Soldaduak elurteari aurre egiteko beharrezko ekipamendurik gabe bidali zituzten. Hala onartu zuen atzo Defentsa Ministerioak. Hori dela-eta, Armadak kargutik kendu ditu hainbat ofizial. «Egun horretako eguraldia ikusita, ibilaldia bertan behera utzi behar zuten arduradunek», salatu zuen atzo Juan Emilio Cheyre armadaburuak.
Andeetako Los Barros aterpetxean babestu ziren 112 soldadu salbatu zituen atzo Armadak. Era berean, beste 16 soldaduren gorpuak aurkitu zituzten. Beste 29k desagertuta jarraitzen dute. 485 gizonek osatutako batailoi bateko kideak ziren guztiak. Gehienak 19 urte ingurukoak. Etxerako bidean hasi zen ekaitzak harrapatu zituen eta ezin izan zuten ibilaldiarekin jarraitu. Inguru hartan zero azpitik 10 eta 25 gradu artean daude. Cheyrek berak onartu zuen desagertutakoak bizirik aurkitzeko aukera gutxi direla. «Armadak ez du ezer ezkutatu eta ez du ezkutatuko. Gure lagunak aurkitzea da helburua, haiek bizirik edo hilda egon». Familiek gertatutakoa argitzeko eskatu dute.
TXILE
Armadak 16 soldaduren gorpuak aurkitu ditu, baina 29 galduta daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu