Siriako gatazka konpontzeko Arabiar Ligaren proposamena sinatu du Damaskok, azkenik, eta jakinarazi du nazioarteko behatzaileak onartuko dituela. Hilabeteetan gatazka etxekoa dela eta etxean konpondu behar dutela argudiatuta, ez du kanpoko esku hartzerik onartu Bashar al Assaden gobernuak, eta Arabiar Ligarekin harremanak hautsi zituen azaroan.
Damaskok azaroaren hasieran eman zion baiezkoa Arabiar Ligaren bide orriari, baina ez zuen nazioarteko begiralerik onartu. Erakunde arabiarraren ultimatumek ere ez zuten lortu Al Assadek iritziz aldatzea, eta, azkenean, zigor ekonomikoak ezarri zizkion. Hori horrela, erakundeko kide diren herrialde guztiek inbertsioak eten zituzten Sirian. Akordioa sinatzearekin bat, ordea, erakundeak indarrean zituen zigorrak bertan behera utzi ditu.
Kairoko Arabiar Ligaren egoitzan sinatu dute protokoloa Ahmed Ben Helli erakundeko idazkariorde nagusiak eta Faisal Makdad Siriako lehen ministrordeak. Damaskok gatazkari «irtenbide politikoa» eman nahi diola adierazi du Makdadek. Errusiaren esku hartzea, baina, erabakigarria izan da Damaskok ituna sinatzeko. Moskuk protokoloa onartzeko gomendioa eman ziela aitortu du Ualid al Muallem Siriako Atzerri ministroak, eta gomendioari kasu egin diotela. Iragan astean Errusiak NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan Siriako gatazka konpontzeko proposamena aurkeztu zuen, hain justu, bi aldeen indarkeria gaitzetsiz. Segurtasun Kontseiluko kideek pozez hartu zuten berria, eta zirriborroa bere horretan onartezina zela aitortuta ere, negoziatzeko oinarri izan zitekeela adierazi zuten Frantziak eta AEBek, besteak beste.
Damaskoren baldintzak
Arabiar Ligaren protokoloa onartzeko hainbat baldintza jarri ditu, bestalde, Al Assadek. Ondorioz, nazioarteko behatzaileek tokiko agintariekin lan egin beharko dute. Al Muallemen hitzetan, begiraleak bat etorriko dira Damaskorekin «gertatzen dena ikusten dutenean». Liskarren atzean atzerriko herrialdeek babestutako muturreko jendea eta armatutako talde terroristak daudela esaten du Al Assaden gobernuak. Damaskok, berriz, preso politikoak aske utzi beharko ditu planaren arabera, eta herri eta hirietatik tropak atera beharko ditu.
Burhan Galiun oposizioko Siriako Kontseilu Nazionaleko presidentearen ustez, ordea, gobernuak ez du akordioa beteko. «Erregimena jasaten ari den porrota estaltzeko engainua izan da akordioa sinatzea», adierazi du Galuinek. Horrez gain, Damaskoren hitzek baliorik ez dutela gaineratu du, eta Al Assaden indarrek zibilen aurka eraso egiten jarraitzen dutela salatu du.
Hildakoak protestetan
Atzo soldaduek gutxienez 22 manifestari hil zituztela jakinarazi dute oposizioko iturriek. Damaskon, esate baterako, adingabe baten hiletara joan ziren herritarren aurka tiro egin zuten soldaduek, lekukoen esanetan. Idlib probintzian, berriz, bonbardaketak egin dituztela salatu dute. Bestalde, iragan abenduaren 4an atxilotu zuten Razan Ghazaui oposizioko blogaria aske utzi zuten atzo.
Arabiar Ligaren plana sinatu du Siriak, eta nazioarteko begiraleak onartu ditu
Erakundeak Damaskoren aurka indarrean zituen zigor ekonomikoak bertan behera utzi ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu