Atentatuak Katalunian

Argazkia egitea baino zailagoa

Espainiaren eta Kataluniaren arteko batasun mezuaren pitzadurak azaldu dituzte nazioarteko komunikabideek. Puigdemontek esan du 6.000 hautetsontzi prest daudela

Carles Puigdemont presidentea Espainiako errege Felipe VI.arekin hizketan, joan den igandean, Bartzelonan. SERGIO BARRENECHEA / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Batasuna da izuak behar duen erantzuna. Mezu hori eman dezatela agindua die Mariano Rajoy Espainiako presidenteak PPko buruzagiei, ahal den bitartean. Izan ere, mundu osoak izango ditu begiak jarrita gaurko manifestazioan: 83 herrialdetatik iritsiko diren 853 kazetari akreditatu dira, eta, Espainiako ordezkaritza zabala izango da han, tartean errege Felipe VI.a, Rajoyk esan duenez, «espainiar oro» ordezkatzen. Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak ere batasuna eskatu zuen atentatuak izan eta berehala, ez zedila politikoki erabili gertatutakoa, eta balizko batasun horren argazkia ere atera zuten bi aldeek Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuen biharamunean. Soka tenkatuegia dago, ordea, gauza onerako, eta nazioarteko hainbat komunikabide islatzen ari dira egunotan atentatuen osteko ika-miken atzean dagoen sakoneko arazoa.

Besteak beste, The New York Times, Finantial Times, The Economist, The Wall Street Journal, The Guardian, eta Frankfurten Allgemeine Zeitung egunkarietan jaso dute abuztuaren 17ko gertaeren ostekoa: denek azaldu dute Espainiak eragotzi nahi duen erreferenduma, eta Kataluniak independente izateko erakutsi duen gaitasuna. Puigdemonten ekintzek eta esanek, berriz, inoiz ez bezalako arreta piztu dute.

6.000 hautetsontzi

Finantial Times-ek atzo egin zion elkarrizketaren bidez jakinarazi du Puigdemontek, adibidez, Generalitateak dagoeneko 6.000 hautetsontzi dituela, eta ez dela erreferendumaren bide orria aldatuko. Madrilen jarrera salatzeko ere baliatu du aukera: «Esan genien ez zezatela politika egin segurtasunaren kontura». Mossoek egindako lana goraipatu du, bide batez, «nahiz eta bere eskura ez dituen izan behar adina baliabide», eta segurtasunaren haritik tiraka, Katalunia independente izateko gaitasunari buruz aritu da: «Egunero erakutsiko dugu estatu independentea izan gaitezkeela, ez salbuespenezko egoeratan soilik». Puigdemonten ustez, Rajoyk ez du modurik Kataluniako Gobernuaren planak geldiarazteko, horregatik espetxean sartzen badute ere: «Nik ez dut kartzelara joan nahi, baina ez dute ezer egiterik erreferendum hau geldiaraz dezadan».

The New York Times egunkariak, berriz, zabal jorratu du gaia, itxurazko batasunari erreparatu ondoren: «Hasieran politikari espainiarrek eta katalanek elkartasun irudia eman zuten», eta gogoratu du Espainiako eta Kataluniako buruek elkarrekin eman zutela prentsaurrekoa, iazko apiriletik ofizialki elkartu ez diren arren. Baina «itxurazko batasuna gainezka egiteko arriskuan dago, Kataluniako independentziarako erreferendumaren egutegiak aurrera egiten duen neurrian». Erasoek ez dute okertu baino egin, haren ustez, atentatuen aurretik gaiztotuta zegoen harremana, eta egunotan bi gobernuen artekotentsioa tenkatu duten gaiak azaldu ditu: Espainiako eta Kataluniako barne sailek izan dituzten desadostasunak, segurtasunari buruz egon den ika-mika, Espainiako komunikabideetako editorialetan Kataluniako Gobernuari erreferenduma bertan behera uzteko eskaera, eta independentisten kexuak atentatua politikoki erabiltzen ari direla eta.

CUP zer den ere azaldu du, erreferendumean daukan pisua, eta Espainiako erregea manifestaziora doala-eta Saudi Arabiarekin dituen harremanez leporatutakoak.

2004ko atentatuen mamua

Egunkari estatubatuarrak ez du aipatu gabe utzi nahi izan 2004an Madrilgo atentatuen ostean gertatutakoa, erakusteko Espainiak baduela aurrekari bat pil-pilean dagoen samina politikoki erabiltzeak izan ditzakeen ondorioez: hauteskundeak izan baino hiru egun lehenago PPk gehiengo osoa zuela bere esku, baina Al-Qaedaren atentatua ETAri egozten tematu izanak PSOEri eman ziola garaipena. Salvador Garcia-Ruiz Ara egunkariko zuzendariaren hitzak jaso ditu egoera errepikatzeko arriskuaz ohartarazteko. «Orain manipulazio mota bera ikusten ari gara, eta soilik okerrera egin dezake». Orain, ordea, ez dago jokoan gobernu aldaketa bat, «askoz ere gehiago» baizik, The New York Times-ek esana.

The Economist-ek ere aipatu du «2004ko lezioa, non gobernu kontserbadoreak oker egotzi baitzion ETAri bonben ardura». Uste du bi gobernuek dituztela gertakari horiek buruan. Alde bakarreko erreferendumaz ere aritu da, «zeina Mariano Rajoyk Madrilenirmoki geldiaraztea erabaki duen». Mossoek atentatuetan izandako eraginkortasuna aipatu du, eta Puigdemontek haien ekintzak baliatu dituela nazioarteko polizien artean aulki bat eskatzeko.

Galdera hau egin du The Economist-ek: «Erasoek alda dezakete herritarren jarrera independentziaz?». Deigarria da erantzuna: «Erreferenduma distrakzio bat besterik ez zela uste dutenek, orain diote Katalunia seguruagoa litzatekeela bera bakarrik».Egunkariaren ustez, «erasoek Kataluniaren aldeko begikotasun haize bat ekarri dute, Espainiako gainerako lekuetan, urteetako urruntzearen ondoren».

The Guardian-en, berriz, iritzi artikulu bat idatzi du Luke Stobart Birkbeck Unibertsitateko irakasleak. Katalanen desioen kontra, alde bakarreko erreferenduma izango dela azaldu du, eta Madrilek katalanekiko duen bazterketaren adibidetzat jo du mossoak Espainiako eta nazioarteko segurtasun erakundeetatik kanpo utzi izana, «nahiz eta eurek hil zituzten talde terroristako sei kide». Atentatuei Kataluniak emandako erantzunak hauxe pentsarazi dio: «Agian katalanei berenkontuak bideratzeko aukera emateko ordua iritsi da». Hemendik aurrera ere izango dute zer kontatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.