Katalunia

Aragones Generalitateko presidente aukeratu dute

Inbestidura saioa gainditu du, aldeko 74 botorekin, eta datorren astelehenean egingo du karguaren zina. CUPek ohartarazi dio babesa erretiratuko diola etxegabetzeetan istiluen aurkako polizia erabiltzeari uzten ez bazaio.

Pere Aragones Generalitateko presidente izendatu berria, gaur, Kataluniako Parlamentuan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 21a
13:33
Entzun

Emandako hitza bete dute alderdi independentistek, eta aldeko botoa eman dute Pere Aragones ERCko hautagaia presidente izendatzeko saioan. Proposamenari baiezkoa eman diote 74 diputatuk: ERCko 33ek, JxCeko 32ek eta CUPek bederatziek.

Bozketaren aurreko azken mezuan, artean presidentegaia zenak diskurtso bateratzaile bat egin du. «Gaurkoa egun pozgarria izango da ERCrentzat. Ez dugu nahi alderdiaren garaipen bat izatea. Herrialde osoaren garaipena izango da, eraldaketa ekonomikoa eta soziala egiteko gai bagara, zeinetan herritar oro instituzio honekin identifikatu ahal izango den». 

Generalitateko 132. presidentea izango da Aragones, eta datorren astelehenean egingo du karguaren zina, Generalitatearen jauregian egingo den saio batean. Iragan astean JxCrekin egindako gobernu akordioak ahalbidetu du Aragonesek presidente izateko hirugarren saioa gainditzea —martxoaren 26an eta 30ean ez zuen nahikoa babes izan—. Legegintzaldia aurrera eramateko gutxiengoen akordio bat lortu dute bi indar horiek, baina aurrez egina zuten beste bat ERCk eta CUPek. Lehenengo akordioak bigarrena estaltzearen arriskuez ohartarazi du gaur Dolors Sabater CUPeko diputatuak. Aragonesi gogorarazi dio bere alderdiaren babesa ez dela «txeke zuri bat». Etxegabetzeak jarri ditu adibidetzat: «Datorren asteetan ez bada gelditzen etxebizitza eskubidea defendatzen duten kolektiboen aurkako errepresioa, eta istiluen aurkako Polizia erabiltzen bada etxegabetzeetan, ezin izango diogu parlamentuko gehiengoari eutsi».

Espainiako Estatuko aparatuekin «josturak etetea» eskatu du Sabaterrek, eta nabarmendu du independentzia lortzea beharrezkoa dela eskubideak bermatzeko: «Estatuaren barruan ez dira kabitzen gure eskubideak, ez zibilak, ez sozialak». ERCk Espainiako Gobernuarekin abian duen elkarrizketa mahaia bide «antzua» dela esan du: «Egungo baldintzetan, elkarrizketa mahaiak ez gaitu gidatuko gatazkaren konponbidera». Bide horri bi urteko epemuga emana diotela oroitarazi du. Emaitzarik izan ezean, aldebakarreko erreferendum bat egiteko borondatea du CUPek.

Kargua hartzea bermatuko zion gehiengoa ziurtatua bazuen ere, gehiengo hori zabaltzeko asmoa duela azaldu zuen atzo Aragonesek, eskua luzatuz En Comu Podemi. Gaur, berriz ere, inbestidura saioari oztoporik jarri ez eta abstenitzeko eskatu dio alderdi horri. Jessica Albiach En Comu Podemeko koordenatzaile nagusiak erantzun dio ezin dela «aro aldaketarik» izan ez baldin badago gobernu aldaketarik. Adierazi dio presidentegaiari «gehiengo aurrerakoi bat» eduki zezaketela Generalitatean. «Guk zintzotasunez negoziatu genuen». En Comu Podemek betoa jarria dio JxCri. «Kromo aldaketa bat gertatu da gobernuan». Bide batez, CUPi mintzatu zaio Albiach, eta antikapitalistei esan die «procesismo-an» ez dutela elkar topo egingo, «merkatu askea justizia sozialarekin bateragarria delako fantasian». JxCrekin egindako akordioa kritikatu du Albiachek, eta ERCri leporatu dio JxCren eskarietara makurtu izana: «JxCk bulegoetan irabazi du hautetsontzietan irabazi ez duena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.