Malvinetako gerraren 30. urteurrena betetzear dela—heldu den apirilaren 2an—, Argentinaren eta Erresuma Batuaren arteko gatazka diplomatikoak berriz ere nazioartearen agendan paratu du Atlantikoaren hegoaldeko artxipelagoa —ingelesez Falkland uharteak—. Iragan astean Argentinak NBE Nazio Batuen Erakundean salatu zuen Erresuma Batua, Atlantikoaren hegoaldeko eremua «militarizatu» duelakoan, eta artxipelagoaren subiranotasunaren auzia plazaratu du berriz. NBEk bitartekaritza eskaini die bi aldeei, baina Londresek erantzun du ez dagoela subiranotasuna eztabaidatzeko prest Malvinetako biztanleek hala nahi ez badute. Munduko hedabideetan liskar diplomatikoak paratu ditu berriz ere Malvinak lehen lerroan, baina Argentinan itxi gabeko zauria izan da azken hiru hamarkadetan; bereziki, 1982ko gerran parte zuten beteranoentzat. «Gerra batean egon denarentzat gatazka ez da su-etena sinatzen denean bukatzen», dio Ernesto Alonso beteranoak (Buenos Aires, 1962).
Erresuma Batuak 1833an hartu zituen kontrolpean Malvinak. 1982an, Argentinan diktadura militarra zegoen agintean, 30.000 lagun inguru desagerrarazi zituen berbera. Hark erabaki zuen herrialdearen hegoaldetik 700 kilometro ekialdera zegoen artxipelagoa militarki hartzea. Malvinetako gerraren berezitasunetako bat izan zen Argentinak gehienbat soldaduska egiten zeuden gazteak eraman zituela borrokara, baina Erresuma Batuak armada erabat profesionala zuen. Gazte horietako bat zen Alonso. «Soldaduska amaitzear nintzen, urte bat baino gehiago neraman, eta nire kideetako batzuei baja emana zieten ordurako». Hala ere, kide horiek berriz ere bueltarazi zituzten, eta apirilaren hasieran guztiak Argentinaren hegoaldera eraman zituzten, Rio Gallegos hirira. «Han erran ziguten hegazkinez Malvinetara eramanen gintuztela. Abiatu bezperan enteratu ginen irletara gindoazela». Apirilaren 13an ailegatu zen Alonso, Argentinako tropek artxipelagoa hartu eta 11 egunera.
Roberto Herrscherri ere (Buenos Aires, 1962) gauza bertsua gertatu zitzaion, bera ere soldaduska amaitzear baitzen Malvinetara bidali zutenean. Alonso baino bi egun lehenago ailegatu zen, apirilaren 11n. «Geure burua gazteegi ikusten nuen, eta borrokarako prestaketarik gabe. Nik espero nuena zen borrokan ez aritu behar izatea. Irtenbide baketsu eta arrazional bat egon zedin nahi nuen». Herrscherren nahia ez zen bete, baina berak pertsonalki «zortea» izan zuela dio, ez zitzaiolako egokitu Erresuma Batuko soldaduekin buruz buru borrokatzea. Itsas armadan egin zuen soldaduska Herrscherrek, eta Malvinetan Port Stanley hiriburuko—argentinarrentzat Puerto Argentino—portuan kokatu zuten. Maiatzetik ekainera arte, ordea, itsasontzi txiki batean eman zuen denbora gehiena, sei militarrekin batera, uhartean zehar garraiorako lanak egiten. «Ideia bat egiteko, Apocalypse Now filmean bezalatsu zen. Tamaina horretako itsasontzia, eta antzeko tripulazioa. Ni Lawrence Fishburne izanen nintzateke». Ontzi hark Penelope zuen izena, eta Malvinetako herritar bati kendu zion Argentinako armadak. Gerra bukatu eta 25 urtera, Herrscherrek idatzi zuen liburuaren protagonista bilakatu zen ontzia: Los viajes de Penelope (Peneloperen bidaiak, Tusquets). Bere kideekin batera Malvinetan bizitakoa kontatu zuen bertan, baina baita bertako biztanleen eta ontziaren historia ere.
