Pere Aragones ERCren hautagaiak ez du nahikoa babesik lortu Kataluniako Gobernuko presidente izateko. Bere alderdiaz gain, CUPen babesa jaso du soilik. Aurka bozkatu dute 61 diputatuk (PSC, Vox, En Comu Podem, Ciutadans eta PP), alde ERCko eta CUPeko 44 diputatuek, eta JxCko 32 parlamentariak abstenitu egin dira, iragarri zuten moduan. Ondorioz, bigarren bozketa bat egin beharko dute, asteartean. Gehiengo soilaren babesa beharko du Aragonesek.
Ez dirudi astearteko bigarren saioan ere hautatuko dutenik, itxura guztien arabera, boto gehiago izango dituelako kontra alde baino. Juntsek bigarren bozketa bertan behera uzteko eskatu dio Aragonesi, baina berak ez du geratzeko asmorik. «Aukera bat galduko dugu. Juntsen ezezkoa ulergaitza da independentismoarengan konfiantza jarri duten guztientzat», adierazi du Marta Vilalta ERCren bozeramaileak. Datozen hiru egunak «aprobetxatzeko» eskatu du.
Albert Batet JxCko eledunak, berriz, inbestidura saioa «hemendik astebetera edo bi astera» egin dezaketela uste du: «Hobe da akordio on bat, presaka eginiko gobernu bat baino». Horretarako, «zehaztasuna» eskatu dio Aragonesi. Izan ere, «zalantzak» sortzen dizkio aldebakarreko erreferendum berri batek. Azken hauteskundeetako emaitzen arabera ekin beharra azpimarratu du: «%52a izateak ondorio politikoak izan behar dituela uste dugu».
Inbestidura saioko hitzartze batean, Aragonesek En Comu Podemeko diputatuei eskua luzatu die ERCk CUPekin egindako akordioarekin bat egin dezaten. «CUPek ere bat egiten du horrekin», esan du. «Ez zarete harmailetatik partida ikusten ari zareten ikusleak», gogoratu die, eta, aurrekontuetan egin bezala, eragiteko gaitasuna dutela esan die. Fronte zabalaren alde hitz egin du Aragonesek, eta ohartarazi du horrekin bat egiteak «konfort gunetik ateratzea» eskatzen duela.