Espainiako Gobernua

Arancha Gonzalez tolosarra izango da Atzerri ministroa Sanchezen gobernuan

Grande-Marlaskak Barne ministro jarraituko du. Isabel Zelaa ez da izango Espainiako Gobernuaren bozeramaile, baina Hezkuntza Ministerioa gidatuko du gobernu berrian ere.

Gonzalezek iazko Munduko Ekonomia Foroan hartu zuen parte, Lurmutur Hirian (Hegoafrika). NIC BOTHMA / EFE
Andoni Imaz.
2020ko urtarrilaren 10a
14:40
Entzun

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua ministroen berri ematen hasi da. Gaur adierazi dute Arancha Gonzalez legelari tolosarra izango dela Atzerri ministroa. 2013. urteaz geroztik, Gonzalez zuzendari exekutiboa da ITC Nazioarteko Merkataritza Zentroan, eta NBEko idazkariorde nagusia ere bada ordutik (NBE Nazio Batuen Erakundearen eta MME Munduko Merkataritza Erakundearen barrukoa da ITC, eta Suitzan du egoitza). Hainbat lan egin izan ditu Europako Batzordean, nazioarteko harremanetan, merkataritzan, komunikazioan eta garapenerako lankidetzan. Zuzenbidean graduatua da, Nafarroako Unibertsitatean.

Gobernu berriak «diplomazia ekonomikoaren inguruko» pertsona bat nahi izan du Josep Borrell ordezkatzeko Atzerri Ministerioaren buruan, Moncloaren esanetan. Gonzalez aditua da «nazioarteko harremanetan, merkataritzan eta ekonomian», eta esperientzia zabala du sektore publikoan zein pribatuan, ITCren webguneko profilaren arabera. Haren lana izango da Espainiaren interes ekonomikoak defendatzea nazioartean.

2011. urtean, El País egunkarian egindako elkarrizketa batean, esan zuen «bitxia» izan dela beti: «Tolosan, etxean gaztelaniaz hitz egiten zuena nintzen, eta euskara herdoilduta neukan; Bruselan, emakumezko bozeramailea; MMEn, emakumezko lehenengo kabineteburua, eta gazteena!». Elkarrizketa hartan, adierazi zuen «botere gutxi» zuela, «baina eragiteko gaitasun handia». Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, italieraz, alemanez eta ingelesez daki. Gabonetan, zorion bideo bat argitaratu zuen bere Twitter kontuan, euskarazko mezu bat ere sartuta.

Ministro gehiagoren izenak eman dituzte gaur, eta baieztatu dute Fernando Grande-Marlaska epaile bilbotarrak Barne Ministerioan jarraituko duela. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile ezaguna da. Euskal Herriko gatazkarekin lotutako hainbat kasutako instrukzio epaile izan zen, eta, haren agindupean egindako hainbat polizia operaziotan, atxilotutakoek tortura salaketak egin izan dituzte. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ere kargu hartu dio Marlaskari behin baino gehiagotan, tortura salaketa horiek behar bezala ez ikertzea egotzita.

PSOEk alderdiko itzal handiko jendearen alde egin du ministerioak osatzeko. Jose Luis Abalos da haietako bat: Garraio eta Mugikortasun ministro izango da. Reyes Marotok ere jarraitu egingo du Industria ministro gisa.

Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioa gidatzen jarraituko du Isabel Zelaak, baina ez da izango gobernu berriaren bozeramailea. Maria Jesus Monterok hartuko du Zelaak orain arte betetako postu hori. Gobernuaren bozeramaile ez ezik, Ogasun Ministerioa ere zuzentzen jarraituko du Monterok. Karguari eutsiko diote Pedro Duque Zientzia ministroak, Luis Planas Nekazaritza ministroak eta Margarita Robles Defentsa ministroak. Osasun ministroa, berriz, Salvador Illa izango da, PSCko buruetako bat.

Sanchezen gobernu berriak ministerio berri bat izango du: Gizarte Segurantza, Inklusio eta Migrazio Ministerioa. Jose Luis Escriva izango da ministroa; egun, Ardura Fiskalerako Agintaritza Independenteko presidentea da. Jarduneko gobernuak Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantza Ministerioa izan du, eta bitan banatu dute; Yolanda Diaz izango da Lan ministroa, Galiziako Esquerda Unidako militantea. Moncloak adierazi du «Espainiako demokrazian izan den talde ekonomikorik onena» osatu dutela.

Unibertsitate Ministerioa ere berria da —Zientzia Ministerioaren parte zen—. Manuel Castells prestigiozko soziologoa izango da ministroa; Ada Colau Bartzelonako alkateak proposatu zuen kargurako. Unidas Podemosek proposatu dituen beste bi ministroak koalizioko kide ezagunak dira: Alberto Garzon Kontsumo ministroa eta Irene Montero Berdintasun ministroa.

Nadia Calviño Ekonomia eta Enpresa ministro karguan aritu da orain arte , baina lau presidenteordeetako bat izango da aurrerantzean: Ekonomia presidenteordea. Aldamenean izango ditu Carmen Calvo lehen presidenteordea, Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako presidenteordea eta Pablo Iglesias Eskubide Sozialen presidenteordea.

Igandean, Sanchezek Felipe VI.a Espainiako erregeari emango dizkio gobernu berria osatuko duten ministroen izenak, eta, gero, Espainiako gobernuburuak agerraldi bat egingo du komunikabideen aurrean. Hurrengo egunean, urtarrilaren 13an, karguaren zina egingo dute ministro berriek. Gobernu berriak asteartean egingo du lehen Ministro Kontseilua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.