munDUA

Arabiar Ligatik bidali dute Siria, indarkeria ez eteteagatik

Isun politiko eta ekonomikoak jarriko dizkiote. Ligako 22 kideetatik 19k egin dute neurriaren alde; Libano eta Yemen aurka azaldu dira, eta Irak abstenitu egin da. Siriak dio kanporatzea ez dela legezkoa. Gaur zortzi zibil hil ditu.

2011ko azaroaren 12a
17:52
Entzun

Arabiar Ligak bere erakundetik kanpo utzi du Siria, Atzerri ministroek Kairon gaur egindako batzarrean erabaki dutenez. Qatarko ministroak prentsaurrekoan esan duenez, Bashar el Assad Siriako presidenteak ez ditu Arabiar Ligaren neurriak bete —indarkeriaren etena, nagusiki—, eta horregatik utzi dute erakundetik kanpo. Neurriak bete artean egongo da kanpoan.

Yusef Ahmed Siriak Arabiar Ligan duen ordezkariak salatu du kanporatzea ez dela legezkoa, "Ligako estatutuak eta araudiak urratzen direlako".

Isun politiko eta ekonomikoak jarriko dizkiote Siriari. Handik enbaxadoreak erretiratzea hitzartu dute, halaber, baina herrialde bakoitzak erabakiko du hori.

Ligako 22 kideetatik 19k egin dute neurriaren alde. Libano eta Yemen aurka azaldu dira, eta Irak abstenitu egin da. 

Arabiar Ligak adierazi du Siriako zibilei babesa ematen saiatuko direla, Nazio Batuen Erakundearekin elkarlanean. Honek aste honetan esan du martxotik 3.500 zibil hil dituela Siriak. Gaur bertan beste zortzi hil ditu. Segurtasun taldeetako bederatzi lagun ere hil dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.