Zazpi urtez erbestean izan ondoren, Jean Bertrand Aristide Haitiko presidentea bere herrira itzultzeko bidean da. Aristidek atzo gauean hartu behar zuen hegazkina Johannesburgon (Hegoafrika), eta gaur goizean Port-au-Princen egongo zela agindu zuen bere bozeramaileak.
AEBetako Gobernuak kezka azaldu du, uste baitu Aristideren itzulerak are gehiago desoreka dezakeela Haitiko egoera hauskorra. Igandean, presidentea aukeratzeko hauteskundeen bigarren itzulia egingo dute. Aristideren alderdi Familia Lavalasi ez zioten parte hartzen utzi.
Bigarren itzuli horretan Mirlande Manigat eta Michel Martelly lehiatuko dira, haiek lortu zituztelako boto gehien azaroko lehen itzulian. Hasiera batean, oraingo gobernuaren ordezkari bati eman zioten bigarren postua, baina emaitzak berraztertu behar izan zituzten, hainbat irregulartasun topatu zituztelako.
Aristideren itzulera gauzatzen bada, azken hilabeteotan Haitira bueltatutako bigarren agintari ohia izango da. Jean Claude Duvalier Baby Doc diktadorea urtarrilean itzuli zen, eta epaiketaren zain dago, ustelkeriaz akusatuta.
Hain zuzen ere, Duvalier ordezkatu zuen Aristidek 1991n, lehen hauteskunde demokratikoetan. Hilabete batzuren ondoren militarrek bota zuten. 1994an itzuli zen boterera, AEBen laguntzarekin. 2001etik 2004ra ere presidente izan zen, baina matxinada batek bota zuen. Ordurako AEBen sostengua galduta zeukan Aristidek.
Aristide Haitira itzultzeko bidean da, hauteskundeen bezperan
AEBek uste dute presidente ohiaren itzulerak are gehiago desegonkortuko duela herrialdearen egoera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu