Bartzelona eta Cambrilseko atentatuak gertatu zirenetik, polemika handia izan da hedabideetan beste hainbat gairekin ere: katalanaren erabilera, mossoen eta Espainiako poliziaren arteko lankidetza... Eta larunbateko manifestazioa ere ez da polemikatik at geratu.
'La Razón' egunkari espainiarrak leporatu die Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari eta Ada Colau Bartzelonako alkateari manifestazioa boikoteatu nahi izana, eta salatu du bloke independentistari "ohorezko lekua" utzi ziotela Espainiako errege Felipe VI eta Mariano Rajoy presidentearen atzean. Gainera, adierazi dute bloke horixe izan zela larunbatean independentziaren aldeko banderak erakutsi zituen bakarra.
Azaleko argazkiaren egileak, ordea, egunkariak adierazitakoa gezurtatu du. Alberto Estevez argazkilaria bere Twitterreko kontuaz baliatu da La Razonen manipulazioa salatzeko. Adierazi duenez, 'bloke independentista' hori ez dago, egunkariak esan duen moduan, manifestazioaren buruan eta Erregearen atzean. Honako hau idatzi du: "La Razoneko adiskideok, sentitzen dut zuzendu behar izana, baina erabili duzuen argazkia ez da egokiena zuen tesia ilustratzeko".
"Argazki horren egilea naiz. Esteladak zeramatzan jendea Provenza kalean zegoen kokatuta; manifestazioaren burua, Caspen. Zazpi etxadi atzerago dago"...
Argazkilariak adierazi moduan, argazkiko jendea Gràcia pasealekuan zegoen, Provença inguruan. Autoritateak zortzi kale aurrerago zeuden. Hain zuzen ere, Estevezek dio argazkiko zati horren eta buruaren artean 800 bat metro zegoela.
"Ez dut zuen informazioa zalantzan jarri nahi. Manifestazioan esteladadun talde asko zegoen, eta baita talderik gabeko esteladak ere, baina zuek jarritako taldea ez zegoen esan duzuen tokian".
Hori ez da izan, baina, polemika sortu duen argazki bakarra. Hainbat agintari politikok jarri zituzten egun horretako argazkiak Twitterren, eta harritzekoa da nola gehienetan ez den esteladarik agertzen, nahiz eta momentu bereko argazki askotan erraz ikus daitezken. Komentatuena PSOEko buru den Pedro Sanchezek igotakoa izan da.
"Pedro Sanchezen magia!"
Rajoyk ere, Sanchezen antzera, banderarik gabeko argazki bat igo zuen Twitterrera.