Katalunia

Aragones: «Hautagai aurkeztuko naiz, Kataluniaren independentzia gauzatzeko»

Gaur hasi da ERCko hautagaia Kataluniako presidente inbestitzeko saioa, baina bihar izango da bozketa. Gobernuaren zutabe izango direnak zerrendatu ditu Aragonesek, eta akordio zabal bat eskatu du, amnistia eta autodeterminazioa jasoko dituena

Aragones Kataluniako Parlamentuan, gaur. EFE
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 20a
15:20
Entzun

Okerrik ezean, hirugarren ahaleginean hartuko du Kataluniako presidente kargua Pere Aragones ERC Esquerra Republicana de Catalunyako hautagaiak. Bihar izango da hori, 9:00etatik aurrera, baina gaur hasi dute saioa, 16:00etan.

Aragonesek berak hasi du, auzi nazionalari helduta hasi ere: «Hautagai aurkeztuko naiz, Kataluniaren independentzia gauzatzeko». Independentismoa «askotarikoa» dela adierazi du, eta hori dela mugimendu politiko horren «indar nagusia», nahiz eta ezaugarri horrek, aldi berean, zail egiten duen elkar ulertzea. Zailtasun horiek gainditzeko, «sintetizatzeko eta bateratzeko» gaintasuna izan beharko dutela azpimarratu du. «Asko kostatu» dela aitortu arren, ildo horretan kokatu du ERCrekin eta JxCrekin egindako akordioa: «Diagnostiko partekatu bat dugu, eta hori oinarrizko urratsa da aurrera egiteko». CUPekin adostutako akordioa eta JxCrekin hitzartutakoa ez dira «kontraesanezkoak», Aragonesen arabera, eta azaldu du «elkar indartzen» dutela.

Amnistiaren eta autodeterminazioaren aldeko «akordio nazional zabal bat» sustatuko du gobernuak, aurreratu duenez, eta, horrekin batera, elkarrizketa mahaia baliatuko dute «[Espainiako] Estatuarekin konfrontazio zibiko eta baketsu bat» egiteko. Aitortu du gatazka politikoa gainditzea «obsesiotzat» duela, eta, horretarako, amnistia eta autodeterminazioa beharrezkoak direla ezinbestean. Eredutzat jarri du Eskozia, autodeterminazioaz aritzean.

Gobernatzeko moduan aldaketak hitzeman ditu ERCko hautagaiak, «forman eta sakonean», eta instituzioak «modernizatu» beharra nabarmendu du; besteak beste, «herritarren konfiantza berreskuratzeko».

Gobernu berriaren zutabeak izango direnak ere zerrendatu ditu Aragonesek. «Eraldaketa sozial, berde, feminista eta erradikalki demokratikoa» eraikitzea izango dute xede, eta esan du horretarako muga bakarra «herritarren borondatea» izango dela. Adibidetzat jarri ditu, besteak beste, Next Generation funtsak, zeinak «sistema produktiboa» aldatzera bideratu nahi dituen. Halaber, aurrekontuaren %2 kulturarentzat izango dela aurreratu du.

Aragonesen hitzartzeari erantzuteko tartea izango dute gainerako talde parlamentarioek, otsailaren 14ko hauteskundeetan jasotako babesaren araberako hurrenkeran. PSCko Salvador Illak eta JxCko Albert Batetek izan dute horretarako aukera gaur.

Huts egindako aurreko bi inbestidura saioetan egin moduan, auzi nazionala lehenestearen aurka egin du Illak, eta katalanen artean «konfrontazioa» sortzearekin lotu du. «Independentzia gauzatzeko konpromisoa hartu duzu, baina badakizu hori ez dela gertatuko; konpromiso hori ñabartu beharko zenuke», adierazi du, eta auzitan jarri du hori lortzeko ERCren estrategia, esanez elkarrizketa ez dela «konfrontazioa eta elkarrizketa nahastea».
Independentismoa zatiketarekin lotu izana kritikatu dio Aragonesek, eta galdetu ea unionismoak zergatik ez duen zatitzen, independentismoak baino babes txikiagoa badu. Erreferendum batean bere proiektu politikoa babesteko eskatu dio Illari, Eskoziako eredua aipatuta.

Zatiketarik ez, baina desadostasunak agerikoak dira alderdi independentisten barnean, eta horien jatorriari buruz garden aritu da Batet. Hala ere, azpimarratu du independentziarako bideaz dituzten planteamenduak ez direla bateraezinak: «Konfrontazioa eta elkarrizketa ez doaz kontrakarrean; txanpon beraren bi aldeak dira». Elkarrizketa mahaiari «eszeptizismoz» begiratzen diotela aitortu du, kontuan hartuta inongo gobernuak ez duela horretarako modurik jarri, baina argitu du hori ez dela «traba» izango bide hori ere lantzeko. JxCk gogorarazi du inoiz ez diola uko egin erreferendum adostu bati, eta konbentzimendu hori mantentzen dutela: «Adostutako erreferendum batek soilik ordezka dezake urriaren 1eko mandatua».