Etsaia noiz etorriko zain
Alonsori, baina, infanteriako zazpigarren erregimentukoa zenez, lurrean egotea egokitu zitzaion. Puerto Argentinotik 14 kilometrora bidali zuten, Longdon mendiko posizio estrategikora. «Malvinetan egon nintzen ia egun guztiak han igaro nituen». Gerran 650 argentinar eta Erresuma Batuko 260 soldadu hil zituzten, Malvinetako hiru zibilekin batera. Argentinako biktimen erdiak, 323, GeneralBelgrano gerraontzian hil zituzten, Erresuma Batuko urpeko nuklear batek hondoratuta, maiatzaren 1ean. «Hor sentitu nuen egoerak ez zuela bueltarik», dio Herrscherrek.
Erresuma Batuko tropek maiatza amaieran lortu zuten lehorreratzea. Hala ere, haiek ailegatu bitarteko egunetan ezinegona nabaria zen. «Itxaroten egon behar hori izugarria zen. Erotu egin zaitzake», Herrscherren arabera. «Gogoan dut arrats batean batzuk ero moduan tiroka hasi zirela itsas txakurrei. Gure aurka bonbak paratzera heldu ziren buzoak zirela uste zuten». Herrscherrek dio «bi beldur nagusi» zituela: «Bata, ni hiltzea; eta, bertzea, nik norbait hil behar izatea. Noski, norbait niregana tiroka etorri izan balitz, edo hark hilko ninduen, edo nik hilko nuen hura». Alonsok eta bere kideek, berriz, Longdon mendian Erresuma Batuko gerraontzien eta hegazkinen bonbardaketak pairatu zituzten.
Malvinetan egon ziren aldian, Argentinako soldadu anitzek salatu dutena da kanpoko etsaiari ez ezik ofizialen tratu txarrei aurre egin behar izan zietela. «Malvinetara joan ziren indar armatuak kontinentean garai berean giza eskubideak urratzen ari ziren berberak ziren», azaldu du Alonsok. Hark eta bere kideek gerraren ondoren CECIM Malvinetako Borrokalari ohien Zentroa sortu zuten, soilik zibilek osatua. CECIMek Rio Grandeko auzitegi federalean salaketa paratua du. Soldaduek Malvinetan pairatutako tratu txarrak iker ditzaten, 120 salaketa inguru bildu ditu, «era guztietako tratu txar eta torturekin, baita hilketekin ere».
Herrscherrek ez zuen halakorik pairatu. «Egokitu zitzaidan ofizialak gizakien gisa jokatu zuen gurekin». Baina, hala ere, militarrek gehiegikeriak egin zituztela kontatu du. «Zigor fisikoak ezarri zituzten, eta gaucho-en garaian bezala estaqueatu zituzten mutilak». Zigor horretan, soldaduak aire librean etzanda paratzen zituzten gorputz adar guztiak lurrera lotuta, eta denbora luzean hala eduki. Hagitz zigor gogorra zen, Malvinetako klima ia antartikoa baita.
Longdon mendiko borroka
Maiatza amaieratik Erresuma Batuko soldaduek pixkanaka aitzinera egin zuten Puerto Argentino hiribururantz. Argentinarren azken defentsa guneetako bat zen Longdon mendia. «Borroka gogorrenetako bat izan zen», dio Alonsok. «Britainiarrek ere hala onartzen dute, baja anitz izan baitzituzten». Ekainaren 11ko arratsean hasi zen borroka, eta biharamun goizean bukatu. Alonsoren erregimentuko 36 soldadu hil ziren, «horietako 33 soldaduskan zeudenak»; Erresuma Batuko hildakoak, berriz, 23 izan ziren. Alonsok Puerto Argentinoraino erretiratzea lortu zuen.
Herrscher hantxe zegoen azken borrokaldiek iraun zuten bitartean. «Gogorrena zaurituak ikustea izan zen. Mamuen gisa jaisten ziren mendietatik, txikituta, zonbiak ziruditen. Inoiz ez dut jendea horrela ikusi oinez, hildako aurpegiarekin». Ekainaren 14an sinatu zuen Argentinak errendizioa, eta ia 12.000 soldadu Erresuma Batuaren gerra preso bihurtu ziren. Gatibuen ardura zuen kapitain batek itzultzailetzat hartu zuen Herrscher, ingelesez baitzekien. Astebeteren buruan, Erresuma Batuko ontzi batean ailegatu zen Argentinara. Alonso ere denbora tarte bertsuan etxeratu zuten.
