PPren eta PARen botoei esker, aragoiera eta katalana ez dira izango aurrerantzean Aragoiko hizkuntza ofizial. Aragoiko Parlamentuak hizkuntzen lege berria onartu du gaur, eta bi horiek kendu eta beste izen batekin ordezkatu ditu: Lapao eta Lapapyp. Horrek oposizioaren haserrea eragin du.
"Kanpoko hizkuntzek berezko promozio bideak dituzte", esan du Maria Jose Ferrando PPko kide eta legearen txostengileak. "Lege berriak gure errealiteatea eta gure hizkuntz aberastasuna babesten ditu", gaineratu du. Izendapen berriak babestu ditu, "katalanetik bereizteko".
Oposizioaren zuzenketa guztiak atzera bota dituzte PPk eta PARek, eta Ferrandok baztertu egin du eskolan hizkuntza horiek ikasteko irakasleak kontratatzea, toponimia kartelak aldatzea, herrietako sarrera eta irteera kartelak aldatzea eta kaleen izenak aldatzea, "garestiegia delako".
Oposizioaren "lotsa"
Mayte Perez PSOEko diputatuak izen horiek lotsatu egiten dutela aitortu du, eta ironiaz esan du bi hizkuntza berri sortu direla gaur. "Aragoin gazteleraz hitz egiten dugun arren, ez gara gaztelarrak, aragoiarrak gara, eta katalanez hitz egiten da, eta hitz egiten dutenek aragoiar izaten jarraitzen dute".
Nieves Ibeas Chunta Aragonesistakoak esan du aragoiera eta katanala hitz egiten dutenei errespetu falta dela legea, eta aragoiarrak ez balira bezala hartzen dituela. "Katalana ez aipatzearren, guztiek gutaz barre egiten dute", esan du. Ibeasen hitzetan "eskandalua" da legea, ez duelako hizkuntza linguistikorik eta filologikorik. "Izena kentzen die, eta horrek lege proiektu osoa baldintzatzen du", gainera du.
Adolfo Barrena IUkoak esan du legeak ez duela betetzen Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna, eta Aragoin hiru hizkuntza daudela azpimarratu du, eta horiek babestu beharko liratekeela, "ez klandestino bihurtu".
Protesta kalean, eta ironia Katalunian
Aragoien herritarrek %5 hitz egiten dute katalanez, Aragoik Kataluniarekin duen mugatik gertu bizi direnak. Legea bozkatzen zen bitartean ERCko gazte talde bat Parlamentuaren kanpoaldean elkartu da ahoa estalita.
Lege berriak Aragoin katalanaren erabileraren normalizazioa eten du, eta horrek kritikak sortu ditu Katalunian ere. Gaur goizean Kataluniako Legebiltzarrean David Fernandez CUPeko diputatuak hitz hartu duenean, baimena eskatu du ironiaz Lapaoz hitz egin behar zuela esateko. Artur Mas presidenteak ere esan du berak batere arazorik gabe ulertzen duela Lapao.