Carles Puigdemontek zuzentzen duen Errepublikaren Kontseiluak prozesu independentistan izan beharreko paperak ere trabatu ditu duela egun gutxi onbideratutako negoziazioak. Horri buruz, Batetek argitu du «Kataluniako instituzioen subiranotasuna» aitortzen duela bere alderdiak, eta sekula ez duela «tutoretzarik» eskatu.

Gehiengo osoa ziurtatuta

Ondoren, presidentegaiaren inguruko bozketa egingo da, diputatuen abizenaren araberako ordena alfabetikoan. Parlamentuaren gehiengo osoaren babesa beharko du Aragonesek, eta aise lortu behar luke, aldeko 74 boto espero baititu —68 behar dira gehiengo osoa izateko—; gobernu akordioa egin duten alderdienak, JxC Junts per Catalunya, ERC eta CUP: JxCk 33 diputatu ditu; ERCk, 33; eta CUPek, bederatzi. Horrenbestez, 132. presidentea bihurtuko da Aragones, eta hemizikloan jasoko duen babesa Pasqual Maragall presidente ohiak 2003an jasotakoaren berbera izango da, diputatu guztiek euren alderdiek adostutakoa betetzen baitute. Jordi Pujol izan zen gehiengo handiagoarekin gobernatu zuen presidente bakarra: aldeko 75 boto jaso zituen 1980an, eta 87 1984an.

Behin bozketan presidentea izateko nahikoa babes lortzen duenean, Aragonesek bost egun izango ditu kargua hartzeko, baina espero da hurrengo astelehenean egingo dela, Generalitatearen jauregian egingo den zeremonia batean. Hortik aurrera, Generalitateak hasiera eman ahalko dio legealdi berriari. Legeak ez du eperik zehazten kontseilariak izendatzeko, baina pentsatzekoa da egun gutxi beharko direla horretarako, kontuan hartuta Quim Torra presidente ohia inhabilitatua izan zenetik jarduneko gobernu bat izan dela agintean, eta lehenbailehen trantsizioko epe horri amaiera ematea izan dela alderdi independentisten eskaria; batez ere, ERCrena eta CUPena.

Hamalau kontseilaritza izango ditu gobernu berriak, orain artekoak izan dituenak baino bat gehiago. Kopuru bera izango dute ERCk eta JxCk, zazpina. ERCren esku geratuko dira, besteak beste, barne, hezkuntza eta kultura sailak, sortuko duten feminismoen kontseilaritzarekin batera. JxCk kontrolatuko ditu, berriz, ekonomia eta ogasunaren, justiziaren, osasunaren eta eskubide sozialen kontseilaritzak.

Artadiren ukoa

Atzo arte, uste zen JxCko Elsa Artadi izango zela presidenteordea gobernu berrian, eta Ekonomia eta Ogasun kontseilaritza ere hark gidatuko zuela, baina Artadik berak uko egin die kargu horiei. Carles Puigdemont alderdiko presidenteari eta Jordi Sanchez idazkari nagusiari jakinarazi zien erabakia atzo, eta zenbait hedabidek zabaldu zuten ondoren. JxCren Bartzelonako udal taldea gidatzen jarraitu nahi duela azaldu zuen Artadik. Udal taldeak ohar bat argitaratu zuen, erabakiaren berri ematen: «Elsa Artadik Juntseko udal taldeari azaldu dio Bartzelonarekin duen erabateko konpromisoa mantenduko duela, eta udaletxeko lanean segituko duela, 2023ko hauteskundeetan udal gobernu aldaketa gauzatu dadin». 

Presidentetza kontseilaritzari Artadik eman dion ukoak kargu horretarako beste norbait proposatzera behartuko du JxC, eta, Vilaweb atariaren arabera, alderdiaren barruan ez dago erabateko adostasunik ordezkoaren inguruan. Hedabideak jakin ahal izan duenez, Lledonerseko espetxean preso dauden alderdiko kideek Damia Calvet proposatu dute, orain arte Lurralde eta Jasangarritasun kontseilaria izan dena. Hala ere, alderdiko zenbait sektorerentzat moderatuegia da Calvet, eta ez du ordezkatzen alderdiaren osotasuna, Vilawebek dioenez. ERCrekin akordioa egin eta gobernu koalizioa osatzeko prestasun gehien erakutsi duen JxCko kideetako bat izan da negoziazioetan Calvet.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.