Mundua

Aragoiko Gobernuak aragoiera eta katalana hizkuntzen lege berritik desagerrarazi eta izen berriak asmatu ditu

Horien ordez LAPAO eta LAPIPI izenak erabili ditu: Aragoi Ekialdeko Berezko Hizkuntza eta Aragoiko Pirinioetako eta Pirinio Aurreko Berezko Hizkuntza.

2013ko maiatzaren 9a
16:47
Entzun

PPren eta PARen botoei esker, aragoiera eta katalana ez dira izango aurrerantzean Aragoiko hizkuntz ofizial. Aragoiko Parlamentuak hizkuntzen lege berria onartu du gaur, eta bi horiek kendu eta beste izen batekin ordezkatu ditu: LAPAO eta LAPIPI. Horrek oposizioaren haserrea eragin du.

"Kanpoko hizkuntzek berezko promozio bideak dituzte", esan du Maria Jose Ferrando PPko kide eta legearen txostengileak. "Lege berriak gure errealiteatea eta gure hizkuntz aberastasuna babesten ditu", gaineratu du. Izendapen berriak babestu ditu, "katalanetik bereizteko".

Oposizioaren zuzenketa guztiak atzera bota dituzte PPk eta PARek, eta Ferrandok baztertu egin du eskolan hizkuntz horiek ikasteko irakasleak kontratatzea, toponimia kartelak aldatzea, herrietako sarrera eta irteera kartelak aldatzea eta kaleen izenak aldatzea, "garestiegia delako".

Oposizioaren "lotsa"

Mayte Perez PSOEko diputatuak izen horiek lotsatu egiten dutela aitortu du, eta ironiaz esan du bi hizkuntz berri sortu direla gaur. "Aragoin gaztelera hitz egiten dugun arren, ez gara gaztelarrak, aragoiarrak gara, eta katalana hitz egiten da, eta hitz egiten dutenek aragoiar izaten jarraitzen dute".

Nieves Ibeas Chunta Aragonesistakoak esan du aragoiera eta katanala hitz egiten dutenei errespetu falta dela legea, eta aragoiarrak ez balira bezala hartzen dituela. "Katalana ez aipatzearren, guztiek gutaz barre egiten dute", esan du. Ibeasen hitzetan "eskandalua" da legea, ez duelako hizkuntza linguistikorik eta filologikorik. "Izena kentzen die, eta horrek lege proiektu osoa baldintzatzen du", gainera du.

Adolfo Barrena IUkoak esan du legeak ez duela betetzen Hizkuntz Gutxituen Europako Ituna, eta Aragoin hiru hizkuntza daudela azpimarratu du, eta horiek babestu beharko liratekeela, "ez klandestino bihurtu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.