1928an jaio zen, Kfar Malal kolonian. Gaztetatik konprometitu zen mugimendu sionistetan: inguruko komunitate musulmanei eraso egiten zieten talde paramilitarretan jardun zuen nerabezaroan eta 1948ko gerran. Oldarkorra eta probokaziozalea zen, eta aise egin zuen gora armadaren egituretan. 1956an, Sinaiko Gerran, armadako unitate bateko buru ipini zuten. Mitlako Pasabidea hartzeko tematu zen, eta maila altuagoetako militarren aginduei obeditu ordez, bere menpeko soldaduak igorri zituen bertara. Gerora, egiptoarren aurkako borroka probokatzea egotzi zioten.
Armadak hainbat urterako zigortu zuen, baina aurki egin zuen berriz gora, eta 1967ko Sei Eguneko gerran dibisio armatu garrantzitsuena zuzendu zuen Sinaiko frontean. Orduan eta 1973ko Yom Kippur Gerran, munduko buruzagi militar nagusiek txalotu zuten haren gerra estrategia. Gerora sarri esan izan da hari esker irabazi zuela Israelek 1973an Egiptoren aurkako gerra.
Likud alderdiko lider izendatuta 1999an, 2001ean Lehen Ministro izendatu zuten. Sharonek alderdia utzi zuen eta Kadima izenekoa sortu. Alderdi berriak, Olmert buru zuela, 2006ko hauteskundeak irabazi zituen.