Protestak herrialde arabiarretan

Armadaren eta desertoreen arteko borrokak gogortu dira Sirian, Turkiako mugan

Gutxienez, 31 lagun hil dira; NBEren arabera, martxotik, protestak hasi zirenetik, 2.900 dira gatazkan hildakoak

2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Sirian, armadaren eta desertoreen arteko borrokak gogortu egin dira azken orduetan. Atzo Turkiarekin muga egiten duen eskualde batean, Idleb eskualdean, eraso bortitzak egin zituzten bi aldeek, eta gutxienez 31 lagun hil zituztela jakinarazi zuen Siriako Giza Eskubideen Behatokiak. Horietatik lau gutxienez soldaduak zirela jakinarazi dute, eta gainontzekoak, zibilak eta desertoreak.

Desertoreak harrapatzeko, Jabal Zauija inguruko hainbat herritan sartu dira Bashar al Assaden indarrak. Izan ere, armada utzi dutenak 1.000tik gora izan daitezkeela dio oposizioak. Batik bat, Hims eta Hama eskualdeetako soldaduek egin dute bat oposizioarekin. Han izan dituzte, hain justu, liskarrik gogorrenak. Dena den, Turkiarekin muga egiten duen eskualdea oso menditsua dela argitu du Rami Abderrahman Siriako Giza Eskubideen Behatokiko buruak, eta erraza dela han ezkutatzea.

Lekukoek diote eskualde osoan geroz eta handiagoa dela armadaren presentzia. Errepideetan kontrol guneak jarri dituzte, eta iheslariak harrapatuta geratu dira. Hori horrela, eskualdean egoera geroz eta larriagoa dela jakinarazi dute.

Liskarrek ez dute etenik Sirian, eta hildakoen kopuruak ere gora eta gora egiten du etengabe. NBE Nazio Batuen Erakundeak dio Al Assaden aurkako matxinadak jada 2.900 hildako baino gehiago eragin dituela. Horrez gain, 7.600 lagun inguruk babes bila Turkiako muga zeharkatu dute, eta beste 4.000k Libanokoa.

Oposizioa kontu eske

Bestalde, oposizioko kideek euren haserrea adierazi diete Txinari eta Errusiari, NBEren Segurtasun Kontseiluan Siriaren aurkako ebazpenari betoa jartzeagatik. Ebazpena leundu, eta testutik zigor hitza kendu zuten Europako herrialdeek betoa saihesteko, baina Errusiak eta Txinak azaldu dute Libian gertatutakoa ez dutela errepikatu nahi, eta horregatik eman diotela ezezkoa proposamenari. Nazioarteak bizkar eman diela kexu dira, ordea, oposizioaren aldekoak.

«Orain badakigu inork ez gaituela lagunduko. Bakarrik gaude erregimeneko indarren aurka», zioen Himsen herritar batek, etsita. Beste batek, berriz, indarkeria beste biderik geratzen ez zaiela esan du. Hain justu, NBEk ebazpena onartu ez izanak indarkeria areagotu du herrialdean, oposizioko askok uste baitute nazioartearen laguntzarik gabe indarrez baizik ezingo dutela Al Assad boteretik kanporatu. Gobernuz kanpoko erakundeek jakinarazi dute sendagaien edo janariaren ordez orain armak eskatzen dizkietela herritarrek, eta horrek agerian uzten du oposizioaren lehentasunak aldatu egin direla. Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko buruzagi Burhan Gailunek ere betoak indarkeria areagotzen duela adierazi du.

Hillary Clinton AEBetako idazkari nagusiak, bestalde, siriarrei azalpenak emateko eskatu die Txinari eta Errusiari. Izan ere, oposizioa «etsita» utzi dutela ohartarazi die. Horrez gain, salatu du NBEk ez dituela bete bere ardurak. NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek ere «sarraskia» saihesteko erakundeak duen «betebehar morala» gogorarazi du.

Erregimenak, aldiz, Txinaren eta Errusiaren erabakia ospatu du, «Siriako barne arazoetan nazioarteak muturra sartzea» saihestu dutelako. Hori horrela, «herrialdea demokratizatzeko» iragarri dituen neurriak ezarri ahalko dituztela diote. Datorren abenduaren 12an udal hauteskundeak egingo dituzte.

EB Europako Batasunak iragarri du, berriz, Siriaren aurkako zigorrak indartuko dituela. Turkiak ere bere aldetik zigorrak ezartzea erabaki du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.