Gerraosteko borroka
Gerraren sufrikarioa amaituta, bertze borroka bat hasi zen beteranoentzat. «Lehengo bizitza berreskuratu nahi nuen, bertze pertsona bat nintzela ohartu nintzen arte. Neska-laguna utzi nuen, karrera utzi nuen, orduan nituen lagunei gerra kontatu nahi nien eta ez ninduten aditu nahi...». Denbora luzean hegazkinak edo suziriak adituta «gaizki» pasatzen zuela aitortu du Herrscherrek, eta amesgaiztoak zituela. Hainbat gauzei esker, ordea, egoerari aurre egin ahal izan zion. «Etxean esperoan zegoen familia bat nuen, babestu egin ninduena». Bertze beteranoekin elkartzen hasi zen, eta militantzia politikoari ere ekin zion. FOSMO Derrigorrezko Soldaduskaren Aurkako Fronteko kide egin zen, eta Adolfo Perez Esquivel idazleak sortutako Bakea eta Justizia mugimenduan parte hartu zuen. Soziologia eta kazetaritza ere ikasi zituen. «Kazetari izateak lagundu zidan bertzeen dramak ulertzen. Bertzeen istorioekin lan egiteak nire mundutik, nire gerratik ateratzen lagundu ninduen». Bide horretatik, liburua idatzi zuenean garrantzitsua iruditu zitzaion bere ahotsa ez ezik, Penelope itsasontzian berekin egon ziren sei militarrena ere biltzea. «Diktaduratik atera zen nire belaunaldiarentzat, militarrak ziren etsaia. Horregatik niretzat ahalegin handia izan zen nirekin egon ziren marinelengana hurbiltzea».
Alonsok eta bere kideek sortutako CECIMen xede nagusietako bat da, hain zuzen, beteranoei bergizarteratzen eta lana bilatzen laguntzea. Alonsok dioenez, gerra bukatu aitzinetik sortu zuten CECIM. «Oraindik ez zen okerrena pasatu, eta jada itzuleran pentsatzen ari ginen». Malvinetan izan zirenen arazo larrienetako bat da bere buruaz bertze egin dutenen kopuru handia. Ez dago datu ofizialik, baina 400 izan daitezkeela diote iturri anitzek; hau da, irletan izan ziren borrokaldietan hil zirenak baino gehiago. Argentinarrei ez ezik, Erresuma Batuko soldaduei ere eragin die gaitz horrek. Han ere ez dago zifra ofizialik, baina iturri gehienen arabera bere buruaz bertze egin duten beteranoen kopuruak gerran hil zirenena gainditu du.
Gerran pairatutakoa salatzeaz eta beteranoei laguntzeaz gain, CECIMek Malvinen subiranotasuna aldarrikatzeko jarrera militantea du. «Ez dugu gerra aldarrikatzen, baina Erresuma Batuaren usurpazioa salatzen dugu. Gerrak lehen baino urrunago utzi zuen Malvinak berreskuratzeko aukera», azaldu du Alonsok. Horregatik, ongi iritzi dio Argentinak NBEn aurkeztutako salaketari. «Eztabaida politikoaren bidez» Londres elkarrizketara behartu behar dela uste du.
Herrscher ere hagitz kritikoa da gerrarekin, eta baita Argentinako gizartearen sektore batekin. «Niri min ematen dit nire herriaren zati handi batek gerra bat futbol partida bat balitz bezala txalotu izanak». Herrscherren ustez, Argentinako Gobernuak kontuan hartu beharko luke Malvinetako herritarren iritzia. «Elkarrizketaren bidez, espero dut argentinarrak Malvinetakoek euren lurraldearekiko sentitzen dutena ulertzeko gai izatea, eta Malvinetakoek ere ulertuko dutela argentinarren ikuspuntua».
Malvinetako auzia
Argentinaren zauri irekia
Erresuma Batuaren eta Argentinaren arteko gerratik ia 30 urte betetzear direnean, Buenos Airesek NBEra eraman du auzia. Hiru hamarkada igaro diren arren, pairatutakoaren ondorioekin bizi dira beteranoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu