Arazoa estatua denean

Bi urte bete dira, talde kriminalen gehiegikeriekin nazkatuta, Michoacanen herritarrek armak hartu eta autodefentsa taldeak sortu zituztenetik. Mexikoko Gobernuak, ordea, buruzagi gehienak atxilotu ditu, eta egoera normaldu behar zuten Landa Eremuko Indarretan talde kriminaletako kide ugari sartu dira.

Coalcoman
2015eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Michoacan estatuko herritar ugarik armak hartu eta 30 bat errepide blokeatu zituzten iazko abenduaren 14an Tierra Caliente eskualdean, aurrez 2013ko otsailaren amaieran eta 2014ko urtarrilean egin zuten modu berean. Mexikoko Gobernuak bi urteotan Michoacango krisiari eman dion erantzunarekin ez daudela inola ere ados erakutsi zuten protesta horrekin Apatzingan, Buenavista, Tomatlan, Tepalcatepec, Paracuaro, Cuatro Caminos, Periban, Los Reyes, Huetamo eta Uruapan herrietan. Oraindik ere preso daude 400 autodefentsa legitimo baino gehiago, eta armetan altxatutako herritarrek aske uzteko eskatu zuten; baita Alfredo Castillo eskualdea baketzeko ordezkari bereziak alde egitea, eta Landa Eremuko Indarren deuseztatzea ere. Berehalakoan ikusi baitzen autodefentsen mugimendua «legeztatu» behar zuen polizi indarra babestoki bihurtu zela Zaldun Tenplarioak talde kriminaleko kide ohientzat, gehiegikeriak egiten jarraitzeko baina uniformea jantzita eta armak eramateko baimenarekin.

Urte berriarekin betearazi zituen gobernu federalak hiru eskakizunetatik bi; baina tokikoei agerian utzi zien, beste behin, erabat alferrikakoa dela agintariengana jotzea estatu arazoak konpontzeko.

Abendu amaierarako, egiazki, Landa Eremuko Indarrak desagertuak ziren; ez, ordea, hilketak, sarraskiak eta desagerrarazteak amaitu zirelako: iaz Mexikon izandako 33.040 hilketetatik, Michoacanen gertatu zen gehien (2.634), Barruti Federala hartzen duen estatuaren ondotik (4.029). Eta Landa Eremuko Indarrak kendu bazituzten, aginte bakarra gauzatu ahal izateko izan zen: Felipe Calderonek hasitako narkotrafikoaren kontrako gerratik burutu gabeko polizi erreformaren oinarrietako bat da, Enrique Peña Nietok oinordetzan hartua. Mexikoko tokiko 1.800 polizia sailak kendu, eta Estatuko Poliziaren zuzeneko kontrolpean ezarri nahi dituzte. Baina, Estatuko Polizia unitate ugarik ospe txarra baitute —hainbat delitutan parte hartu dutela egiaztatu da—, herritar askok uste dute tokiko poliziak kendu eta aginte bakarra ezarriko dutela gero ezkutuko interesak eta indarrak orekatzeko.

Herritar asaldatuen bigarren eskakizuna urtarrilaren 23an bete zuten, Castillo ordezkari bereziak kargua utzi baitzuen. Baina Michoacango segurtasunaren ardura Felipe Gurrola Ramirez jeneralari pasatu zioten: Ameriketako Eskola izan zeneko Fort Benningen ranger-ek entrenatutako paraxutista bati. Eta michoacandarrek Castillo kargutik kentzeko eskatu zutenean, buruan ez zeukaten, inondik ere ez, Latinoamerika osoan ospe txarra ondo irabazia duen militar saldoa prestatu zuen erakunde batetik ateratako jeneral bat haren lekua hartzeko. Ez da huskeria, halaber, Gurrola Ramirez bera Defentsa Nazionaleko Idazkaritzako buru Salvador Cienfuegos Zepeda jeneralaren konfiantzazko gizona izatea. Jesus Murillo Karam Errepublikako fiskal nagusiak Cienfuegosi egotzi zion, hain zuzen, Ayotzinapako 43 ikasleen desagertzean armadak esku hartu ote zuen ikertzeko oztopoak jartzea.

