Hegoafrikan erbesteratuta dagoen Aristide presidente ohiaren segida hartzeko prest azaldu dira 33 hautagai eta Legebiltzarrerako 129 eserlekuetara lehiatzen direnak 1.300 dira. Lehendakaritzarako hautagaien artean inkestek faborito nagusitzat jotzen dutena da Rene Preval. Kargu hori jada bete izan du, Aristideren bi agintaldiren artean, 1996 eta 2001 bitartean.Aristideren adiskide gisa ikusia da Preval eta herritar pobreenen artean boto ugari lortu behar luke. CID-Gallup Latin America urtarrilaren 21ean plazaratutako inkesta batean boto asmoen %37 bereganatzen zituen. Azterketa honen arabera beti, Charles-Henri Baker enpresaburu aberatsaren alde bozkatzeko asmoa azaltzen zuten %10ek eta beste %8k, berriz, 1998an bost hilabetez, Armadaren nahikundez, presidente izan zen Leslie Manigati.Lehendakaritzara lehiatzen direnen artean daude Aristideren aurkako matxinadaren bultzatzaileetatik bat izan zen Guy Philippe Haitiko poliziaburu ohia eta Jean-Claude Duvallier diktadorearen agintaldian zein Aristideren boterealdietan ere hainbat hilketaren erantzuletzat jotzen duten Dany Toussaint Armadako lotinanta ohia. Hautagai kopuru handi honekin aukera gutxi dago lehendakaria lehen txandatik hautatua izan dadin eta bigarren bozkaldi bat egingo dute martxoaren 19an.
Krisi larria
Lehendakari edozein aukeratuta ere, egoera larri bati aurre egin beharko dio. Izan ere, munduko herrialde pobreenetatik bat den eta 8,3 milioi bizilagun dituen herrialde honetan langabezia tasa %80ra igotzen da; lana daukatenak egunean batez beste 1,07 dolarrekin bizi dira; herritarren erdiak baino gehiagok ez dakite ez irakurtzen ez idazten; bizi iraupena, batez beste, 52 urtekoa da; eta indarkeria alde orotan dago.
Gizarte desegituratu eta ekonomia kinka oso larri honen erdian, indarkeria da guztiz nagusituta. Iaz, 2.000 lagun inguru bahituak izan ziren eta diru ordainketa baten truke askatuak. Hilketa ugari ere gertatzen da egunero. Egoera horri aurpegia emateko gai ez dira izan Aristide boteretik haizatu zutenetik lehen ministro den Gerard Latortue eta haren gobernua. Bere manupean diren 5.000 polizietatik laurdena diruz erosiak eta hainbat trafikotan murgilduta daudela aitortu du Mario Andresol poliziaburuak.Kaosa geldiarazterik ez du lortu, halaber, Nazio Batuen Erakundeak Haitira bidalitako Minustah indar armatuak. Minustahen jarduten dute 7.500 mili- tarrek eta 1.500 poliziak. Indar hauek, baina, ez dute legea betearazterik erdietsi, Port-au-Prince hiriburuko auzune zokoratuenetan. Gainerat, talde armatuen jomuga bilakatu dira eta 2004ko ekainean Haitin zabaldu zirenetik bederatzik bizia galdu dute. Giro honen ondorioz ere, antza, Minustaheko buruzagi militarrak bere buruaz beste egin zuen urtarrilaren 7an. «Instituzioen gainbeherari gelditze bat ematea ez bada lortzen eta legezkotasun zerbait izango duen gobernu bati ez badiogu laguntza guztia ematen, atzera egiterik gabeko egoera batera iritsiko gara», nabarmendu du Minustaheko arduradun Juan Gabriel Valdesek.
Hamarkada gatazkatsua
1991ko otsaila: Jean-Bertrand Aristidek presidente kargua hartu zuen, bozak irabazi ostean.
1991ko iraila: Raoul Cedras jeneralak estatu kolpea eman zuen. Aristide erbestera joan zen.
1994ko urria: Nazioartekoak babestuta, Aristide boterera itzuli zen.
2000ko abendua: Oposizioak boikota egin zuen bozetan. Aristidek botoen %91 lortu zituen. Oposizioak iruzurtzat jo zituen emaitzak.
2001eko abendua: Guy Phillipe poliziaburu ohia estatu kolpea ematen saiatu zen.
2002: Aristidek bilerak egin zituen oposizioarekin. AEBek, Garapenerako Amerika arteko Bankuak eta Europako Batasunak diru laguntzak bertan behera utzi zituzten. Abuztuan, Aristideren aurkako manifestazioak hasi ziren.
2003ko iraila: Aristideren aurkari Amiot Metayer paramilitarra hilda agertu zen.
2004ko urtarrila: Herrialde osora zabaldu ziren Aristideren aurkako protestak.
2004ko otsaila: Aristide erbestera joan zen. Auzitegi Goreneko presidente Boniface Alexandrek ordezkatu zuen.
2004ko martxoa: Aristidek bahitu zutela eta estatu kolpe baten biktima izan zela salatu zuen. AEBek eta Frantziak ukatu egin zuten. Gerard Latortue izendatu zuten lehen ministro.
2004ko martxoa: NBEk Minustah misioa sortu zuen.
2005eko abendua: Laugarren aldiz atzeratu ziren bozak. Urtarrilean ziren egitekoak.
2006ko urtarrila: Minustaheko buruzagi militar Augusto Heleno Ribeiro hilda agertu zen. Bi kasko urdin hil ziren; Minustah sortu zenetik 10 ziren hildakoak.
2006ko otsaila: Hauteskunde orokorrak egin zituzten.