Ardi larruz jantzitako otsoak NBEn

Azken bi urteotan 319 kasko urdinen kontrako salaketak ikertu ditu Nazio Batuen Erakundeak; gehienetan sexu gehiegikerien ingurukoak izan dira salaketa horiek.

arantxa elizegi egilegor
2007ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Nazioarteko bake indarrak dira. Gatazketan biktima nagusi diren zibilak babestea da haien helburua. Baina arrosa guztiek dute arantzaren bat, eta Nazio Batuen Erakundeko kasko urdinek ere badute berea. Soilik 2004ko urtarrila eta iazko azaroa bitartean, 319 kasko urdinen kontrako salaketak ikertu dituzte. Horietatik 17 polizia, 144 militar eta 18 zibil jo dituzte errudun, eta kargugabetu egin dituzte. Zigor hori nahikoa ote gerrillariei laguntzeaz edo sexu gehiegikeriak egiteaz akusatutako bake indarrentzat?

Orain dela gutxi jakin da Sudan hegoaldean zeuden Bangladeshko lau kasko urdin beren herrialdera itzularazi dituztela, hogei bat adingabe bortxatzeaz akusatuta. NBE beste 13 soldaduren kontrako salaketak ikertzen ari da. Bortxatutako nesketako batzuk 12 urte baino gutxiago zituzten. NBEk Sudanen duen misioko arduradunak iragarri du Bangladeshko Gobernuari dagokiola orain lau soldaduak epaitzea. Arazoa da, ordea, maiz horrelako salaketak bere horretan geratzen direla, eta ez dela inoiz epaiketarik egiten.

Bake Operazioetarako NBEko idazkariorde Jane Hollek azaldu du halakorik gehiago gerta ez dadin lanean ari direla: «Salaketa guztiak ikertzen ditugu». Sudangoa ez delako lehen aldia. NBEko idazkari nagusi kargua utzi berri duen Kofi Annanek ere une latzak bizi zituen antzeko kasuengatik. Ezagunena Kongoko Errepublika Demokratikoan gertatutakoa izan zen.



«ERROTIK MOZTU BEHARRA». «Suminduta eta lotsatuta» agertu zenAnnan Kongoko Errepublika Demokratikoan gertatutakoaren berri izan zuenean. NBEko bake indarren hainbat kideren aurkako 140 salaketa aurkeztu zituzten. Horien arabera, akusatuek prostituitzera behartzen zituzten hamabi urte inguruko neskatoak, diruaren edo giza laguntzaren truke. Akusatuak beren herrialdeetara bidali zituzten, baina gehienek ez zuten zigorrik jaso. Horren lekuan kasko urdinen gaineko kontrol zorrotzagoak jartzea proposatu zuen NBEk, eta bertakoekin sexu harremanak izatea debekatu zien Kongon geratu ziren nazioarteko indarrei. Annanek, berriz, halakorik gehiago gerta ez zedin ahaleginduko zirela adierazi zuen: «NBEko kide gutxi batzuen kontrako salaketak direla nabarmendu nahi dut. Hala ere, ez dugu atseden hartuko halako praktikak errotik mozten ditugun arte».

Nola kontrolatu, baina, gatazkan dagoen herrialde batean lan egiten duten ehunka pertsona? NBEk New Yorken duen egoitzan hainbat egitasmo proposatu zituzten: sexu gehiegikeriak jasan dituztenentzako laguntzak banatzea, halako ekintzak egiten dituztenen kontrako zigorrak ezartzea eta biktimentzako diru-funtsa sortzea, besteak beste. Oraingoz, haatik, soldaduen jatorrizko herrialdeak soilik du haiek epaitu eta zigortzeko eskumena.

Kongokoa bezain larriak edo larriagoak dira Sierra Leonako nazioarteko tropen kontrako salaketak. Ustez gerrillariei laguntzen zieten dozenaka zibil tiroz hil zituzten NBEko soldaduek. Kasko urdinen arabera, beren buruzagiek hitz eman zieten gehiegikeriak eginda ere ez zituztela zigortuko. Erakundeak berak gerora onartu zuenez, exekuzioen lekuko izan zirenek salatu zuten akusatuen kontrako epaiketan ez zela legea errespetatu, eta kasko urdinek ez zutela ahaleginik egin akusatuak errudunak edo errugabeak ziren jakiteko. Jatorriz Nigeriakoak ziren ehun bat soldadu atxilotu zituzten. 1999an izan zen hori. Ez dago argi zigortu zituzten.



ARMAK, BEREN BURUA DEFENDATZEKO. Nazio Batuen Erakundeko araudiaren arabera, bake indarretako kideak desarmatuta daude edo arma arinak dituzte, eta soilik beren buruak defendatzeko erabil ditzakete. Baina gauza bat da araudia eta bestea hura betearaztea.

Bosnia-Herzegovinako Jaglici herrian, 1995ean, NBEko soldadu talde bat Potocariko base militarrera zihoan armatuta zeuden Bosniako musulman talde batek gelditu zuenean. Iturri ofizialen arabera, musulmanei igarotzen uzteko agindu zieten eta haiek utzi ez zietenean, soldadu taldeko buruak jendartera sartzeko agindu zien menpekoei. Autoan zihoazen soldaduak eta armatuta zeuden. Tiroketan 30 bat zibil hil ziren. Egoera hartan derrigorrezkoa ote zen armak erabiltzea?

Bosniako gerrako gertakaririk odoltsuenean, Srebrenicako sarraskian, ere izan ziren NBEko kasko urdinen kontrako salaketak. Lekukoen arabera, Herbehereetako soldadu talde batek lagundu egin zien Bosniako serbiarrei emakumezko eta adingabe musulmanak, gizonezkoetatik banatzen eta bi talde egiten. 7.000 gizon musulman hil zituzten serbiarrek. Zenbait iturriren esanetan, Herbehereetako soldaduen buruzagiek haien parte-hartzea frogatzen zuten irudiak suntsitu zituzten, inork akusatu ez zitzan.

Gaur egun, 82.120 kasko urdin daude mundu osoan sakabanatuta. Guztiek dute helburu bera, bake iraunkorra bermatzea. Baina horiek guztiek kontrolatzeko ahalmenik ez du NBEk, eta hori argi geratu da azken urteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.