Armada Kairoko manifestariei oldartu zaie, eta gutxienez bi lagun hil ditu

Egiptoko Ministroen Kontseilura eta Legebiltzarrera sartzen ahalegindu dira; ehun lagun zauritu dituzte

Erredakzioa
2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Hosni Mubarak diktadorea kanporatu ondoren ez du Egiptok egonkortasunik lortu. Atzo, legebiltzarrerako bozen bigarren fasea amaitu eta egun bat geroago, armadaren eta manifestarien artean berriz ere liskar gogorrak piztu ziren Kairon. Ministroen Kontseiluaren parean kanpatuta dauden oposizioko kideei gogor jazarri zitzaizkien soldaduak, eta gutxienez bi hildako eta ehundik gora zauritu eragin dituzte. Hainbat lagunek, gainera, bala zauriak dituztela salatu dute manifestariek.

Herrialdearen gidaritzan den Junta Militarra agintetik kentzea eta haien buruzagi Mohamed Hussein Tantauiren dimisioa eskatzen dute Ministroen Kontseiluaren egoitzaren parean kanpatuta daude lagunek. Hain zuzen ere,Tahrir plaza trafikorako ireki eta gero mugitu ziren gobernu eraikinak dauden ondoko kale horretara.

Kanpatuta zegoen herritar baten atxiloketak eragin zituen istiluak atzo. Poliziek Ibrahim Abudi gaztea atxilotu eta jo egin zutela zabaldu zen manifestarien artean. Horrek haserrea eragin zuen eta militarrei harriak botatzen hasi ziren. Soldaduek, berriz, gobernu eraikinaren teilatutik eraso egin zieten manifestariei. Lekukoen arabera, harriak, botilak, egur zatiak eta kristalak jaurti zizkieten. Legebiltzarrera eta Ministroen Kontseilura sartzen ere saiatu ziren manifestariak, baina soldaduek bidea itxi zieten.

Erasoa gaitzetsi dute

Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia alderdi islamistak gertakariak gaitzetsi ditu, eta manifestarien aurkako erasoak geldiarazteko eskatu dio Junta Militarrari, «Tahrir plazan aurrez gertatutakoa» errepikatu ez dadin. Bozen bidez, herritarrek aldaketa demokratikoa nahi dutela gogorarazi dute, bestalde.

Armadak, berriz, atzoko gertakariak hauteskunde prozesuak huts egitea nahi dutenen konspirazioa izan direla adierazi du. Horretaz gain, gobernu eraikinen aurka egiten dutenak geldiarazteko indarra erabiliko duela ere ohartarazi du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.