Legegintzaldirako hauteskundeak baino ez dira izango igande honetakoak; hala eta guztiz ere, presidentetzarako hauteskunde kanpaina baten antzekoa izan da hautagaiek joan den ostegunean amaitu berri dutena, oposizioaren alderdietako ordezkariek eta ofizialismoaren Alderdi Justizialistakoek agertu duten aldarte eta giro asaldatua dela eta. Hauteskundeotan jokoan dute Kongresuko indarren banaketa berriro antolatzea, gaur egun gehiengo absolutua baitute; halaber, 2011rako presidentegaiak argitzen has litezke, baita Gobernuak bi urte eta erdi barru hartuko duen noranzkoa ere -Cristina Fernandez presidenteak orduan amaituko du lau urteko legegintzaldia-.
Inkestarik gehienek diotenez, fronte justizialistak eskuratuko lituzke botorik gehienak, probintzia guztietako emaitzak batuta. Horrek ez lioke emango, ordea, Kongresuaren kontrola bereganatzeko lain, ezta aliatuen babesarekin ere; abenduaren 10etik aurrera, hain zuzen, ehun diputatu inguru izango lituzkete legegile onartu berriek, alegia, gaur egun baino 10-18 eserleku gutxiago.
Horregatik, ahalegin guztiak egiten ari da ofizialismoa. Horren adierazgarri da, esate baterako, legegile ofizialistek laster batean onartu duten proiektua, hauteskundeak aurreratu ahal izatekoa; datorren urteko urriaren azkeneko igandean izango dira -bi urtetik behin egin ohi baitituzte-. Fernandezen senar eta aurreko presidente Nestor Kirchnerren garaiko dekretu bati aurre egin nahi diote proiektuarekin. Ahots ofizialek ukatu egiten badute ere, gobernuaren beldurrari zor zaio bat-bateko erabaki hori, Fernandezen kudeaketa ahuldu egin litekeelakoan baitaude, besteak beste, finantza krisia, landa aldearekiko gatazka, eta segurtasunik eza direla eta.
Kirchnerismoaren jokaldiak
Kirchnerismoaren beste jokaldi bat da, esaterako, Nestor Kirchner izatea Buenos Aires probintziako diputatu nazionalen zerrendaburua -Justizialismo edo Peronismo zatituaren titularra, gaur egun-; Buenos Aires da eskualderik handiena, eremuz , baina batik bat hautesle eta legegile kopuruari dagokionez.
Jokaldi politiko hori, baina, harrigarria eta susmagarria da. Izan ere, «itzaleko presidenteak»-hala deritzote hainbat oposiziogilek, uste baitute Cristina Fernandezek iragarritako neurriak haren senarrak, Nestor Kirchnerrek, zuzendutakoak direla-, hautagaia izan zedin, helbidea behar zuen aldatu, Santa Cruz probintziatik -presidente izan aurretik hango gobernadore izan zen hiru aldiz, eta hantxe bizi izan da betidanik- Buenos Aires probintziara -barruti horretako Quinta Presidencial de Olivos izeneko presidente egoitzara-. Halako tramiteak egiteko, urteak ere behar izaten ditu edozein herritarrek, baina hark hiru egunean burutu du.
Horiek baino trikimailu gehiago ere erabili ditu ofizialismoak, behinik behin Kongresuan zeukan gehiengoa ez galtzen ahalegintzearren; gehiengo horri esker, inoiz baino lehenago onartu ahal izan ditu hainbat lege, eta ez ditu ez eztabaidatu ez jorratu Etxe Arrosakoek -gobernu jauregikoek- gogoko ez zituzten beste hainbat ekimen. Orobat, «lekukotasunezko hautagaitzei» bide eman ahal izan diete, orain arte ezin pentsatuzkoak eta ezezagunak zirenak. Alegia, hautagai diren baina hauta ditzaketen kargurako aginterik hartuko ez duten agintari, gobernuko kide, alkate eta diputatuak sortu dituzte: hala nola Nestor Kirchner, Buenos Airesko gobernadore eta presidenteorde izandakoa; Daniel Scioli, alderdiko buruaren beraren atzetik dagoena; eta, hirugarrenik, Sergio Massa, Gabineteko burua. Oposizioko alderdiek Justiziara jo izan dute politikan aritzeko modu hori salatzera, Konstituzioaren kontrakotzat daukatelako. Presidente izandakoaren helbide aldaketa bitxiaren kontua ere salatu dute. Baina ez alferrik, erreklamazio biak errefusatu egin baitizkiete.
Buenos Aires, giltzarria
Buenos Airesek 14 milioi biztanle inguru ditu, eta Argentinako probintziarik jendetsuena da. Hura osatzen dute, batetik, gotorleku peronista nagusia den Buenos Aires Handiak, bederatzi milioi pertsonekin; eta barrualdeko eremuak, lau milioi eta erdirekin.
Barruti garrantzitsua da, han biltzen direlako hautesleen %37, eta horien esku daude 35 eserleku. Horregatik, hautagairik onenen aldeko apustua egin dute alderdiek, eta han jarri dute kanpainaren erdigunea. Inkestekdiotenez, litekeena da berdinketa tekniko bat izatea Alderdi Justizialistaren eta Union-Pro Batasunaren Aldeko zerrendaren artean. Zerrenda horretako burua da Francisco de Narvaez enpresaria, eta hartara biltzen dira peronista disidenteak, eta eskuineko taldea; talde horretako burua da Buenos Airesko gobernuburu eta Boca Juniors futbol taldeko presidente izandakoa, Mauricio Macri enpresaria. Carlos Menem presidente ohiaren politika neoliberalak beren egin izana egozten diete biei ala biei.
Lehen tokian leudeke Akordio Zibiko eta Sozialeko hautagaiak. Batasun Zibiko Erradikalak eta beste hainbatek osatzen dute hura, eta, gehienbat, militante eta buruzagi erradikal izandakoak biltzen ditu, zeintzuek beren alderdiak utzi behar izan baitzituzten, Aliantzak galdu eta gero; hurrengo, Fernando de la Rua izan zen presidente, karguari garaia baino lehen uko egin ziona. Zerrendako buru dira Margarita Stolbizer eta Ricardo -duela gutxi zendu zen Raul Alfonsin presidente ohiaren semea-.
Beste barruti batzuk ere giltzarriak dira hauteskunde hauetan: hala nola Hiriburu Federalean 13 diputatu hautatu behar dituzte; Santa Fen eta Cordoban, bederatzina. Inkesta egile guztiek diotenez, hiru barruti horietan ez da ofizialismoa gailenduko; are, hirugarren tokian geratuko omen da Santa Fen, aise; eta laugarren tokian beste bi eskualdeetan.
«Ez da hauteskunde bat gehiago; herritarren borondatea sendoa dela erakutsi behar diegu»
NESTOR KIRCHNER
Alderdi Justizialistako hautagaia
24
Gobernadoreak. Diputatuen Ganberako ordezkarien erdiak eta Senatuko herenak aukeratzeaz gain, estatuko 24 departamenduetako gobernadoreak ere hautatuko dituzte gaur Argentinan. Horietatik gehienak Alderdi Justizialistako kideak dira egun.Erasoak salatu dituzte oposizioko hautagaiek
Bueno Airesko gobernuburu Mauricio Macrik zuzentzen duen Union-PRO taldeak erasoak salatu ditu aste honetan. Alderdiko iturrien arabera, Cristina Fernandez presidentearen jarraitzaileek harriak jaurti zizkioten Claudio Rucci diputaturako hautagaiaren autoari eta alderdiaren egoitza nagusiari.Nekazari eta abeltzainek deitutako protestek bere asmoetan atzera egitera derrigortu zuten Fernandez, duela hilabete batzuk; orain, egoera nabarmen baretu da, baina gatazka ez da amaitu.
Oposizio gogorrena, nekazariena
I. Aramayo. Buenos AiresCristina Fernandez presidenteak eta haren ingurukoek landa eremua izan dute buruhauste handietako bat, handiena ez esatearren. Argentinako ekoizpen sektore garrantzitsu horretakoekin borrokaldi latzak izan dituzte, besteak beste, 125. ebazpen ospetsua dela bitarteko; ebazpen horren bidez, atxikipen mugikorrak ezarri nahi zizkioten bihien esportazioetako mozkin apartekoari. Borrokaldi hark 129 egun iraun zuen, eta nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreko ekoizleek errepide ugari itxi zituzten, Argentinako ekonomiaren zati handi bat geldiarazteraino. Hurrengo, zartakoa Senatuan jaso zuten, Julio Cobos presidenteordeak berak aurkako botoa eman baitzuen, eta hura izan zen presidentearekiko harremana amaitzeko lehen urratsa. Horren guztiaren ondorioz, bada, Fernandezek atzera bota behar izan zuen neurri polemiko hura.
Nekazaritzako buruzagiek Parlamentuan lorturiko garaipen hark, ordea, ez zituen Gobernuarekiko gatazkak amaitu, eta ez zien bide eman ez elkarrizketei ez negoziazioei. Aitzitik, azkeneko urte hauetan ofizialismoak nekazaritza eta abeltzaintzako sektorearen kontra egin izan du, behin eta berriro -aurkari politiko nagusi bihurtzeraino-, eta jarrera berekoia, zikoitza eta gizarteko gainerako sektoreekiko elkartasunik batere gabea agertu izana egotzi dio. Lotura Batzordeak nekazaritza erakunde nagusietako buruzagiak biltzen ditu, eta eutsi egin izan die bere erreklamazioei, eta, gehien-gehienetan, Gobernuaren noizbehinkako deialdien zain geratu da egonarriz, baina ez dio ezertarako balio izan.
Landa aldeak galera handiak izan ditu, nazioarteko finantza krisiaren gorabeherak ez ezik, lehorte larri bat jasan behar izan dutelako herrialdeko eremu ekoizle garrantzitsuetan; horrek areagotu egin du krisia, eta milioi askoko galerak ekarri dizkie nekazaritzako nahiz abeltzaintzako jarduerei.
Protestek bere hartan diraute. Kanpainaren azkeneko egunean, esaterako, tambero edo ganaduzaleek 1.274 esne-behi sartu zituzten lanerako Hacienda merkatuan, herrialdean «egunero hiru tambo edo ganadutegi ixteak» berekin dakarren egoerari aurre egiteko protesta modura.
Iaz, 125. ebazpena indargabetu eta gero, Fernandez presidenteak hertsatuki agindu zien nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreko buruzagiei talde politikoetan antolatzeko hauteskundeotan. Fernandezen esanetan, «herriaren botoa eskatzeko, eta euren politikak eta ereduak betearazteko».
Nekazaritza eta abeltzaintzako sektorekoak ez dira alderdi politiko bakar batean antolatu, baina 200 buruzagi inguru aurkeztu dira gaur egitekoak dituzten Legebiltzarreko hauteskundeetara hainbat probintziatan, eta Kongresu berrian ordezkaritza handia izatea espero dute.
Segurtasunik eza da gobernuak konpondu beharreko beste arazo handietako bat, eta erabakigarria izan daiteke hautagaiak aukeratzeko orduan. Gaizkileek aurten dagoeneko bederatzi polizia hil dituzte, haien erasoak eragozten zebiltzalarik.