Minutu bateko isilunearekin gogoratu dituzte Hiroshiman duela 70 urte AEBek jaurti zuten bonba atomikoaren ondorioz hil ziren biktimak. Little boy (mutil txikia) bonba lehertu eta berehala, 80.000 lagun baino gehiago hil ziren; handik urte amaierara, 140.000 lagun; eta, hurrengo urteetan, erradiazioaren eraginez, milaka gehiago. Mundu osoko ordezkari politiko askok —ehundik gora— hartu dute parte biktimen omenezko ekialdian. Besteak beste, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta AEBetako ordezkariak izan dira Hiroshiman.
Urte hauetan guztietan, ordea, AEBetako presidenterik ez da izan han. Hiroshimako alkate Kazumi Matsuik joateko gondita egin zion Barack Obamari atzoko ekitaldian, bertatik bertara ezagut ditzan bonbak eragin zituen ondorioak. Halaber, bai Obamari eta bai Japoniako lehen ministro Shinzo Aberi eskatu zien gogor lan egin dezatela "arma nuklearrik gabeko mundu baten alde". Sarraski hartatik bizirik irten ziren hibakusha baten semea da Hiroshimako alkatea.
G7rako etxekolanak
Datorren urtean Japoniako Shima hirian ospatuko da G7 goi bilera, eta hori ere hartu zuen hizpide Hiroshimako alkateak. Haren ustez, aukera paregabea da bilkura hori arma nuklearrak abolitzeko eskatzeko. Haren esanetan, munduan 1.500 arma nuklear baino gehiago daude oraindik. Eta Hiroshimako bonba atomikotik bizirik irten ziren hiru pertsonatik bi minbiziak jota hiltzen dira, erradiazioaren ondorioz.
“Hainbeste hamarkadaren ondoren, hondamendiaren ondorioak jasaten ari gara oraindik. Ba al da hori baino argudio sendoagorik arma nuklearren deuseztatzea bultzatzeko?” adierazi du Peter Maurer Nazioarteko Gurutze Gorriaren presidenteak.
Bi sarraski, hurrenez hurren
Lau egunean bi bonba atomiko lehertu zituzten Ameriketako Estatu Batuek Japonian 1945eko udan; Hiroshiman lehena, abuztuaren 6an, eta Nagasakin bigarrena, 9an. Bi aste lehenago, AEBek ultimatuma emana zioten Japoniari, Erresuma Batuarekin eta Txinako Errepublikarekin batera, baina gobernu japoniarra ez zen errenditu. Amore ez eman izanari gogor, masiboki eta neurririk gabe erantzun zioten. Bonba bakar batek eragindako maila horretako suntsiketarik ez zen ezagutu ordura arte.
Duela 70 urte Japoniako hiriburuan lehertutako bonbak Hiroshimaren %90 suntsitu zuen; 80.000 lagun baino gehiago hil zituen leherketan, eta 100.000tik gora ondorengo egunetan, erradiazioarekin kaltetuta. Hiru egun geroago, bigarren bonbak gutxienez 70.000 pertsona hil zituen Nagasakin.
AEBen bi eraso gupidagabeek markatu zuten II. Mundu Gerraren amaiera, Nagasaki bonbardatu eta sei egunera. "Iragana ezin da aldatu, baina asko ikas daiteke hartatik". Fukahori hibakusha-ren hitzak dira; Hiroshima eta Nagasakiko bonba atomikoetatik bizirik ateratako pertsonei deitzen diete hibakusha; bonbardatutako pertsona esan nahi du euskaraz. Agintariengandiko desinformazioa eta bazterketa soziala jasan dituzte urteetan. Isiltasunaren eta zentsuraren biktimak izan dira.