Swat ibarrean ekintzaile talibanen azken gotorlekuaren aurkako erasoaldia hasi zuela iragarri zuen atzo Pakistango armadak. Bestalde, Peoshar eskualdera soldaduak bidali zituzten helikopteroz; Swateko eskualde hori Maulana Fazullah talibanen buruaren feudoa da. Gobernuak harekin sinatu zuen bake akordioa joan den otsailean, eta akordio horri esker jarri zen eskualdean xaria lege islamikoa indarrean. Halaber, armadak jakinarazi duenez, Fazullah babestuta dagoen gunea bonbardatu zuten.
«Helikopteroek soldaduak eraman dituzte Peosharko eskualdera, harat ihes egin duten gerrillariak eta terroristak garbitzeko», azaldu du Pakistango armadako bozeramaile Athar Abbas jeneralak. «Gure tropak eskualde horretan zabaltzen hasi direnetik, azkar egiten ari gara aurrera», gaineratu du izenik eman nahi izan ez duen beste armadaburu batek. Erasoaren fase hori hasi aitzin, Pakistango gerra hegazkinek Malam Jabbako eski estazioaren inguruak bonbardatu zituzten herenegun eta atzo.
Malam Jabbako eski estazioa Pakistango turismo gune preziatuena izandakoa da. Alabaina, gaur egun muturreko islamistak dira jaun eta jabe bertan.
Iragan otsailean, NWFP Ipar-Mendebaldeko Mugako Probintziako eta Islamabadeko agintariek bake akordioa sinatu zuten talibanekin. Itun hori urratzea leporatu die Gobernuak talibanei, Swatekin muga egiten duten Burner eta Dirko barrutietara zabaldu ondotik. Egoera horri aurre egiteko, Pakistango armadak erasoaldi zabal bati ekin zion joan den apirilaren 26an.
Mingorako (Swateko hiriburua) eta Malam Jabbako inguruetan izandako borrokak ez ziren bakarrak izan atzokoan. Pakistango armadak, izan ere, Imam Dehri eskualdea bonbardatu zuen. Swateko talibanen buruzagia, Maulama Fazullah,eskualde horretan ezkutatzen dela uste du Gobernuak. Fazullah Al Kaedarekin eskuz esku dabilela uste dute AEBetako zerbitzu sekretuek.
Bestalde, AEBen eskifaiarik gabeko hegazkinek zortzi lagun hil zituzten Hego Waziristanen. Erasoa Wana herritik gertu izan zen. Larunbatean, bost lagun hilzituzten AEBek.
Gehiegikeriak, bi aldeetan
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen goi mandatariak herenegun egin zuen bezala, HRW Human Rights Watch giza eskubideen defentsarako erakundeak gatazkak biktima zibilak eragin dituela salatu du. Horren erantzule bi aldeak egin ditu; bai armadak, bai talibanek zibilen aurkako gehiegikeriak egin dituzte.
«Zibilak giza ezkutu gisa erabiltzen badituzte ere, eta jendea exekutatu badute ere, horrek ez dio armadari nolanahi jarduteko eskubidea ematen», adierazi du Asiarako HRWen zuzendariak, Brad Adamsek. Giza eskubideen defentsarako erakundearen arduradunak eman du zibilen egoeraren berri: «Jaso ditugun zenbait daturen arabera, Pakistango armadak egindako aire erasoetan zibil ugari hil dira, baita etxebizitza asko eta asko suntsitu ere». Gerrillari islamistei dagokienez, honako hau gaineratu du HRWek: «Talibanekminak jartzen dituzte herri inguruetan, zibilek ez dezaten ihes egin. Giza ezkutu gisa baliatzen dituzte herritarrak».
Hala eta guztiz ere, ehunka mila dira Swat haranetik eta NWFPko beste barruti batzuetatik azken bi asteetan ihes egin duten herritarrak. UNHCRk herenegun jakinarazi zuenez, hil honen hasieratik gutxienez360.000 lagun iritsi dira haren ardurapean diren babesguneetara. Aurretik 500.000 iheslari ziren errefuxiatu gune horietan. Pakistango armadak, bestalde, urte hasieratik euren bizilekuetatik ihes egi behar izan dutenak 1,3 milioi lagun direla azaldu du.
Datu horiek guztiek herrialdea «giza hondamendi handi baten atarian» dela erakusten dute, UNHCR-ren arabera.
Armada talibanen azken gotorlekuari erasotzen hasi da Pakistango Swat ibarrean
AEBen eskifaiarik gabeko hegazkinek zortzi lagun hil dituzte Hego Waziristanen egindako erasoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu