Ekialde Hurbila

Ariel Sharonek lanean jarraituko du jasan duen burmuin infartutik osatu ostean

Ariel Sharon Israelgo lehen ministroak jakinarazi duenez ez du bere betebeharrak bertan behera uzteko asmorik bart gauean burmuineko infartua izan arren. Horrela jakinarazi du Israelgo Armadaren irratiaren bidez. Sharonek infartu arina jasan zuela adierazi du Boleslav Goldman lehen ministroaren sendagileak. Era berean, Ilan Cohen lehen ministroaren bulegoko arduradunak adierazi duenez, Sharonen osasun egoerak hobera egin du gau osoan zehar. Cohenek azaldu duenez, ingurukoekin hitz egin du Sharonek eta bere kabuz ibili da oinez ospitaleko gelan.

2005eko abenduaren 19a
12:43
Entzun
Hadassa Ein Karem ospitalera eraman zuten atzo Sharon infartua izan ondoren. Medikuek azaldu zutenez, lehen ministroak konortea galdu zuen minutu batzuetan. Hala ere Goldmanek ukatu egin du informazio hori: “Nik dakidanaren arabera ez du konorterik galdu” . Sharonen sendagile pertsonalaren hitzetan lehen ministroak hiru edo lau egunez egon beharko du ospitalean. Lehen ministroa osatu artean Ehud Olmert Finantza ministroak beteko du haren lekua.

Bestetik, Palestinako presidente Mahmud Abbasek eta Hosni Mubarak presidente egipziarrak Sharonen osasunaren gaineko kezka agertu diete Israelgo agintariei.

Bitartean Ariel Sharonen alderdi ohiak, Likud alderdiak hain zuzen, barne bozak egingo ditu gaur. Benjamin Netanyahu lehen ministro ohia, Atzerri ministro Silvan Shalom, Nekazaritza ministro Yisrael Katz eta Moshe Feiglin diputatua dira alderdiko presidentetza eskuratzeko hautagaiak. Alderdiko kideek adierazi dutenez, lehen ministroaren eritasunak arreta handiagoa eragingo du eta ondorioz parte-hartzea ere handiago izango da alderdiko barne bozetan. Ariel Sharon lehen ministroak Likud alderdia utzi eta Kadima (Aurrera) alderdia sortu berri du. Adituen iritziz gaixotasunak kalte egingo dio alderdi berriari. Hautesleek fedea galduko omen dute gaixorik dagoen 77 urteko buruzagiarengan. Horrek, datorren martxoaren 28an egingo diren Israelgo hauteskunde orokorrei begira on egingo lioke Likud alderdiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.