Estatuaren joko bikoitza

Autodefentsa presoen askatzeari buruz, haatik, aurrerapenik ez da izan; eta ez da kasualitatea. Michoacango egoera nahasia ulertzen saiatzeko, izan ere, ezinbestekoa da 2014ko maiatzera itzultzea, Landa Eremuko Indarrak ofizialdu zituzten garaira, eta autodefentsa mugimenduko kide batzuk —tartean 400 atxilotuek— «zilegitasuna» zergatik aldarrikatzen duten aztertzea.

Armetan altxatutako zibilak Landa Eremuko Indarretan sartu —herri polizia baten gisan, gobernuak emandako ekipamenduarekin— eta autodefentsa taldeen instituzionalizatze bat aurreikusi zuten Tecalpatepeceko akordioetan, gobernu federaleko ordezkariekin iazko urtarrilaren 27an sinatutako hitzarmenean. Baina argitasunik eta bateratasunik ez zen izan indar horien osaeran.

Kopuruak mugatu egin zituzten, herritik herrira alde handiekin; toki batzuetan aurrena iritsi zirenak onartu zituzten, eta beste batzuetan aurrez zehaztutako izen zerrenden arabera antolatu ziren. Eta taldeetako buruzagiak gobernuarekin tratuan hasi zirenean, aliantza joko ilun batean, instituzionalizazioa arbuiatu egin zuten etsipenagatik eta haserreagatik armak hartu zituzten herritar gehienek: legearen babesik gabe, estatua garbitzeko lanean jarraitzea erabaki zuten.

Iazko maiatzean, Landa Eremuko Indarrak ofizialdu zituztenean, proportziorik ez zen izan eskualde bakoitzeko indar kopuruaren eta emandako baliabideen artean: gobernuarekiko lankidetza harremana saritu zuten, nabarmen. Kostaldean, nahua indigena eremuan, hogeiren bat soilik onartu zituzten; ez baitzieten gobernu federalaren aginduei men egin, eta polizia komunitarioan sartu ziren. Tierra Calienten, aldiz, gobernuaren estrategiak onarpen handiagoa izan zuen eskualdean, ehun baino gehiago izendatu zituzten. Apatzingan eta Buenavistaren gisako herrietan, limoi eta ahuakate ustiaketa emankorreko haranean eta droga sintetikoaren produkzio eremu nagusian, asko izan ziren legeztatutako autodefentsak; ia guztiak krimen antolatuko kide ohiak.

Zaldun Tenplarioen kontrako borroka, finean, lurraldearen kontrola irabazteko milagarren lehia bihurtu zen Michoacanen, eta, ondorioz, asmorik onenarekin armak hartu zituzten herritarrak talde horietatik urrundu eta «zilegitasuna» aldarrikatzen hasi ziren. Banaketa argi bat ezarri nahi izan zuten komunitateen alde jardun nahi zutenen eta delinkuentziarekin bat eginda interes berekoiak hobesten zituztenen artean. Mugimendua zatituta, hor amaitu zen Michoacango autodefentsen batasuna.

Halaber, hilabetea joan eta hilabetea etorri, gero eta argiago geratu zen gobernu federalaren ezkutuko nahia, eskualdea baketzea baino gehiago, herri kontzientzia susta zezaketen buruzagiak ezabatzea zela. Jose Manuel Mireles doktorea, Tecalpatepec herriko eledun karismatikoa, iazko ekainean atxilotu zuten, militarrek soilik erabil ditzaketen armak eramatea eta drogak izatea leporatuta, eta segurtasun goreneko espetxe batean preso daukate; Enrique Hernandez, Yurecuaroko buruzagia, atxilotu eta torturatu egin zuten udal presidente baten hilketan parte hartzea egotzita, eta hilabeteak egin zituen preso; Felipe Diaz, Coalcomango buruzagietako bat, bere taldeko Landa Eremuko Indarren segadan erori zen urriaren 17an, eta biharamunean hil zen; Hipolito Mora eta Luis Antonio Torres Amerikarra, Buenavistan 11 heriotza eragin zituen tiroketa argitu gabe batean nahasita atxilotu zituzten; eta, iragan ostegunean, Yurecuaroko buruzagi Javier Bustos bahitu, torturatu eta exekutatu egin zuen sikario talde batek, Mexikoko armadak armagabetu ostean.

