ARGENTINA. Alfonsinen 60 eguneko trantsizioa

Duela 25 urte hasi zuten Argentinan diktaduratik demokraziarako trantsizioa, Raul Alfonsin presidentearen eskutik

2008ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Peronisten eta estatu kolpeen aroa amaitu zuen Raul Alfonsinek, duela25 urte. Atzoko egunez Argentinako presidentetza hartu eta diktaduratik (1976-1983) demokraziarako trantsizioa hasi zuen.Historian giltzarri diren buruzagi politiko horietako bat izan zen zalantzarik gabe; hiru estatu kolpe saiakera gainditu eta trantsizioa gidatu zuelako bereziki, baina baita militarren presioari men eginda, gizateriaren aurkako krimenen erantzuleak epaitzeko asmoan atzera egin zuelako ere. Polemika handia eragin zuten hark indarrean jarritako bi legek: Puntu eta Amaierako Legeak eta Zor den Obedientziaren Legeak. Horiei esker, diktadura garaian gehiegikeriak egiteaz akusatutako ehunka militar zigorgabe gelditu ziren.

Zazpi urtez agintean egon ondotik, Junta Militarrek hauteskundeak deitu zituzten 1983an. Diktadurak eragindako krisi ekonomikoak izan zuen zeresana horretan, baita, noski, urte bat lehenago Argentinak Erresuma Batuaren aurkako gerra galdu izanak, Malvinetan. Junta Militarrak desegin aurretik, baina, Gerra Zikinagatik egotzi ahal zizkieten karguetatik libratzeko Autoamnistia Legea onartu zuten. Ez zuen luzaroan iraun, ordea, lege horrek indarrean.

Alfonsin buru zuela, UCRHerritarren Batasun Erradikalak irabazi zituen urriaren 30eko hauteskundeak, kasik botoen %52 eskuratuta. Haatik, XX. mendeko indar politiko nagusiena, peronismoa, Alfonsinen itzalean gelditu zen. Argentinak trantsizioa behar zuen, eta hori agintean erabateko aldaketa eginda gauzatuko zen; buruzagi eta alderdi berri batekin.

Eta Alfonsinek berak aldaketa agindu zuen, eta justizia diktadurako biktimentzat. «Ezin da gertatutakoa ahaztu. Gizarte batek ezin dio garai berri bati ekin halako jazarpen etiko baten gainean», adierazi zuen presidenteak karguan zela. Agindutakoa betetzeko lehen urratsak eman zituen herrialdeko buruzagi izendatu zutenean: Autoamnistia Legea indargabetuz lehenengo, etaPertsonen Desagertzeak Ikertzeko Batzorde Nazionala (CONADEP) eratuz gero. Batzorde horrek 1976 eta 1983 urteen arteko giza eskubideen urratzeak ikertzeko ardura hartu zuen bere gain.

Militarrek irabazi zutenekoa

1985eko apirilaren 22an, Gobernuak onartutako planari jarraiki, Junta Militarretako kideen aurkako lehen epaiketa publikoak hasi zituzten. Horrek militarren eta agintari demokratikoen arteko bereizketa historikoa areagotu zuen, eta tentsioa nabarmena egin. Alabaina, diktadura garaian, Berrantolaketa Nazionalaren Prozesuaren baitan egindako krimenen larritasunak eta biktimen justizia egiteko nahiak tarte txikia utzi zioten Alfonsini bide judiziala ez zen beste aukerak jorratzeko.

Auzipetuei gizateriaren aurkako krimenak egitea leporatu zieten, 1986an; Jorge Rafael Videla eta Eduardo Massera diktadoreak bizi bitarteko kartzela zigorrera kondenatu zituen auzitegiak, Roberto Eduardo Violari hamazazpi urteko espetxe zigorra ezarri zion, Armando Lambrusschiniri zortzi urtekoa eta Eduardo Agostiri, berriz, lau urtekoa. Alabaina, ordudanik Alfonsin kriminalen artean erantzukizun mailak bereiztearen aldekoa zen; Zor den Obedientziaren Legea indarrean sartzean gauzatuko zuen bereizketa hori presidenteak.

Junta Militarren aurkako epaiketen ondotik, eta auzipetuen zerrenda mugatze aldera, Puntu eta Amaiera Legea sartu zen indarrean urte horretan bertan, Alfonsinen aginduz. Lege hori armadako buruzagitzarekin hitzartu zuen Gobernuak, justizia alorreko trantsizioa azkartzeko xedez. Legeak salaketak aurkezteko 60 eguneko epea zabaltzen zuen; hortaz, bi hilabete pasata, diktadura garaian egindako krimenak preskribatu egingo lirateke. Giza eskubideen aldeko erakundeek legeanazioarteko zuzenbidearen aurka eman izana salatu zuten, genozidioa, kasu, gizateriaren aurkako delitu preskribaezina dela argudiatuz.

