Armadak kristau koptoen aurka tiro egin izana ukatu du Egiptoko Junta Militarrak

Gobernuaren dimisioa eskatu dute Egiptoko kristauek; AEBek trantsizioak aurrera egin behar duela diote

2011ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Iragan igandean Egipton koptoen eta indar armatuen arteko liskarretan hil ziren lagunen gorpu gehienek bala zauriak eta harrapatze aztarnak dituztela jakinarazi dute osasun zerbitzuek. 24 lagun hil zituzten, eta 300dik gora zauritu. Armadak, baina, ebidentziak ukatu eta koptoen aurka tiro egin ez zuela dio. «Armadak ez du sekula zibilen aurka tirorik egin», adierazi du Adel Emara Indar Armatuen Kontseilu Goreneko bozeramaileak.

Guztia trantsizioa oztopatzeko konplot bat dela dio Junta Militarrak. Telebista kate guztietan eman zuten tanke batek nola egiten zuen aurrera jendetzaren gainetik. Baina halakorik gertatu bazen arduradunak «beste batzuk» izan zirela adierazi du Emarak, izenik aipatu gabe. «Ez gaude hemen inori errua botatzeko», argitu du militarrak prentsaurrekoaren hasieran, baina armadari eraso egiten lehenak zibilak izan zirela azaldu du, handik gutxira. «Manifestariak lehenik harriekin eraso egin zieten tankeei, eta gero zibil bat tanke batean sartu zen, eta jendearen eta autoen gainetik pasatu zen». Junta Militarraren arabera, «atzerriko esku hartzea arrazoitzeko» indarkeria sustatzen ari dira hainbat, nortzuk diren argitu nahi izan ez duen arren.

Prentsaurrekoan errua zibilena izan zela arrazoitzeko hainbat bideo erakutsi dizkiete kazetariei. Indarkeria egoera koptoen artean zirenek sustatu zutela defendatu dute. Kazetarien galderarik, baina ez dute onartu. Horrez gain, 24 biktimen artean militarrak ere badaudela jakinarazi dute, baina ez dute zenbatekoa argitu, «Indar Armatuen morala ez kaltetzeko».

Koptoak erantzun eske

Egiptoko kristauen arduradunek, berriz, gobernuaren dimisioa eskatu dute, igandeko krisia bideratzeko gai izan ez direlako. Esam Sharafen gobernua herrialdean jazotako liskarrak kontrolatzeko gai izan ez dela kritikatu du Sherif Dossek, Egiptoko Koptoen Erakundeko presidenteak. «Sharafek, kristauon konfiantza galdu du», adierazi du, eta gobernuari erantzun bat eskatu dio.

Horrez gain, otsailean Hosni Mubarak presidente ohia boteretik kanporatu zutenetik hainbatetan ministroen kontseiluarekin biltzen saiatu direla jakinarazi du Dossek, baina agintariek atzeratu egin dutela beti bilera hori. «Gure arazoak azaldu nahi dizkiogu, baina orain arte gobernuak ez ditu egindako promesak bete». Egiptoko herritarren %10 soilik da kristaua, eta erregimeneko burua erori zenetik liskar gogorrenen protagonista izan dira koptoak.

Asuad probintziako gobernadorea ikertzeko ere eskatu dute koptoek, bestalde. Izan ere, irailaren 30ean probintzia horretan kristau koptoen eliza bati eraso egin ziotelako egin zuten igandeko protesta Kairon.

Trantsizioa aurrera

AEBetako Gobernuak bitartean, igandeko gertakariak trantsizioa oztopatzeko aitzakia izan ezin dutela adierazi dute. «Igandeko sarraskiak agerian uzten du Egipton trantsizio honetatik herritar guztien eskubideak errespetatuko dituen demokrazia eraiki behar dela».

Dena den, Egiptoko Gobernuak gertatutakoa ikertzeko komisio bat eratu izana baloratu du Etxe Zuriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.