Arazoak gainditu gabe onartu dute Libiako gobernu berriaren osaera

Liberal sekularren eta islamisten arteko boterea lortzeko borrokek eragin dute eztabaida

Ane Urrutikoetxea.
2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
NTC Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak onartu du Libiako behin-behineko gobernuko lehen ministro Abdurrahim Al-Keebek osatutako gobernua, epea amaitu baino egun bat lehenago. Orain, zazpi hilabete dauzka gobernu berriak Libiako lehen hauteskunde demokratikoak antolatzeko.

Libiako Gobernu berria 24 kidek osatuko dute, eta hiru emakume izango dira bertan. Aukeratutako kide gehienak liberal sekularrak dira, eta islamistek ez dute garrantzizko posturik beteko. Hori dela eta, eztabaida handiak izan dituzte izendapenak egiterakoan, eta azken uneraino itxaron dute gobernua osatuko duten kideak aukeratzeko.

Urriaren 23an gerra amaitu ondoren, Libiak 30 egun eman zizkion trantsizioko gobernuari talde berria osatzeko, eta gaur beteko da emandako epea. NTCren arabera, «askok ez dituzte aukeratutako kideak onartu nahi izan».

Zintan hiriko Kontseilu Militarreko buru Osama Jauili izango da Defentsa ministroa. Horrez gain, Barne ministroa Fauzi Abdelal Mistrako ordezkaria izango da. Petrolio ministroa Ashur Ben Jajal izendatu dute, aurretik Italiako INE petrolio zentraleko zuzendari izandakoa. Finantza ministroa eta Ekonomia ministroa Hocin Deglan eta Tahar Serkez izango dira, hurrenez hurren. Bestalde, gobernu berriak bi ministrorde izango ditu: Mustafa Bushakur eta Omar Abdekarim, alegia. Informazio Ministeriorik ez da egongo, baina horren ordez, Gazte eta Kirol Ministerioa sortu dute. Gainera, gerran hildakoen familiak lagunduko dituen ministerio bat izatea ere adostu dute.

Lehen ministroaren esanetan, aurrez aurre dauden leinuen eta herrialdeko pentsamolde ezberdinen artean oreka lortzen saiatu dira aukeratutako kideekin. Lehen ministroaren ustetan, herrialdea demokraziaren bidera eramango dutenak aukeratu dituzte, eta ez politikan indarra dutenak: «Pentsamoldeen arteko lehia izango da gobernu berriaren oinarrizko neurria, eta, hala, Libiako herrialde guztiak bilduko ditugu». Gobernu berria biltzeko eztabaida azken momenturaino iraun duen arren, aukeratutako kideak babestu ditu lehen ministroak: «Gogor egin dugu lan, gobernu sendoa eta batua eraikitzeko».

Epaiketak auzitan

Muammar Gaddafiren seme Saif al Islam Libian epaitu nahi dute. Izan ere, Libiako Gobernuak ez dio Saif entregatu nahi ICC Nazioarteko Zigor Auzitegiari, Libiako legeen arabera herrialdean bertan epaitu behar dutelako.

Justizia ministro Mohamed al Alagiren esanetan, legeak «argi uzten du» Saif al Islamen eta Abdala al Senusi zerbitzu sekretuetako buruzagi ohiaren epaiketak Libiaren esku daudela. Luis Moreno Ocampo ICCko fiskal nagusiaren hitzetan, ordea, Libia «ICCrekin lan egitera behartua dago». Dena den, ICCk krimenak epaitzeko ahalmena dauka soilik herrialdeak berak gaizkileak atxilotzeko asmorik ez duenean.

Bestalde, Bruselako auzitegi batek onartu egin du Libiako herritar batek NATOri egindako salaketa. Khaled el Hamedi giza eskubideen aldeko talde bateko buruak bonbardaketan emaztea eta hiru semeak hil izana leporatu dio NATOri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.