Ekialde Hurbila/Arafat hilzorian

Arafaten heriotza "ordu gutxitako kontua" dela diote Palestinako iturri ofizialek

Jasser Arafat oraindik bizirik dagoela ziurtatu dute PAN Palestinako Aginte Nazionaleko iturriek, baina, era berean, haren heriotza "ordu gutxitako kontua" dela adierazi dute. Ahmed Kureia PANeko lehen ministroak Paris ondoko Percyko erietxe militarrean Arafat bisitatu eta gutxira egin dituzte adierazpen horiek. Gainera, zenbait iturri, AFP agentzia kasu, dagoeneko hil dela zabaltzen ari dira.

2004ko azaroaren 9a
16:52
Entzun
Arafatek okerrera egin duela argi dago. Gaur goizean Percyko erietxe militarreko medikuburuek agertu dute gaitza larritu eta "koma sakonagoan" sartu dela. Israelgo irrati publikoak hil dela zabaldu du, eta, halaber, AFP agentzia albiste bera ematen ari da PANeko ministro baten hitzetan oinarrituta. Ministro horrek Ramalan hitzegin bide du, eta albistea "noiz eta nola eman" erabakitzea baino ez dela falta esan dio agentzia horri.

Nolanahi ere, PANeko iturri ofizialek oraindik bizirik dagoela ziurtatu dute, nahiz eta onartu duten ordu gutxiren buruanhiltzeko arrisku handia duela. Percyko medikuburuek arratsaldeko 15:30etan oraindik bizirik zegoela ziurtatu dute.

Bestalde, azken orduetan Suha Arafat emaztearekin eztabaida garratza izan duten arren, PANeko ordezkariek buruzagi nagusia bisitatzeko aukera izan dute Percyko erietxean. Zehazki, Ahmed Kureia lehen ministroak izan du Arafat ikusteko aukera.

Suha Arafat emazteak kritika gogorrak egin zizkien atzo PANeko buruei: senarra "bizirik ehortzi nahia" eta boterea eskuratzeko asmo hutsa izatea leporatu zien. Adierazpen horrekin guztiz mindu dira PANeko buruak eta baita, oro har, Palestinako herritarrak ere. "Diruaren atzetik ibiltzea" egotzi diote Arafaten emaztaeri.

Iskanbila horrek atzeratu egin du PANeko buruek Arafati egin beharreko bisita —atzo ziren Parisera bidaia egitekoak, baina emazteak duenez tratamenduari zein bisitei buruz erabakitzeko ahalmena, giro sumindu horretan atzeratu egin zuten—, baina, azkenean, gaur Ahmed Kureiak buruzagia ikusteko aukera izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.