Duela bi urte autodefentsen mugimendua sortu zuten pertson karismatiko guztietatik, Semei Verdia eta Misael Gonzalez soilik geratzen dira. Verdia, Aquilako komandante nahua, onik atera zen bere aurkako atentatu batetik iazko abenduan; eta Gonzalez, PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiko hautagaia da Coalcomanen. Michoacango nahaspilan, Estatuko Kongresua berritu eta gobernadorea aukeratzeko hauteskundeak ere izango dituzte ekainean. Jokoan dauden interesak asko gehitu dira, eta autodefentsa mugimenduaren instrumentalizazioa jada ez da arrisku bat, egitate bat ezpada.

MNAR mugimendua

Otsail hasieran, MNAR Errepublikako Autodefentsa Mugimendu Nazionaleko kideek bat egin zuten Ayotzinapako Isidro Burgos maisu-maistra eskolako ikasleekin, eta «herrialdea modu baketsu batean eraldatzeko» eginahal bateratuen berri eman zuen Omar Garcia ikasleak. Iazko maiatzean Michoacango autodefentsen ikur Jose Manuel Mirelesek eta Hipolito Morak nahiz Mexikon giza eskubideen defentsan nabarmendutako Alejandro Solalinde abadeak eta Raul Vera apezpikuak sortutako mugimendu ez-armatua da MNAR, eta gizarte zibilaren ordezkari ugarik eta ezker politikoaren zati handi batek babestu dute. Mexikoko lurralde osoan defentsa legitimorako eskubidea aldarrikatzen du mugimenduak, eta bat egin nahi duten kide guztiak onartuko dituen guardia nazional baten sorrera eskatzen du.

Alderdikerietatik at aurkeztu arren, MNAR mugimenduaren tokia ez dago argi Mexikoko joko politikoan. Programaren aurkezpenean Ernesto Ruffo Kalifornia Behereko gobernadoreak (PAN) parte hartu zuen, eta alderdi horren egungo kudeaketarekin bat ez datozen militanteak —bereziki Alderdi Komunistakoak— mugimenduko parte dira. Gainera, MNAR-eko kide asko Herritar Konstituziogile Popularrean sartuta daude. Vera apezpikuak urte hasieran aurkeztutako proposamen politikoak «Mexikoko Estatua eta Nazioa birfundatzeko azken 30 urteetan landutako planteamenduak» jasotzen ditu. Ez da lantegi erraza sortu berria den proiektu horrek biltzen dituen indarrak, interesak eta azken helburuak zehaztea.

Carlos Montemayor saria emateko ekitaldian —Mireles doktoreak eta Michoacango autodefentsek jaso zuten, aurreko igandean, gizarte borrokaren alde egindako lanagatik—, Michoacan eta Mexikorako Justizia eta Duintasunezko Bakearen Aldeko I. Jardunaldia antolatu zuen MNAR mugimenduak, Ostula komunitate nahuan. Autodefentsa talde legitimoen artean justiziaz eta herri segurtasunaz aritzeko, ahalik eta deialdi zabalena egin zuten: Chiapasko EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatista, Ayotzinapako desagertuen gurasoak, Mexikoko prentsa ofizialaren ordezkariak eta ustez mugimendua babestu zuten politikariak ere gonbidatu zituzten. Herri mugimenduetako ordezkariez gain, ekitaldira agertu zen pertsonalitate bakarra Luisa Maria Calderon izan zen, PANen hautagaia Michoacango gobernurako eta Felipe Calderon Mexikoko presidente ohiaren arreba; 2006 eta 2012 artean narkotrafikoaren kontrako gerrak eragin zituen 60.000 heriotzen erantzule nagusia da Felipe Calderon, askoren iritzira.

Atzo bete zen Michoacango autodefentsen altxamenduaren bigarren urteurrena. Eta, egun seinalatuan, Peña Nieto presidentea Coalcomanen izan zen, 500 militar eta haien familiak hartuko dituen kuartel berriaren inaugurazio ekitaldian. Ez da harritzekoa michoacandar askok, propio galdera eginda, zer ospaturik ez daukatela adieraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.