Alemaniako kantziler Angela Merkelek 500 milioi euroko laguntza iragarri eta hurrengo egunean "armada indartuko" duela jakinarazi du Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak. Haren esanetan, hori da "independentziaren aldeko borroka" irabazteko modu bakarra.
Orotara 2.275 milioi euro bideratuko ditu Kievek datozen bi urteetan armada indartzera. "Bere armadaren gastuetan aurrezten duenak, besteen armada elikatzen du", nabarmendu du Poroxenkok eta ohartarazi du Ukrainaren aurkako gerra "Europaren aurkako gerra" dela. "Europako Batasuna, AEBak, denak daude gurekin, Kanadatik Australiaraino".
Bestetik, Errusiak iragarri du beste giza konboi bat bidaliko duela Ukrainara. Serguei Lavrov Atzerri ministroaren arabera atzo eman zioten erabakiaren berri Kievi, "baldintzak adosteko". Joan den astean, Moskuk 200dik gora kamioi bidali zituen Ukrainara, Kieven baimenik gabe. Ekintza eraso larritzat jo zuten bai Poroxenkoren gbernuak eta baita Bruselak ere. Vladimir Putin Errusiako presidentearen esanetan, ordea, "Kievek jarritako trabak gainditzeko modu bakarra" haren baimenik gabe herrialdean sartzea zen.