Arabiar Ligaren urteko bilkurari heldu diote asteburu honetan Egiptoko Xarm al-Xeik hirian, Yemengo gatazka bete betean dela; laugarren egunez bonbardatu ditu Saudi Arabiak gidatutako koalizioak huthien posizioak. Hain zuzen ere, Yemen eta Libia izan dira arabiar herrialdeen bilkuraren ardatzak. «Beharrezkoa da mehatxu horiei azkar eta era orekatuan aurre egitea», adierazi du Abdel Fatta al-Sisi Egiptoko presidenteak Arabiar Ligako txandakako buruzagitza hartzean. «Inguruko mehatxuei» erantzuteko, herrialde arabiarrek armada bateratu bat sortzeari buruz eztabaidatu dute. Ostegunean Atzerri ministroek zirriborro bat adostu zuten, eta estatu buruek ebazpen bat onartu dute. Horrela, aspaldiko ametsa egi bihurtuko dute: armada bateratu bat osatzea.
«Arabiar herrialdeok geure burua defendatzeko gai garela erakutsiko du ebazpen horrek». Nabil Elarabyk Arabiar Ligako idazkari nagusiak historikotzat jo du proiektu militarra. Hurrengo hilabeteetan proposamena onartzen duten herrialdeen buruzagi militarrekin mintzatuko da, armada bateratua osatzeko mekanismoak eta aurrekontua hitzartzeko. Egiptoko Atzerri ministro Sameh Xukriren hitzetan, «misio azkarrak eta eraginkorrak» egiteaz arduratuko da indar berri hori. Zirriborroan adostutakoaren arabera, 40.000 eliteko soldaduz, hegazkinez eta gerra ontziez osatuko dute indarra.
Aspaldikoa da arabiar armada bateratu bat osatzeko ideia. Orain 65 urte sinatu zuten elkar defentsarako ituna, Arabiar Liga sortzean. Baina herrialdeen arteko desberdintasunek eta Israelen aurkako porrot militarrek zapuztu zuten harago joateko ekimen oro. Azken urteetan gatazka eremuetan tropak hedatzeko asmoak ere ezerezean geratu dira, eta nazioarteko tropek hartu dute eginkizun hori Iraken eta Libanon.
AP agentziaren arabera, azaroan hasi ziren Saudi Arabia, Egipto, Arabiar Emirerri Batuak eta Kuwait indar bateratu bat sortzeaz hitz egiten. Azken urtean praktika militar bateratu ugari egin ditu Egiptok golkoko aliatuekin.
Libian EI Estatu Islamikoaren presentziak kezkatzen ditu arabiar herrialdeak. Bestalde, Iranen eragina apaltzeko tresna litzateke armada. Saudi Arabiak huthien babesletzat du Teheran, nahiz eta Iranek hori ukatu. Horrez gain, Iraken EIren aurkako borrokan eragile garrantzitsua bihurtu da errepublika islamikoa, eta auzi nuklearrari buruzko negoziazioak bide onetik doaz. Horrenbestez, zigorrak altxatu eta nazioartean Mendebaldeak bakartuta egoteari utz diezaioke laster.
Edonola ere, Al-Sisik adierazi du proiektu militar hori ez dagoela ezein herrialderen aurka zuzenduta. «Ez du estatuen barne kontuetan esku hartu nahi, baizik eta arabiarren interesak defendatu». Izan ere, inguruko «izaera» mehatxupean dagoela ohartarazi du, muturreko islamistei eta Yemengo huthien mugimendu xiitari erreferentzia eginez.
Haatik, Arabiar Ligako herrialde batzuk zuhur mintzatu dira indar bateratu horri buruz. Iraken kasua da, hain zuzen, Iranekin harreman estuena duen herrialdea. 2011n Siriako gerra zibila piztu zenetik, Damasko Arabiar Ligatik kanpo utzi zuten. Halaber, Aljeriak herrialdeen subiranotasuna errespetatzeko eskatu du.
Azken urteetan hainbat herrialde arabiarrek euren interesak defendatzeko operazio militarrak abiatu dituzte euren kabuz. Azkena Egiptok, Libian. EIk 21 kopto burugabetu ostean talde islamistaren posizioak bonbardatu zituen otsailean. 2011n Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek militarki esku hartu zuten Bahrainen, matxinada zapaldu eta agintari sunitak babesteko.
Bestela jokatu du Saudi Arabiak Yemengo huthien aurkako erasoari ekiteko. Arabiar herrialdeen laguntza eskatu, eta bederatzi herrialdek osatutako koalizio zabal bat osatu du.
Hadi, Egipton
Yemengo presidente Abd Rabu Mansur Hadiren ustetan, proiektuaren «aplikazio praktikoa» da Yemengo operazio militarra. Bilkuran izan da Hadi, eta eskatu du erasoei eusteko, huthiak «errenditu arte».
Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak palestinar auzia ekarri du batzarrera, eta, bide batez, herrialde batzuen alde biko neurria azaleratu du. «Yemenen hartutako neurriak hartu beharko lirateke sufritzen duten beste herrialdeetan ere, hala nola, Palestinan, Libian, Sirian eta Iraken».