Siriako oposizioko talde armatuek armadaren aireko base militarrak hartu dituzte jomugatzat azken egunotan. Herrialdearen ekialdekoAbu Kamal aireko base militarra —Irakeko mugatik oso gertu—, esaterako, kontrolpean dutela baieztatu du egoitza Londresen duen Siriako Giza Eskubideen Behatokiak. Gainera, armadaren hegazkinak lurrera botatzeko moduko misilez jabetu direla adierazi du behatokiak. Haren arabera, matxinoek armadako hamasei kide harrapatu dituzte bertan, eta haien burua hil dute.
Bestalde, herrialdearen ipar-mendebaldeko Idlib probintziako Abu Zohur aireko base militarra ere kontrolpean hartu dutela jakinarazi du Siriako Armada Askeak. Damaskok berriz, gezurtatu egin ditu oposizioko taldeen bertsioak, eta telebista publikoak jakinarazi du armadak Alepo ondoko Rasm al-Abboud aireko base militarraren kontrola berreskuratu duela «terroristak» atzera bota ostean. Nahasgarria da aireko base militarren inguruan iristen den informazioa, Damaskok nazioarteko kazetariei herrialdean sartzeko jarritako debekuak ezinezko egiten baitu Mendebaldera iristen den informazioa egiaztatzea.
Oposizioaren arabera, armadaren bonbardaketek jarraitzen dute bai hiriburuan eta baita Alepon ere, herrialdeko bigarren hiri nagusian. Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, 100 lagunetik gora hil zituzten atzo, gehienak Damaskon eta hiriburuaren inguruetan. Bestalde, Baxar al-Assad presidentearen gobernuak jakinarazi du 225 preso aske laga dituela Damaskon, «odol deliturik bakoak denak». Gobernuak maiztasunez askatzen ditu odol deliturik bako presoak, baina oposizioaren arabera, Siriako espetxeetan milaka lagunek jarraitzen dute preso.
Bestetik, gerrak eragindako iheslari kopuru handia zailtasunak eragiten ari da auzoko herrialdeetan. Atzo bertan, Jordaniako Gobernuak 557 milioi euroko diru laguntza emateko eskatu zion nazioarteari, 177.000 errefuxiatuk sortzen dituzten gastuei aurre egin ahal izateko. «Jordaniako Gobernua ez da gai Siriako iheslarien gastuei aurre egiteko», aitortu du Yaafer Hasan Planifikazio eta Nazioarteko Lankidetza ministroak prentsaurrekoan, ondoan UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Ammango ordezkari Andrew Harpe zuela. Egunean 1.500 lagunek gurutzatzen dute Siria eta Jordania arteko muga, gerratik ihesi.
«Aukera errealista»
Bien bitartean, nazioartean Siriako gatazkari buruzko borroka diplomatikoak jarraitzen du. Eguenean Egiptoko presidente Mohamed Mursik NAM Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren Teherango goi bileran esandakoek sutan jarri zuen Damasko. Al-Assaden agintea «zapaltzailea» dela esan zuen. Barikuan, berriz, arma astunik ez erabiltzeko eskatu zion Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak Al-Assadi, eta horrek ere haserretu egin zuen Damasko, baina ez bera bakarrik.
Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ere haserre erantzun zuen atzo. «Gure kideek esaten dute gobernua izan behar dela bere soldaduak eta armak kaleetatik ateratzen lehena, eta baldintza hori betetakoan bakarrik eskatzen diote oposizioari gauza bera egiteko. Bada, eskema horrek ez du ezertarako balio».
Dena dela, Moskuk argi laga nahi izan du bere jarrerarekin ez dela Al-Assaden boterea babesten ari. «Siriako gatazkan ez gabiltza erregimen bat edo norbanako bat babesten. Aukera errealista batean oinarritzen ari gara gure jarrera, horixe da dena», argitu du Lavrovek.
Armadaren aireko base militarrak kontrolatzeko borrokak gogortu dira Sirian
Baxar al-Assad presidenteak aske laga ditu «odol deliturik bako» 225 preso Damaskon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu