MAURITANIA

Armadak estatu kolpea eman du, demokrazia ezartzea hitzemanez

Saudi Arabiatik bueltan, Nigerrera egin du ihes Uld Taia presidenteak

Agentziak
NUAKCHOT
2005eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Estatu kolpea eman zuen atzo Mauritaniako Armadak. Mauia Uld Sid'Ahmed Taia presidentearen «aginte totalitarioa amaitu» eta «benetako instituzio demokratikoak» eratzeko asmoa zuela iragarri zuen Armadak. Uld Taia presidentea Saudi Arabiatik bueltan zela egin zuten estatu kolpea. Fahd errege zenaren hiletetan parte hartzera joan zen hara Mauritaniako presidentea. Estatu kolpearen berri jakin ostean, azken 21 urteotan agintean egon den Uld Taiak Nigerrera egin zuen ihes.

AMI prentsa agentziaren bitartez zabaldutako agiri batean, Justiziaren eta Demokraziaren aldeko Kontseilu Militarrak hauxe zehaztu zuen: «Gure herriak jasan behar izan duen politika totalitarioa amaitzea erabaki dute aho batez Armadak eta segurtasun indarrek. Kontseilu honetako kideok, Mauritaniako herriaren aurrean, buruzagitza demokratiko, ireki eta gardena eratzeko baldintzak bultzatuko ditugula hitz ematen dugu, herritarrek eta politikariek askatasunean hitz egiteko aukera izan dezaten». Agintean bi urte baino gehiago ez dituztela igaroko ere adierazi zuten erakundeko kideek.

Mugak eta aireportua, itxita

Guardia presidentzialeko koronel Mohamed Uld Abdel-Haziz koronela, antza, atzoko estatu kolpean partaide izan zen. Mauia Uld Sid'Ahmed Taia presidentearekin zuzeneko harremana zuen hark.

Estatu kolpea atzo goizeko 05:00etan (07:00ak Euskal Herrian) eman zuten Guardia presidentzialeko eta Armadako kideek. Telebista eta irrati publikoa kontrolpean hartu zituzten. Mugak eta Nuakchoteko aireportua itxi egin zituzten. Tiroketak entzun ziren kaleetan, baina ez zuten zehaztu biktimarik egon ote zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.