Puntu eta Amaiera Legeak berehalako erreakzioa eragin zuen biktimen aldetik, 60 egunetan aurreko hiru urteetan baino salaketa gehiago aurkeztu baitzituzten. Horrek 1987ko Aste Santuko krisia eragin zuen.

Aldi hartan Ernesto Barreiro buruzagi militarrak uko egin zion epailearen aurrean agertzeari. Aldo Rico Barreirorekiko solidario agertu eta Campo de Mayon babestu zen ehun bat soldadurekin. Estatu kolpearen beldur, herritarrak kalera irten ziren, «ausartzen badira, kuartelak erreko ditugu» esanez. Azkenean, matxinatutako militarrekin negoziatu behar izan zuen Alfonsinek. Elkarrizketa haietatik sortu zen Zor den Obedientziaren Legea.

Koronel kargutik beherako militarrak eta poliziak epaituak izatetik salbuesten zituen lege hark, goi agintarien aginduei jarraiki jardun zutela argudiatuz. Ondorioz, hainbat epaiketa bertan behera gelditu ziren, eta jada zigortutako ehunka lagun aske.

Alfonsinen garaian, azkenean, diktadurako buruzagiak baino ez zituzten kartzelaratu. Eta horiek ere aske geratu ziren Carlos Menem presidenteak zigorrak barkatu zizkienean. 2003an, berriz, Argentinako Parlamentuak indargabetu egin zituen Auzitegi Konstituzionalaren aginduz lege polemikoak. Beranduegi, hala ere, kaltea egina baitzegoen jada.





Raul Alfonsinek gidatutako trantsizioa

1983. Raul Alfonsinek Argentinako presidente kargua hartu zuen abenduaren 10ean, eta trantsizioa hasi zuten.

1985. Diktadoreen aurkako epaiketak hasi zituzten.

1986. Armadako buruzagitzarekin Puntu eta Amaierako Legea hitzartu zuen Alfonsinek, diktadurako biktimei 60 eguneko epea ezarriz salaketak aurkezteko.

1987. Aste Santuan militarrak Gobernuaren aurkamatxinatu ziren, Campo de Mayon. Egoera baretzeko militarrekin negoziatu behar izan zuen Raul Alfonsinek. Ekainean Zor den Obedientziaren Legea jarri zuen indarrean.

1988. Urtarrilean bigarren aldiz matxinatu ziren militarrak, Monte Caserosen. Abenduaren 4an, hirugarren matxinada zuzendu zuen Mohamed Ali Seineldinek.

1989. Inflazioak eragindako krisi ekonomikoari aurre egin ezinda, kargua utzi zuen Alfonsinek. Haren ordez Carlos Menemek hartu zuen herrialdeko buruzagitza.

1990. Diktadura garaiko buruzagieiezarritako zigorrak barkatu zizkien Menemek.

2003. Argentinako Parlamentuak Puntu eta Amaierako eta Zor den Obedientziaren legeak indargabetu zituen, Konstituzionalaren aginduz.





18.000

Diktadurak desagerrarazitakoak. Diktadura garaian 18.000 lagun desagerrarazi zituzten, bertsio ofizialaren arabera. Giza eskubideen aldeko erakundeek, berriz, 30.000tik gora hil zituztela salatzen dute. Militarrek bahitu eta zentro klandestinoetara eramaten zituzten.





Demokrazia behartsua

Raul Alfonsinek presidentetza eskuratu zuenean, urteko inflazioa %433koa zen Argentinan, eta 45.000 milioi dolarreko kanpo zorra zuen; militarrak 1976an agintera heldu zirenean baino sei aldiz handiagoa. Ekonomia ez zen izan, ordea, Alfonsinen gobernuaren lehentasuna. «Demokraziak ematen du jaten eta harekin irakasten eta sendatzen da». Ondorengoek egoera zaila oinordetu zuten. Eta hartutako neurriekin, gainera, krisia areagotu baino ez zuten egin. Horietatik ezagunena corralito -a da. Fernando de la Rua presidenteak, Domingo Cavallo Ekonomia ministro zela, bankuetatik dirua ateratzea mugatu zuen 2001eko abenduan, finantza sistema kolapsatu ez zedin. Pobrezia tasa %50era igo zen ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.