Armadako buruak eta hiru buruzagik kargua utzi dute Turkian

Gobernuak betoa jarri die hamazazpi militarri, eta armada ez dago ados; astelehenean bilduko dira bi aldeak

Erredakzioa
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Turkiako armada kinka larrian da, goi kargudun lau militarrek euren dimisioa aurkeztu baitute. Isik Kosaner armadako burua eta lurreko, aireko eta itsasoko armaden buruzagiak izan dira euren karguari muzin egin diotenak, Recep Tajip Erdoganen gobernuarekin dituzten desadostasunengatik. Laurek iaz hartu zuten kargua, eta beste urtebete geratzen zitzaien. Orain, erretiroa eskatu dute.

Turkiako Kontseilu Militarrak duela bi egun izan zuen bilera gobernuko kideekin, armadako zein kideri kargua igo erabakitzeko. Gobernuak hamazazpi militarri aukera hori kendu nahi die, 2003ko estatu kolpe saioagatik inputaturik daudelako. Armada, ordea, horren aurka agertu da, eta horregatik aurkeztu dute euren dimisioa goi kargudun lau militar horiek. «Beharrezkoa zela iruditu zait», adierazi du Kosanerrek.

Datorren astelehenean militarrak gobernuarekin biltzekoak dira berriro, euren proposamenak aurkeztu eta denen artean maila igoeren inguruan adostasuna lortzeko. Orain, ordea, zaila izango dute aukeraketa. Izan ere, Erdoganek baztertu nahi dituen hamazazpiak eta dimisioa aurkeztu duten laurak kontuan izanik, ia ez da geratzen armadaren kargu egiteko adinako maila duen militarrik.

Iaz, 50 militar inguru atxilotu zituzten Turkian, duela zortzi urte —Erdogan boterera ailegatu zenean— gobernuaren aurkako kanpaina martxan jarri izana eta estatu kolpe saioa egin nahi izatea egotzita. Orain, gobernuak betoa ezarri nahi dien hamazazpi militarrak kasu horrengatik daude inputatuta.

Bigarren armada handiena

Turkiako armada NATOren bigarren handiena da, eta munduko handienetakoa –miloi bat militar baino gehiagoz osatuta dago—.Gainera, gizonezkoak beharturik daude zerbitzu militarrak egitera, urtebete inguru kasuaren arabera. Hala, herrialdea nahiko militarizaturik dago, eta industria militarrak ere garrantzi handia hartu du azken urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.