erredakzioaBere programa nuklearraz, munduko beste bost herrialderekin aurretik izan zituen hizketaldiei berriz ekitea ukatzearekin batera, Ipar Koreak aitortu du lehendabizikoz arma atomikoa baduela. Piongiangeko aginteak azaldu du arma nuklearra «atzerarazte eta autodefentsa» baliabide bezala garatu duela. Baliabide hauek areagotzeko asmoa agertu du Ipar Koreak, Ameriketako Estatu Batuek Piongiangeko agintea «zokoratzeko eta itotzeko asmo argia daukatelakotz».
«Arma nuklearrak ez hedatzeko hitzarmenetik erretiratzeko erabaki finkoa hartu dugu eta arma nuklearrak fabrikatu ditugu gure burua zaintzeko, baita AEBetako Bush administrazioak gure aurka bideratutako politika gero eta zokoratzaile, itotzaile eta oldarkorragoari aurre egiteko ere», zioen Ipar Koreako Atzerri Ministerioak atzo zabaldutako agiriak. «Arma nuklearraren sail hori indartu egingo dugu, baina disuasio eta autodefentsa baliabide bat izango da beti», zehazten zuen KCNA agentzia ofizialak plazaratutako oharrak.Arma nuklearrak ez hedatzeko nazioarteko hitzarmenetik erretiratzea ebatzi ondoren, haatik, Piongiangeko aginteak onartu zuen beste bost herrialdek osatutako talde batekin, zehazki, Hego Korea, Japonia, Txina, Errusia eta Ameriketako Estatu Batuekin hizketaldiak izatea. Elkarrizketa hauei berriz ez ekiteko erabakia azaltzearren, hauxe zioen Ipar Koreako Atzerri Ministerioaren agiriak: «Sei mintzakideon arteko solasaldi hauekin konforme geunden, baina gure parte-hartzea etetera behartuak izan gara eta jarrera honi eutsi egingo diogu, emaitza onuragarriak lortzeko giroa eta baldintzak berriro izan arte».George W. Bush AEBetako presidentearen administrazioak Piongiangeko agintearen aurka egindako aldarrikapenak eta hartutako jarrerak izan ziren Ipar Koreak arma nuklearrak ez hedatzeko itunetik erretiratzeko aurreratu zituen argudioak. Haatik, Bushek Estatuaren Egoera-zjoan den astean aditzerat eman zuen hitzaldian, Ipar Korearen aurkako adierazpen gogorrik ez zen izan. Bushek nabarmendu zuen AEBek euren aliatuekin elkarlanean jardun nahi zutela, Ipar Koreako arazoari konponbide negoziatu bat aurkitzeko.
Erreakzio zuhurrak munduan
Haatik, AEBetako Estatu idazkari Condoleezza Ricek hitz bipilagoak izan zituen senatarien aurrean bere politika egitasmorako mintzaldia egitean. Ricek «tiraniaren aurrelerroan» jarri zuen Piongiangeko agintea.
Ipar Koreako Atzerri Ministerioak atzo egindako adierazpenei dagokienez, Ricek iharduki zuen Washingtonek aztertuko dituela eta bere aliatuen iritzia jasoko duela. Munduko hainbat herrialdetan egunotan egiten ari den itzulian Luxenbugon zelarik atzo, hauxe gaineratu zuen Ricek: «AEBek ez dugu Ipar Koreari erasotzeko eta inbaditzeko asmorik». Beste lau herrialderekin batera bultzatutako elkarrizketei dagokienez, zera gehitu zuen: «Munduak irtenbide bat eskaini dio Ipar Koreako Gobernuari eta espero dugu aukera hau baliatuko dutela»Errusiako Atzerri Ministerioko eledun Alekzander Jakovenkok zera adierazi zuen: «Aldeen arteko negoziaketei berriz ekiteko itxaropena gordetzen dugu, guztiontzat onuragarri izango den konponbide bat lotzeko». Frantziako Gobernuak, halaber, auzi nuklearraren konponketarako prozesu diplomatikoan, «lehenbailehen», berriro parte hartzeko deia egin zion Piongiangi. Japoniak, berriz, iragarria Ipar Korearen erabakia «zuhurziaz» hartu behar zela nabarmendu zuen.
Arma nuklearrak dituela onartu du Ipar Koreak
Piongiangek iragarri du oraingoz ez diela berriro ekinen bere programa nuklearraz beste bost herrialderekin izan dituen elkarrizketei, nazioarteak kontrakoa eskatu arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu