Estatu Batuak. Gizarte armatua

Arma, tiro, pun…

Izen propioak eta lekuak aldatzen dira, baina ondorio bera dute: armak kontrolik gabe erosi eta erabiltzen dituztenen sarraskia; merkatuetan, eskoletan edota espero ez den edozein lekutan 9.500 hilketa izaten dira gutxi gorabehera urtean, AEBetan.

New York
2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Minnesotan, 2005ean, 16 urteko nerabe batek bederatzi pertsona hil zituen, eta gero bere buruaz beste egin ikastetxean. 2007an, 23 urteko ikasle batek 32 pertsona hil zituen Virginia Tech unibertsitatean; horrek ere, bere buruaz beste egin aurretik. Hemeretzi urteko gazte batek, asaltoko fusil bat erabilita, zortzi lagun hil zituen Omahako (Nebraska) merkataritza zentro batean. Hurrengo urtean, Bizarzuriz mozorrotutako gizonezko batek Eguberrietako jai batean bederatzi pertsona hil zituen, eta bere buruaz beste egin. 2009an, buru gaixotasuna zuen gizon batek hamar lagun hil zituen, tartean bere ama, Alabaman. Psikiatra militar batek, berriz, hamahiru pertsona hil eta 42 zauritu zituen base militar batean. 2010eko urtarrilean, zortzi hildako, Virginian; abuztuan, zortzi lankide hil zituen beste batek, suizidatu aurretik.

2011. urtea: Tucsongo (Arizona) kirol denda batera sartu zen gazte bat. Glock 19 erdi automatiko bat eskatu zuen. Galdera askorik erantzun beharrik gabe eta armak erabiltzeko inolako debeku edo eragozpenik bazuen ziurtatu gabe, pistolagatik 499 dolar eta 33 balako kartutxoarengatik 45 dolar ordainduta, dendatik atera zen. Urtarrilaren 8an, sei pertsona hil zituen, tartean 9 urteko neskatila bat eta Gabrielle Giffords politikaria. Hamalau zauritu zituen 22 urteko Jared Lee Loughner gazteak.

Filmetako sinopsiak diruditen arren, askotan errepikatzen den errealitatea da AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Izen propioak eta lekuak aldatzen dira, baina ondorio bera dute: su armen bidez eragindako heriotza.

90eko hamarkadan estatubatuarren %75ek defendatzen zuten armak kontrolatzeko legeen beharra. Orain kaleratu berri diren zenbait inkestek erakutsi dute %44erajaitsi dela zifra hori.

Azkena Arizonako tiroketa batean gertatu da; armak izateko eskubidea defendatzen duen Gabrielle Giffords kongresuko politikari demokratak jaso zuen buruan tiroa. Eskubide hori eta legedi malgua baliatu zuen Loughner burutik gaixoak.

Ahots asko dira egun hauetan legeetan aldaketak egin behar direla aldarrikatu dutenak, baina NRA National Rifle Association-ek duen eragin politikoak, su armak edukitzeko eskubidea defendatzen dute, eta errepublikanoen aldeko sektore atzerakoienaren, Tea Partyaren indartzeak, hainbat estatutan armen kontrolerako indarrean zeuden araudi eta legeak bertan behera geratzea ekarri du. Errepublikanoek bertan egindako aldaketei esker, Arizona da askatasun handiena dagoen estatuetako bat. Eta atentatuaren eragina ez da jendearen iritzian antzeman, baina bai salmentetan: Arizonako atentatuan erabilitako arma modeloaren salmenta %60 hazi da. Zenbait dendatan agortuta daude.

«Pistolek ez dute hiltzen, pertsonek hiltzen dute». Edo «polizia ez zaizu babestera etorriko. Zu eta zure familia tirokatua, zauritua eta bortxatua izan ostean aztarnak jasotzera etorriko da»; halako argudioak entzuten dira NRA elkarteko partaide diren zenbaitzuen ahotik —lau milioi ditu guztira—. Konstituzioaren bigarren zuzenketak babesten du eskubide hori, eta, besteak beste, Tucsongo ekintzaren inguruan beraien elkartasuna adierazi diete zauritu eta hildakoen familiei.

1993an Long Islandeko trena tirokatu zutenean senarra galdu zuen Carolyn McCarthy kongresistak urteak daramatza lege berrien alde borrokatzen, «eta berriro proposatuko ditut», esan berri duen arren, armagintzako lobby-aren aurka egitea «beti arazo izaten dela» aitortu du. Michael Bloomberg New Yorkeko alkatea da sutsuki legeen aldaketak defendatzen dituenetako bat.

Barack Obamak ere presidentetza lortzeko bere kanpainan agindu zuen su armak eskuratu eta edukitzeko legeak gogortu egingo zituela. Orain arte ez da halakorik etorri, eta badirudi bere agenda politikotik kanpora geratuko dela hain korapilatsua gerta litekeen gaia.

Beroaldian, zenbait politikarik eztabaida mahai gainean jarri dute. Baina hildakoez familiakoak bakarrik gogoratzen direnean barealdia ere etorriko da, beste askotan gertatu izan den bezala.

Urtero milaka heriotza

Ronald Reagan presidentea hiltzeko saioan zauritu zen prentsa arduradunaren izena darama Brady Campaign elkarteak;hark emandako datuen arabera, guztira 283 milioi arma daude zibilen esku. Urtero 4,5 milioi arma berri —bi milioi eskuko pistola— saltzen dira. Bigarren eskuko salerosketa bi milioi su armetakoa da.

Kopuru horren eragina ere zenbakitan konpara liteke beste zenbait herrialderekin: armen eraginez, urtebetean 17 pertsona hiltzen dira Finlandian, 35Australian, 39 Ingalaterra eta Galesen, 60 Espainian, 194 Alemanian eta 200 Kanadan. Datu horietatik oso urrun daude AEBetakoak: urtean 9.500 heriotza inguru izaten baitira gutxigorabehera, su armek eraginda; eta 66.800 bala zauritu. 1968. urteaz geroztik, milioi bat estatubatuar hil omen dira su armen eraginez.

AEBetako 22 estatutan baimenduta dago jatetxeetara armekin sartzea; Arizona, Georgia eta Virginian bezala, Tennessee estatuan ere alkohola zerbitzatzen duten tabernetan su armarekin edonor sar daitekeela erabaki berri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.