EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. PALESTINAKO HAUTESKUNDEAK. PALESTINAKO PRESIDENTETZARAKO BOZAK

Arafaten «arimari» eta presoei eskaini die garaipena Abbasek

Al Fatako buruzagiak bozen %62,3 eskuratu ditu; Barguti independenteak irregulartasunak salatu ditu

Kristina Berasain Tristan.
2005eko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Jasser Arafat buruzagi historikoaren ordezkoa aukeratu zuten herenegun palestinarrek. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente berriak rais-aren arimari eskaini zion bere garaipena. Mahmud Abbasek botoen % 62,3 eskuratu zituen. Mustafa Barguti hautagai independenteak bozen %19,8. Gainontzeko bost hautagaiek, berriz, oso sostengu txikia jaso zuten. «Jasser Arafaten arimari eta gure herriari eskaintzen diot garaipena, gure martiriei eta kartzeletan preso dauden 11.000 palestinarrei», esan zuen agintariak hauteskundeen emaitza jakin eta berehala.Herritarren «espiritu demokratikoa» goraipatu eta «herri palestinarraren sufrimenduarekin» amaitzeko hitza eman zuen Abbasek. Israeli, ildo horretan, bakerako prest daudela jakinarazi zion atzo: «Gure bizilagunei eskua luzatu eta bake justu baterako prest gaudela esaten diegu». Errepide Mapa jo zuen bakerako oinarri gisa. Al Fatako buruzagiak erantzun baten zain dagoela gaineratu zuen.

Israelgo lehen ministro Ariel Sharonek agintari berriaren aurreneko erronka «terrorismoari aurre egitea» izango dela esan zuen. Hauteskundeetan garailearekin «lehenbailehen» biltzeko asmoa zuela iragarri zuen bozen aurretik lehen ministroak. Shimon Peres laboristak, presidente palestinarrari «arrakasta» izateko aukera eman behar ziola adierazi zuen: «Gizon jakintsua da, moderatua eta esperientzia duena».Hauteskundeen Batzorde Zentralak bozen emaitzak jakinarazi zituen atzo. Parte hartzea %66 inguruko izan zela jakinarazi zuen orotara 1,8 palestinarrek eman zuten izena bozkatzeko.Igandean, baina, bi orduz luzatu zuten botoa emateko epeatarte horretan 30.000 herritarrek eman zuten boza. Bozak luzatzeko erabakia hainbat herritarrek egindako eskaeraren ondotik etorri zen. Hamabost mila palestinarrek ezin izan zutela boza eman salatu zuten, euren izena ez zelako zerrendetan ageri. Hauteskunde Batzorde Zentralak orduan nortasun agiria aurkeztuz utzi zien bozkatzen.Mustafa Barguti hautagai independenteak, ildo horretan, bozetan irregulartasunak izan zirela salatu eta helegitea aurkeztuko duela iragarri zuen: «Al Fataren ondoren indar politiko sendoena garela agerian gelditu da eta horrekin pozik nago; dena den, helegitea jarriko dugu». Hauteslekuak bi orduz luzatzea eta soilik nortasun agiria eskatzea ez zela justua izan eta, tarte horretan, hainbatek bitan bozkatu ahal izan zutela gaineratu zuen hautagai independenteak.Ekialdeko Jerusalemen bizi diren palestinarrek izan zituzten bozkatzeko arazo gehien. Erroldan izena eman zuten herritarrek bozkatzera joan eta euren izena ez zela han agertzen salatu zuten. Hartara, askok ezin izan zuten bozkatu. Israelek bozkatzeko eragozpenak jarri zituela salatu zuten ere.Hamas eta Jihad Islamikoa erakundeek, bestetik, presidente berriarekin negoziatzeko prest daudela jakinarazi zuten. «Herri palestinarraren bozak errespetatzen ditugu eta presidente berriarekin negoziatuko dugu», esan zuen Sami Abu Zuri Hamaseko eledunak. Jihad Islamikoako bozeramaile Mohamed Al Hindik, berriz, «barne arazo guztiak eta etorkizuna eztabaidatzeko prest» daudela zehaztu zuen. Nazioarteko agintariek ahotan izan zituzten atzo bozak. Abbasen hautaketa bake prozesua bultzatzeko baliagarria izatea espero dutela esatean bat etorri ziren. AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente George Bushek esan zuen Abbasi harrera egiteko prest dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.