mundua

Arma nuklearren erabilera mugatzeko "akordio historikoa" sinatu dute AEBek eta Errusiak

Barack Obama eta Dmitri Medvedev presidenteek izenpetu dute, Pragan. Bi herrialdeek %30 murriztuko dituzte armategi nuklearrak. Iranek ez badu bide bera segitzen, Segurtasun Kontseiluak "zigor inteligenteak" ipini beharko lizkioke.

2010eko apirilaren 8a
16:26
Entzun
Arma nuklearren erabilera mugatuko duen "akordio historikoa" sinatu dute gaur Pragan Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta Errusiak, Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak aitortu duenez. Barack Obama AEBetako presidenteak eta biek izenpetu dute.

Start itunari hartu dio lekukoa akordio berriak. 1991n sinatu zuten itun hura George Bush eta Mikhail Gorbatxov AEBetako eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko buruek, 1994ko abenduan jarri zuten indarrean eta joan den abenduan bukatu zitzaion iraupen epea. Hitzarmen berriaren arabera, AEB eta Errusiak bakoitzak gehienez 1.500 buru nuklear izan ditzake. Hala, bi nazioek %30 murriztuko dituzte armategiak. "Baina gehiago murrizteko bide ere ematen du itun berriak", adierazi du Obamak gaur, Pragan. Defentsa antimisilei buruzko negoziazioak ere hasiko dituztela iragarri dute.

Egungo datuen arabera, 2.200 buru nuklear dituzte AEBek eta 2.800 Errusiak -zenbakiak ez dira zehatzak; izan ere, informazio hori sekretua da-. Horretaz gain, arma nuklearrak botatzeko ibilgailuen kopurua 800era jaitsiko dute, eta akordioa betetzen ari direla egiaztatzeko sistema ere jarriko dute.

Iranek ere arma nuklearren erabilera mugatu beharko lukeela esan du Medvedevek. "Teheranek ez badu erreakzionatzen, ezingo ditugu begiak itxi". Segurtasun Kontseiluak Irani "zigor inteligenteak" jarri beharko lizkioke, Errusiako presidentearen ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.