ARGENTINA . Diktadura garaiko artxibo militarrak irekitzeko agindua eman dute

Estatu kolpearen 30. urteurrena da gaur eta «gertatua ez ahazteko» ekitaldiak iragarri dituzte

Erredakzioa
2006ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Diktadura garaiko artxibo militar guztiak irekitzeko agindua eman zuten atzo, hain zuzen ere, garai ilun horri hasiera eman zion estatu kolpearen 30. urteurrenaren bezperan. Nilda Garre Defentsa ministroak iragarri zuen justizia egiteko bidean beste pauso bat ematen duen neurria: «Azken diktadura militarrean gure herrialdean gertatu ziren ekintza larrien inguruko informazioa eskura egotea bermatuko du dekretuak». Memoriaren Artxibo Nazionalaren eskuetan egongo da hemendik aurrera orain arte eta diktaduratik erakunde ezberdinen egoitzetanegon den dokumentazio sekretua Nestor Kirchner presidenteak kargua hartu zuenean eratu zuen Memoriaren Artxibo Nazionala.

Giza eskubideen aldeko erakundeen aspaldiko aldarrikapena zen diktadurako artxiboak irekitzea. Zazpi urteko diktaduran (1976-1983) egin ziren giza eskubideen urraketak ikertze aldera ezinbestekoa zela iritzi zioten. Puntu eta Amaierako Legeak eta Beharrezko Obedientziaren Legeak bertan behera utzi ondoren abiatu ziren prozesu judizialetan erabakigarriak izan daitezkeen datuak agerian gelditu daitezke orain. Diktadurako militarrek eta Poliziak urteetan babestu dituzten bi lege horiek iaz baliogabetu zituen Auzitegi Gorenak. Raul Alfonsin presidentearen garaian onartu zituzten diktaduraren erantzuleei immunitatea emateko legeak. Militarren presioak zirela medio onartu zituzten, hain zuzen ere, legeok behin demokrazia ezarri zenean. Konstituzioaren kontrako neurriak zirela ebatzi zuen iazko ekainean Gorenak.1976. urteko martxoaren 24an estatu kolpea jo zuen Jorge Videla jeneralak. Juan Domingo Peron presidentearen heriotzaren ondoren sortu zen krisi instituzionala baliatu eta, zazpi urte eta bederatzi hilabetean iraungo zuen diktadura abiatzeko bidea zabaldu zuen. Berrantolaketa Prozesu Nazionala eufemismoaren izenean etengabeak izan ziren herritarren kontrako krimenak. Torturak, hilketak, desagertzeak, atxiloaldiak, ume lapurretak... Orotara 400 zentro klandestino sortu zituzten. Legez kanpoko kartzeletan jaio eta diktadura sostengatzen zuten familien eskutan jarri zituzten 500 haurretatik laurogeita biren identitatea berreskuratu dute urteotan Maiatzeko Plazako Amonek.Conadep Pertsonen Desagerpenaren Batzorde Nazionalaren arabera, 9.000 pertsona desagertu ziren diktadurak iraun zuen garaian. Giza eskubideen erakundeen arabera, berriz, 30.000 dira garai ilun horretan desagertu zirenak. Beste 600.000 pertsonak herrialdetik ihes egin zuten.

Bi bonba leherrarazi dituzte

Diktadurako krimenen erantzuleak zigortzeko pausoak eman badira ere, gehienek ez dute zigorrik bete. Jorge Videlari bizi osorako kartzela zigorra ezarri bazioten ere, bost urte geroago indultua ezarri zioten eta gaur egun etxe barruko atxiloaldia betetzen ari da.

Buenos Airesen, bestetik, bonba bana zartarazi zituzten atzo auto kontzesionario biren aurrean. Rodolfo Walsh Komandoak bere gain hartu zuen erasoa. Ford eta Mercedes Benz enpresak diktaduraren konplize izan zirela salatu zuen komunikatu batean orain arte ezezaguna zen taldeak: «Diktaduraren botere ekonomikoak erabateko zigorgabetasuna du hogeita hamar urte ondoren». Walsh kazetari eta idazlearen izena hartu du taldeak. 1977ko martxoaren 25ean desagerrarazi zuten Walsh.Diktadurako desagertuen aldeko omenaldi ugari egin zituzten atzo Buenos Airesen. Nestor Kirchner presidenteak ekitaldietan parte hartu zuen. Gaur, dena den, urteurrenaren harira prestatu den egitarauaren ekitaldi nagusiak egingo dira.

Kronologia



1973: Juan Domingo Peronek hauteskundeak irabazi zituen.

1974: Peron presidentea hil zen. Maria Estela Martinez alargunak ordezkatu zuen karguan.

1976: Jorge Videla jeneralak estatu kolpea jo zuen. Diktadura abiatu zen.

1981: Roberto Eduardo Viola jeneralak ordezkatu zuen Videla. Leopoldo Galtierik haren lekua hartu zuen abenduan.

1982: Reinaldo Bignone jeneralak hartu zuen agintea. Alderdi politikoak onartu zituen.

1983: Raul Alfonsinek bozak irabazi zituen. Diktadura amaitu zen.

1984: Conadep Pertsonen Desagerpenaren Batzorde Nazionalak diktaduran 9.000 pertsona desagertu zirela jakinarazi zuen. Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, baina, 30.000 dira.

1986: Legebiltzarrak Puntu eta Amaierako Legea onartu zuen.

1987: Beharrezko Obedientziaren Legea onartu zuen Parlamentuak.

1989: Carlos Menemek bozak irabazi zituen. Diktadurako militarrei indultua eman zien.

2003: Militarrei barkatzeko legeak baliogabetu zituen Legebiltzarrak. Nestor Kirchnerrek bozak irabazi zituen. Estatuaren izenean barkamena eskatu zuen.

2005: Auzitegi Gorenak militarrei barkatzeko legeak indargabetu zituen.

2006: Diktadurako artxibo militarrak irekitzeko agindua eman zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.