Argentina

Argentinako nortasun agiriak genero identitate ez-binarioak aitortuko ditu

‘X’ hizkia gehitu die gobernuak ‘maskulino’ eta ‘femenino’ markei. Argentina Latinoamerikako herrialdeen artean lehena da hori egiten.

Gobernuak onartutako lege dekretua aurkezteko ekitaldia, Buenos Airesen. MARIA EUGENIA CERUTTI / EFE
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 22a
17:46
Entzun

Euren burua genero sistema binariotik kanpo kokatzen dutenek hala adierazi ahalko dute Argentinako nortasun agirian. Gobernuak maskulino eta feminino markei hirugarren aukera bat gehitzea onartu du, eta, hala, urrats hori egin duen Latinoamerikako lehen herrialdea bihurtu da. Alberto Fernandez presidenteak eman du erabakiaren berri, eta boletin ofizialean publikatu dute handik gutxira.

Nortasun agirian nahiz pasaportean, orain arteko sexu kategoriaren barruan, hiru hizki aukeratu ahalko dira: F, M eta X. Azken hori da genero identitate ez-binarioak aitortzeko dekretu berriak ezarritakoa.

Identitate ez-binarioak nolabait jaso ahal izatearekin pozik agertu dira LGTBI komunitatearen alde jarduten duten gizarte erakundeak, baina, hala ere, gobernuak kritikak jaso ditu hori erregistratzeko moduagatik. Dekretu berria iragartzeko ekitaldian bertan erakutsi du desadostasun hori herritar batek, «ez gara x bat» oihukatuz. Protesta horri erantzunez, Fernandezek aitortu du badirela pertsona ez-binarioen identitateak jasotzeko «beste modu batzuk», baina zehaztu du sistema ez-binariotik kanpo geratzen diren guztiak x horren barruan sartuta daudela, eta Argentina atxikita dagoen nazioarteko hitzarmenetan oinarritu dutela erabakia. «Aurrerapen bat da. Ez genioke horri uko egin behar».

Urrats gehiago egin beharraz ere mintzatu da, «nortasun agirian inori gizona, emakumea edo dena delakoa den galdetzeari uzten zaion artean». Haren gobernukideek ere hitz egin dute erabakiaz. Elizabeth Gomez Alcorta Emakume, Genero eta Aniztasun ministroak adierazi du gobernuaren «proiektu politikoaren identitatearen parte» dela «eskubideak handitzea eta aitortzea».

Ildo horretan kokatu ditu Cristina Fernandez egungo presidenteordeak bere agintaldian hartutako erabakiak; hala nola, Genero Identitatearen Legea sustatu izana eta homosexualen arteko ezkontza legeztatu izana. «Bere lehen legealdian eskubideak zabaldu ziren, modu izugarri batean. Ondoren gu etorri ginen, eta horretan jarraitzen dugu», adierazi du Gomez Alcortak. Dena den, azpimarratu du atzo iragarritako neurria ez dela «bidearen amaiera», indarrean baitaude «patriarkatua eta praktika diskriminatorioak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.