EKIALDE HURBILEKO GATAZKA

Ariel Sharonek laboristen sostenguarekin onartu du erretiratze plan unilaterala

Israelek nazioartea «engainatu» nahi duela ohartarazi du Jasser Arafaten eledunak

Erredakzioa
2004ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Israelgo Knesset Legebiltzarrakerretiratze plana onartu zuen atzo iluntzean egindako bozketan. Ariel Sharon lehen ministroaren alde bakarreko plana, espero zegoen moduan, oposizioaren sostenguari esker atera zen aurrera. Orotara, aldeko 67 diputatuk eman zioten boza, eta 45 diputatuk kontra bozkatu zuten. Zazpi diputatu, berriz, abstenitu egin ziren Shinui alderdiko Jehudith Naot diputatua ez zen izan bozketan. Likud alderdiko 17 diputatu plan polemikoaren kontra agertu ziren. Hartara, koalizio gobernua osatzen duen Shinui alderdiko eta oposizioko Alderdi Laboristaren botoei esker onartu zuten. Sharonek ez duela dimisioa emango zehaztu zuen ondoren bere alderdia zatitu du planak. Litekeena da, ordea, koalizio gobernua aldatzea eta laboristekin akordioa egitea.

Binyamin Netanyahu eta Limor Livnat ministroek uko egin zioten hasiera batean bozkatzeari baldin eta planaren inguruko erreferenduma egiten ez bazen. Aukera hori «bide zilegi» bakarra dela eman zuten aditzera. Azkenean, dena den, planaren aldeko botoa eman zuten. Alderdi Erlijioso Nazionalak erreferenduma egiten ez bada koalizioa utzi egingo duela ohartarazi zuen.Israelek 1967. urtean okupatu zituen Gaza eta Zisjordania. Planaren arabera, Gazan dauden hogeita bat kokaguneak eta Zisjordaniako beste lau datorren urtea amaitu baino lehen bertan behera utziko dituzte. Gazan 7.300 kolono inguru bizi dira.

Kolonoen protestak

Knesseten aurrean milaka pertsona bildu ziren atzo, planari sostengua edo gaitzespena erakusteko. Kolonoek traidoretzat jotzen dute Ariel Sharon. Jerusalemgo kaleetan lehen ministroa hiltzearen aldeko pintaketak egin zituzten.

Juduek ez dituzte juduak kanporatuko irakur zitekeen kolonoen pankartetan. Beste milaka israeldarrek, ordea, planaren aldeko leloak oihu egin zituzten. Shin Bet zerbitzu sekretuek diputatuen segurtasuna bermatzeko neurriak areagotu zituzten. Israelgo Yediot Ahronot egunkariak atzo ezagutarazitako inkestaren arabera, herritarren %65ek sostengatzen dute plana eta %26 kontra daude.Plan unilaterala nazioarteko komunitatea «engainatzeko» estrategia dela salatu zuen PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Jasser Arafaten eledun Nabil Abu Rudeinak: «Benetako asmoa ez da erretiratzea». Zisjordania erabat menperatzea da planaren xedea, palestinarren iritziz. Israelgo Justizia Ministerioak, ildo horretatik, plana ezartzen baldin bada ere Israelek gerora ere Gazaren gaineko kontrola izango lukeela adierazi zuen txosten batean. Sharonen aholkulari Dov Weisglassek planaren helburua estatu palestinarraren sorrera eragoztea zela jakinarazi zuen hilaren hasieran. Israelgo agintariek palestinarrei amore ematen ari direla eman nahi dute aditzera, ordea, palestinarren ustez. PANeko Negoziazioetarako ministro Saeb Erekatek plana euren iritzia aintzat hartu gabe egin izana salatu zuen: «Israel gure etorkizuna erabakitzen ari da palestinarrak bertan egon gabe eta horrek ez du ekarriko bakea». Errepide Mapa bake egitasmora itzultzeko aldarrikapena egin zuen ministroak.Israelgo lehen ministroak planak «segurtasuna» eta «bakea» ekarriko dituela adierazi zuen herenegun eztabaidaren hasiera ekitaldian: «Estatu palestinarraren alde nago, herri juduaren ondoan. Ezin dugu milioika palestinarren gainean betiko agindu. Lortutakoa babesteko, lurra partekatu behar da». Lehen ministroak pauso «mingarriak» emateko prest zegoela esan zuen.

Israelgo Armadak, bestetik, hamazazpi palestinar hil zituen igande gauean Khan Junis errefuxiatu gunean abiatu zuen operazioan. Armada atzo goizaldean atera zen handik. Gaza hegoaldean, berriz, hogeita zortzi urteko palestinar bat hil zuten tiroz Sufako pasabidean. Zisjordanian, Nabulus ondoan dagoen Yizhar kokagunean beste palestinar bat hil zuen kolono batek, ustez eraso bat egitera zihoala.

-

Knesset





Israelgo Legebiltzarrean 120 diputatu daude. Likudek, Shinuik, Alderdi Erlijioso Nazionalak eta Batasun Nazionalak koalizioa osatzen dute. Laurek 68 diputatu dituzte.

Likud (40 diputatu): Eskuina.@:Alderdi Laborista (22): Zentro-ezkerra.

Shinui (15): Zentroa, laikoa.

Shas (11): Ultraortodoxoa.

Batasun Nazionala (7): Eskuina.

Alderdi Erlijioso Nazionala (6): Eskuina.

Meretz (6): Ezkerra.

Torah Judaismo Batua (5): Eskuina.

Hadash (3): Ezkerra (Israelgo palestinarrak eta juduak).

Balad (3): Nazionalista (palestinarrak).

Zerrenda Arabiar Batua (2): Israelgo palestinarren koalizioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.