarretako matxinadetan erreforma politikoak eskatzen dituzten manifestariek elkarretaratzeak egin ohi dituzte eguerdiko errezoen ondoren, jendetza biltzea baliatzeko. Horrek liskarrak eta hildakoak izateko arriskua areagotzen du, eta, atzo, ez zen salbuespenik izan Sirian, erregimenak oraindik ez baitu bete Arabiar Ligaren planaren oinarrizko puntua: armada karriketatik atera eta manifestarien aurkako erasoak etetea. Damaskok Arabiar Ligaren plana beteko zuela hitzartu zuenetik 40 lagun inguru hil dituzte estatuko indarrek.
Oposizioko taldeek jakinarazi dutenez, gutxienez hogei lagun hil zituzten estatuko indarrek atzo. Damasko hiriburuko Kanaker barrutian zazpi lagun hil dituzte errezoen ondorengo manifestazio bati tiro egin ondoren, Siriako Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera. Erdialdeko Hims hiriko Bab Amro barrutian, berriz, zortzi lagun hil ditu armadak tankeekin egindako bonbardaketetan. Siriako Giza Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez, militar desertore bat eta zibil bat ere hil dituzte soldaduek Jordaniako mugan, herrialde horretara ihes egin nahian ari zirela. Frankotiratzaileek hil dituztela adierazi dute. Damaskotik gertu dagoen Sakba hirian ere lagun bat hil dutela jakinarazi dute bertze iturri batzuek. Erdialdeko Hama hirian, berriz, bi hildakoren berri eman dute Herri Koordinaziorako Batzordeek.
Entregatzeko eskaera
Damaskok ez du indarkeria eten, baina oposizioari amnistiarako eskaintza egin dio. Amnistia mugatua eta xumea, hori bai. «Armen salmentarekin, banaketarekin edo garraioarekin zerikusia duten herritarrei eta hilketa deliturik egin ez dutenei hurbileneko polizia etxean entrega daitezen eskatzen diegu», iragarri du Mohamed Shaar Barne ministroak telebistan egindako agerraldian. Hori egiten dutenek amnistia jasoko dutela zin egin du. Erabaki hori musulmanen Aid al Ada bestaren (Sakrifizioaren Jaia) harira hartu dutela azaldu du Shaarrek. Bihar hasiko da ospakizun hori, eta amnistiak hilaren 12ra arteko epea izanen du. Shaarrek zin egin du entregatzen dena «berehala» askatuko dutela. Iragan maiatzean ere erregimenak bertze amnistia mugatu bat dekretatu zuen—zigorrak erdira jaitsi zituen—. Errepresioak eta protestek jarraitu egin dute, ordea.
NATOren esku hartzea
NATO ere mintzatu da Siriaz. Anders Fogh Rasmussen idazkari nagusiak zibilen aurkako erasoak gaitzetsi ditu, eta «demokrazia eta askatasun eskakizunekin» bat egiten duela erran du. Libian bezala Sirian ere esku hartzeko aukeraren inguruan Rasmussenek erran du «oraingoz» ez dagoela hori ahalbidetuko lukeen Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren ebazpenik, ezta eskualdeko herrialdeen «laguntza aktiborik» ere. Iragan astelehenean «erabat» errefusatu zuen aukera hori. Siriako oposizioaren eztabaidagai nagusienetako bat, hain zuzen, nazioarteko esku hartzearen ingurukoa da.
Herrialde arabiarretako matxinadak. Siria
Arabiar Ligaren plana onartu zuenetik 40 lagun hil ditu Siriako erregimenak
Ortziraleroko protestetan estatuko indarrek gutxienez hogei lagun hil dituzte hainbat hiritan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu