Mundua

Argentinako Gobernuak eta nekazari ekoizle handiek aurreakordioa lortu dute, ia urtebeteren ondoren

Nekazaritza eta abeltzaintza sektoreetako enpresa nagusietako lau presidenteekin behin-behineko hitzarmena lortu dute garia, esnea eta haragiaren ekoizpena bultzatzeko. Akordioarekin "gatazka" bukatzeko esperantza agertu du Barne ministroak.

2009ko martxoaren 4a
17:00
Entzun
Argentinako Gobernuak eta nekazari nahiz abeltzain ekoizle handiek aurreakordioa lortu dute gaur, ia urtebeteko gatazkaren ondoren. Argentinako presidente Cristina Fernandezekin batera bilera egin zuten atzo arratsaldean (gaur goizaldean Euskal Herrian), eta azkenean behin-behineko akordio bat lortu dute, garia, esnea eta haragien ekoizpena bultzatzeko eta haien arteko ezadostasunak bukatzeko.

Akordioarekin "gatazka" bukatzeko esperantza agertu du Barne ministro Florencia Randazzok. "Espero dugu honek gatazka bukatzea eta azkenik Argentinako arlo ekonomikoko eragile guziok gai izatea une zail hau konpontzeko", esan du Randazzok, ondoan Ekoizpen ministro Debora Giorgi zuela.

Herrialdean gatazka luzea izan dute ekoizle handiek eta hauen jarraitzaileek, batetik, eta Gobernuak eta ezkerreko mugimendu eta sindikatuek, bestetik. Ekoizle handiek ohiko laboreak baztertu eta gehienbat soja kantitate handitan ekoiztera mugatu direla salatu izan dute ezkerreko sindikatuek. Gatazkaren ondorioz, hainbat protesta eta errepide mozketa egin izan dituzte bi aldeek.

Orain Argentinako Nekazaritza Federazioko presidente Eduardo Buzzik "ona" iritzi dio Gobernuarekin lortutako aurreakordioari, eta esperantza agertu du hura "epe luzerako politikak diseinatzeko hasiera" izateko.

Giorgi ministroaren esanetan, gariari dagokionez elkar ulertzen hasi dira, eta barne merkaturako kantitate bat uztean adostu dira. Akordioa ixten denean, esnekien esportazioen gaineko zerga ezabatuko du Gobernuak, eta txekorrak ekoizten dituzten abeltzainentzako kalte-ordainak bideratuko ditu.

Gainera, behikiaren ekoizpena bultzatzeko lege proiektua bidaliko dute Kongresura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.